Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatuko da bihar, Donostiako uretan, eta aurreko igandean eta bihar beteko dira 50 urte Hernaniko traineruak lehenengo aldiz parte hartu zuela urteko estropadarik garrantzitsuenean. 1971garren urtea zen, eta, Pedro Indo patroiaren gidaritzapean, Hernanik zazpigarren amaitu zuen sailkapenean.
Juan Bautista Larburu traineru horretako arraunlaria zen eta Hernaniko arraunaren historia berak baino hobeto ez du inork ezagutzen. Arraunlari gisa hasi zuen bere ibilbidea Hernanin, eta postu guztiak pasa ditu: arraunlari, entrenatzaile, patroi, presidente eta zuzendaritza taldeko kide. Hernaniko arraun taldearen historia Batis Larbururi dago zuzen-zuzen lotua.
Hasiera haiek nola izan ziren, traineruaren uretaratzea eta Kontxako Banderan 1971garren urteko lehenengo partaidetza hura nola izan zen gogoratu dio Kronikari. «Evaristo Gonzalezek animatuta, 1971n, biok trainerua osatu genuen Martuteneko trainerillan aritzen ziren arraunlariekin. Elkartu ginen eta trainerua osatu genuen. Gu, kopuru aldetik, gehiago ginen. Martuteneko trainerillakoak ziren Pedro Indo patroia, Kontxan gidatu ziguna, bere bi semeak besteak beste, eta Hernaniko trainerilakoak Claudio Etxeberria historikoaren anaiak Michelinen egiten zuen lan eta 1971ko partaide zen, baita nire anaia, Pedro Aizpurua, Irurtia, Illarramendi... besteak beste».
Hernanik zazpigarren amaitu zuen bi jardunaldietako estropadan. Larburu ez da ongi gogoratzen nola pasa ziren bi jardunaldiak, baina oroitzen du garai haietan biltzen zen jendetza. «Izugarrizko jendetza joaten zen estropada ikustera eta urte horretan ere horrela izan zen. Gainera, Donostiako C.A.T.k (Centro Atracción y Turismo) jartzen zituen traineruak». 360 kilo pisatu zituen Hernanirenak. Itsasoa ez zuten lagun izan, bi egunetako denbora 50 minutu eta 43 segundukoa izan baitzen. Oriok irabazi zuen bandera eta, ondoren, sailkatu ziren Lasarte, San Pedro, Donosti, Arraun, Hondarribi, Hernani eta Zuberoa. Bigarren igandean, itsasoa zakarragoa zegoen eta Hernanik 27:12ko denbora egin zuen.
Arraun taldea 1964garren urtean sortu zuen Evaristo Gonzalezek
Historikoak izan ziren bi igande horiek, 1971garren urteko irailaren 5a eta 12a. Hori gertatzeko, aurretik beste pauso batzuk eman behar izan zituen taldeak.
«Arraun taldea 1964garren urtean sortu zuen Evaristo Gonzalezek eta, berarekin batera, hainbat mutil aritu ziren batelean eta trainerillan arraunean. Gainera, aulki mugikorreko biko ontzi bat zegoen», dio Larburuk.
Orduko batel estropadei jarraitzen bazaio ikusi daiteke Hernaniko taldean nortzuk aritu ziren arraunean. Hernaniko arraunlariak neguan hasi ziren batel batekin entrenatzen, eta Andoaingo estropadan lehiatu ziren maiatzean. Ordurako, Hernaniren koloreak debekatutako ikurriñarenak ziren; berdea, zuria eta gorria, aurrealdean Hernani izena zuela.
Andoaingo emaitza edozein izanda ere, Hernanik Gipuzkoako trainerilla ligaren bosgarren edizioan parte hartu nahi zuen. Liga jokatzeko hamar arraunlari zituzten izena emanda; horien artean, Jose Maria Iturralde patroia, Evaristo Gonzalez, Angel Maria Azkue, Jose Ignacio Azkue, Patxi Aizpurua, Juan Miguel Erdozia, Carmelo Sanchiz, Felipe Aizpurua eta Segundo Alejos.
Hala ere, ezin zuten trainerillen ligan parte hartu, ligaxkaren antolatzaile zen C.A.T.k ez baitzien ontzia utzi. Hainbat eskaera jaso baitzituen, baina, azkenean, ez zuen nahikoa ontzirik partehartzaile guztientzat. Hernani Jaizkibelgo trainerilla batekin entrenatzen ari zen, baina beste bat lortu zuten Orion, Olidentarren jabetzakoa, eta antolatzaileak konbentzitu zituzten haiek ematen ez zuten ontzi batekin parte hartzen uzteko. Eta lortu zuten.
