Erreportajeak

Ikuskizun hau barrura begiratzeko ariketa izatea nahi dugu; gogoeta egiteko eta elkarrizketa sortzeko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:22

Kimua Dantza Kolektiboko kideak, 'GenEroa' ikuskizunean, Gaztelun. Argazkia: Unai Sorarrain

Kimua Dantza Kolektiboak 'GenEroa' emanaldia aurkeztuko du bihar, Atsegindegin, 19:00etan. Generoa erdigunean jarrita, hausnarketa egitea proposatuko diote ikusleari. Amaieran, sorpresa txiki bat ere izango da, gonbidatu hernaniar batekin.

Iraileko kultur agendaren barruan, Kimua Dantza Kolektiboak GenEroa ikuskizuna eskainiko du bihar, Atsegindegin. Arratsaldeko 19:00etan jarri dute horretarako hitzordua, eta ikusleek «bidaia» batean murgiltzeko aukera izango dutela aurreratu du Garazi Egiguren Urkiolak, taldeko dantzariak eta kideak.

 

Generoa duzue hizpide.

Bai. Pil-pilean dago gaia eta alor horretan aurrerapauso haundiak eman direneko sentsazioa dugu. Dena den, oker genbiltzala ikusi genuen. Izan ere, gizartean oso bestelako egoerak ematen dira egunero-egunero, eta larria iruditzen zaigu hori. Are gehiago, dantzariak ez ezik, kolektiboko kide gehienok hezkuntzan ere egiten dugu lan; eta, emanaldia prestatzen ari ginela, ohartu ginen gaiaz asko hitz egiten den arren, praktikan lan haundia dagoela egiteko oraindik.

Hari horri tiraka, guretzat dantza eta gorputz adierazpena beste komunikazio tresna bat denez, generoa erdigunean jarrita, gai hori nola landuko genukeen galdetu genion geure buruari. Eta horixe izan da gure erronka emanaldi honetan.

 

'GenEroa': Gene eta Eroa. Zer esan nahi duzue horrekin?

300 mila milioi gene ditugu eta, horrenbestez, pertsonoi ezaugarri askok ezberdintzen gaituzte. Edonola ere, eta asko laburbilduz, harrigarria da ikustea zer nolako eragina, inpaktua eta ondorioak dituen gizartean ezaugarri zehatz batek, alegia, gene batek. Testikuluen garapenak, sexuak, zergatik du horrenbesteko indarra? Ile kolorea, altuera… ezaugarri asko ditugu, baina sexuak inpaktu haundia du.

Zein da mezua?

Kale ikuskizuna da, eta dantza, olerkia, bertsoa eta testua ditu oinarri. Generoak dituen alorren gaineko hausnarketa proposatzen dio ikusleari. Horrekin lotuta, gure helburua da generoaren ertzak dantzaren eta hitzaren bidez ezagutaraztea.

Gai hori hizpide, gure asmoa da, erantzunak ematea baino, galderak sortzea eta hausnarketara bideratzea. Ez dugu inolako pentsamolderik inposatu nahi. Bizi dugun egoera zein den ikusita, ikuskizun hau barrura begiratzeko ariketa izatea nahi dugu; eta, gero, ekitaldia amaitu ostean, ikuslek etxean, familiartean, lagunartean, gogoeta eta elkarrizketa sortzea. Hau da, izandako inpresioen eta sentsazioen gainean elkartrukea eta eztabaida piztea nahi dugu.

Horrekin batera, proiektu honekin, gure nahia da gogoeta guztia emanaldiak irauten duen ordubete inguru horretan ez gelditzea; alderantziz, jarraipena izatea nahi dugu.  Gaiak guztiongan du eragina eta guztioi sorrarazten dizkigu motxila emozionalak. Beraz, kolektiboko kide guztiok dantzaren eta testuen bidez proposatzen duguna da kateak haustea eta dantza librea eta askea egitea.

Zein helbururekin txertatu dituzue testuak?

Ekaitz Goikoetxea beasaindarrarenak dira. Hasiera-hasieratik, gure nahia zen testua eta gorputz adierazpena uztartzea. Esan beharra daukat oso gustura aritu garela Ekaitzekin lanean; marabilla ari da izaten berarekin egotea. Eskarmentu haundia du gai honetan, eta testu asko ditu idatzita generoaren bueltan.

 

Zer ikusiko dute ikusleek?