Ligaxkako txapeldunak Ohorezko bandera bat jasotzen zuen. Beraz, 1964ko ekainaren 21ean jokatu zuten lehen estropada Donostian, ligaxkako lehen jardunaldia. Azkenak izan ziren, hurrengo bi probetan bezala, laugarren proban postu bat berreskuratzeko gai izan ziren arren. Hurrengo bi estropadetan, Zarautzen, eta gero Pasaian ere, azkenak izan ziren eta Getarian erretiratu egin behar izan zuten abordatze batengatik. Azken bi estropadetan, berriz ere azkenak izan ziren eta 17 punturekin bukatu zuten liga. Erabilitako ontziak Urumea zuen izena.
Ondorengo urteetan, trainerillan aritu ziren eta traineruan ere entrenamenduak egin zituzten; baina, Kontxako estropadetan ez zen Hernaniko ontzirik aritu aipaturiko 1971garren urtera arte. Ibilbidea ez zen hor geratu eta Hernaniren urrezko hamarkadaren hasiera besterik ez zen izan. Hala ere, 1972garren urtean ez zen trainerurik ureratu. «Lauzpabost arraunlari soldaduskara joan ziren eta ezin izan genuen ontzirik atera».
Urte horretan lehendabizikoz sailkapen estropadak hasi ziren jokatzen Donostiako Estropadan. Hasieran, Hondarribiako uretan antolatzen zen, 1972ko abuztuaren hasieran, bertako banderarekin batera; eta, gero, errepeska bat egiten zen abuztuaren erdialdera, Gipuzkoatik kanpoko traineruekin. Aurreneko estropadan seigarren eta zazpigarren geratu ziren txalupekin.
1973an gazte koadrila batek berpiztu zuen arrauna Hernanin eta garaile izan ziren Kontxan
Hurrengo urtean, gauzak goitik behera aldatu ziren Hernaniko taldean. «Herriko koadrila bateko zortzi-hamar mutil batera hasi ziren arraunean. Joxe Etxabe, Pako Lujanbio Apari, Santa Kruz bixkiak, Txemari Aranburu, Juan Ramon Zabaleta Baldo, Santi Lujanbio... Eta, horiekin batera, Bixente Primo, Alonso, Alejos anaiak...».
Kontxarako sailkatzea lortu zuten eta, lehenengo aldiz, talde bakoitzak bere trainerua eraman zezakeen. Aurreko bi urtetako postu bera, zazpigarrena, lortu zuen Hernaniko traineruak, baina Hernanira etorri zen banderaren zati haundi bat. Kontxako Bandera Lasarte Michelinek irabazi zuen eta urte haietan Lasarte Hernaniren parte ere bazen. Lasarte Michelinen hiru arraunlari hernaniar zeuden: Jose Luis eta Miguel Mercader eta Jose Luis Lasarte.
Hernaniko kluba bere bidea egiten ari zen eta 1974an eman zuen askorentzat ezustekoa. «1974an ohorezko txandan sartu ginen. Gainera, aurten bezala, lehenedabiziko bostak hamar segunduko aldearen azpitik geratu ginen lehenengo jardunaldian eta bi jardunaldiak batuta laugarren egin genuen Orio, Lasarte Michelin eta Astilleroren atzetik. Oso arraunlari zailduak genituen, baserriko lanetara eta lanera ohituak», aipatzen du Larburuk.
Jose Urdambide Gorrion zen Hernaniko patroia urte horietan. 1975ean, seigarren postua lortu zuen Hernanik. 1976an, sailkapen estropadan kanpoan geratu zen. «Orduan, Hondarribian egiten zen sailkapen estropada eta alde haundiak egoten ziren zozketaren arabera irteten zinen postuaren arabera. Aurrenekoa irten eta azkenengoa irtetzen zen arte, minutuak pasatzen ziren eta aldea zegoen. Pentsa urte horretan Donostiak irabazi zuen sailkapen estropada hori eta gu bederatzigarren geratu ginen. Zortzi sailkatzen ziren orduan».
Santurtzi indartsua ere kanpoan geratu zen, eta gauza bera gertatu zitzaion 1978an, aurreko urtean irabazi ondoren eta faborito zirenean.