Bidaia bat eszenifikatu dugu. Hori horrela, ikuskizunaren lehen atala sorrera da. Izan ere, bizitzan, hasiera batean, ez dago inolako bereizketa ikasirik, purua da guztia. Hau da, mugitzeko modua edota adierazpena, ez daude markatuta edo aurrez ikasita. Eta, guk, ikuskizunean, uniformetasun batean irudikatu dugu jaiotza momentua. Baina, gero, berehala, genitalen eta sexuaren arabera banatzen gaituzte. Klasifikatu egiten gaituzte, eta baldintzatu ere, hitz egiteko edo mugitzeko moduan.

Generoaren auzi honek esparru askotan du eragina eta guztioi baldintzatzen gaitu. Adibide gisa, estereotipoek dituzten ondorioak aipa genitzake; anorexia eta bulimia, esaterako. Horrez gain, emakumezkoetan eta gizonezkoetan ezarrita dauden roletan ere eragina du generoak. Gizonezkoetan, adibidez, sentiberatasuna eta emozioen adierazpena oso erreprimituta daude. Horrekin batera, anbizio profesionalak ere aipa genitzake. Eta horren bueltan daude indarkeria matxista, sexismoa, harreman ereduak, binarismoa, transgeneroa izatea, eta abar.   

Beraz, ikuskizunean hainbat une edo momentu ikusiko dira. Hasiera jaiotza da eta, ondoren, gizarteko arauek inposatzen dutenaren arabera, bizitzako beste hainbat une, momentu edo etapa irudikatuko ditugu. 

Gainera, amaieran,  sorpresa txiki bat izango dugu. Ikuskizun bakoitzean, saiatu gara herri bakoitzean gonbidatu berezia izaten. Hasieran, dantza bakoitzean, publikoak modu generikoan ikusiko du bere burua islatuta; baina, gero, hernaniar batengana gerturatuko gara, gobidatu bereziarengana, eta bere bizipenenetatik abiatuta, saiatuko gara ikusle bakoitza oraindik eta identifikatutagoa sentitzen ikusten eta entzuten duen horrekin.

 

Esan daiteke, beraz, koreografia bakoitza etapa bat dela?

Bai, hori da. Emanaldia oso bizia da eta jaiotzako momentutik abiatuta, bizitzako etapak irudikatzen ditugu. Azaltzen dugu bizitzan nola ikasten eta eraikitzen dugun. Zehatzagoak izateko, emakumea edo gizona izateak gizarte honetan zein ondorio dituen kontatzen ditugu. Eta, jarraian, horren guztiaren desikasketa proposatzen dugu.

 

Zaila al da hori guztia oholtza gainean azaleratzea?

Oso gai potoloa da generoarena, eta askorako ematen du. Gu saiatzen gara, sinbolikoki, hainbat esparru lantzen. Baina, problematika horrek esparru haundia biltzen du eta lanketa haundia dago oraindik egiteko. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu hezkuntzan ere hau guztia lantzea eta bide hori jarraitzea. Aurrera begira, kale ikuskizuneko formatua ez ezik, asmoa dugu antzokirako egokitzapena ere egitea.

 

Etorkizunari begira, dantza auzi honetarako konponbidea izan daitekeela uste al duzue?

Bai. Diskurtsoak oso ikasita ditugu, eta nahiko erraza da sentitzen ez dugun zerbait hitzekin adieraztea. Nolanahi ere, gorputza mugitzeko modua oraindik ez dugu hain ikasita, eta gure ustez, oso espresio zintzoa da.

Askotan, hitzen bidez esateko gai ez garen hori mugimenduekin adierazten dugu. Horregatik, garrantzitsua da gorputz adierazpena kontrolatzea. Asmo horrekin, Kultura Eskola katalogoan parte hartuko dugu. Interesa duten ikastolek, aukera dute katalogoan izena emateko eta ikasleekin, dantza ikuskizun honetatik abiatuta, gurekin saio bat lantzeko. Hainbat dinamika uztartuko ditugu; besteak beste, gorputzaren mugimendua, espresioa, hausnarketa, eta abar.

 

Gogotsu, Hernanira etortzeko?

Bai, oso. Hau guztia oparia ari da izaten guretzat. Duela urtebete hasi ginen kolektiboarekin. Beldur ginen pandemiagatik, eta ziurgabetasuna eta tentsioa genituen. Orain, oso ilusionatuta eta asebeteta gaude jasotako erantzunarekin. Gainera, deigarria iruditzen zaigu, kasu batzuetan,  jendeak behin baino gehiagotan ikusten duela emanaldia. Esaten digute saio bakoitzean alderdi batean sakondu eta etxeko lanak izaten dituztela; alegia, ikusitakoa prozesatzen eta elkarbanatzen aritzen direla etxean. Atzera begira, nork esango zuen aurtengo iraila inguruan, gure herrietan eta plazaz plaza aritzeko aukera izango genukeenik... Oso eskertuta gaude, benetan!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!