«Pedreñan irabazi genuen bandera desagertuta dago»
Beste urte oparoa 1977a izan zen. «Castron, Pedreñan eta Astilleron hiru bandera irabazi genituen; bata bestearen atzetik, azkeneko biak». Patroia aldatu eta Joxe Angel Lujanbiok gidatzen zuen Mañoli ontzia. Izen hori zuen traineruak Pedro Orbegozo enpresariak finantzatu zuelako, eta bere emaztearen izena zen. «Garai batean, estropadetan irabazten ziren bandera asko Espainiako banderak ziren, Kantabrian ia denak, baita Kontxako Bandera bera ere. Kalejira egin eta udaletxera banderarekin igo ginen, harrera egin ziguten eta, ondoren, desagertu egin zen».
Espainiako Traineru txapelketan hirugarren amaitu zuen Hernanik podiumera igoz. «Ez genituen entrenamenduak behar bezala egiten eta urtea ez genuen nahi bezala amaitu, nahiz eta Kontxarako sailkatu ginen. Kontxan, zazpigarren egin genuen eta denboraldi amaieran arraunlari batzuk utzi egin zuten taldea».
«Elorrabiko istripua kolpe latza izan zen»
Hala ere, berriz ere Gorrion patroi zela Hernanik trainerua atera zuen. «Urte gogorra izan zen. Elorrabiko zubiko istripuan sei pertsona hil ziren. Karmeloren omenez jarraitu egin behar genuela esan genuen. Ondo ibili ginen trajedia hura eta gero. Meritu haundiko denboraldia izan zen». Seigarren amaitu zuen Hernanik Kontxan eta Zarautzeko Ikurriñan ere maila bikaina erakutsi zuen.
Urte hori amaituta, zuzendaritza batzorde berria sartu zen Hernaniko klubean. «Proiektu berri bat zen, baina gauzatu ez zena eta trainerurik ez zen uretaratu. 1978ko urte hura izan zen azkena eta hamarkada itxi zuena. Kontxan Hernaniko trainerurik, gizonezkoetan, ez da ordutik aritu. 1979an eta 1980an ez zen trainerurik osatu, bai, ordea, 1981an, 1982an eta 1983an. Baina, 1971n hasitako hamarkada oparoa, aldiz, amaitu egin zen».
«Elorrabitik Donostiara eta gero Pasaiara»
Entrenamenduak Elorrabin egiten zituzten hasieran, baina, udara hurbildu ahala Donostiako badian entrenatzen zuen Hernanik. «Trainerua Ondarretako gabarroiari lotuta uzten genuen entrenamendua amaitzen zenean. Segundo Alejos eta Irurtia joaten ziren lotzera eta hurrengo egunean beraiek askatu eta ekartzen zuten hondartzara. Bertatik irteten ginen, batzuetan ura hustu behar izaten zela».
Ondoren, Pasaiako badian hasi ziren entrenatzen eta txalupa «San Pedroko etxe baten kanpoaldean uzten genuen. Altuna gurekin zebilen eta lokal bat lortu zigun».
Trainerua ateratzeko lanetan
90garren hamarkadan sartuta, Hernaniko klubak berriz ekin zion lanari eta 1992an, traineruan entrenatzen hasi ziren. «1993an, Donostiako sailkapen estropadan parte hartu genuen eta 1994an, urte oso ona izan genuen. B Ligako hiru bandera irabazi ziren (Koxtape, Angelu, Hondarribia), Euskal B Ligan bigarren egin zen gainera eta Kontxako sailkapen estropadan hamargarren amaitu genuen». 1995an, beste mugarri bat ezarri zen Hernaniko Arraun Elkartean. «Bi traineru uretaratu genituen. Arraunaren booma egon zen herrian eta jende asko zegoen. Pasaian jaitsiera bat irabazi zen, baina denboraldia aurrera joan ahala, taldeak beheruntz egin zuen. Prestakuntzan akatsak izan ziren».
1993tik 2002garren urtera arte, urtero atera zen gizonezkoen trainerua. 2007an ere, trainerua uretaratu zen Xabier Zabalaren agindupean. Hori izan zen azken urtea; eta, hurrengo hamarkadan, neskek hartu zuten erreleboa. Kontxako estropadetan ere aritu dira bikain 2016an eta 2017an, baina azken bi urteetan ez da posible izan. 2015etik 2019garren urtera arte, urtero izan du Hernanik trainerua nesketan eta, espero dugu ahalik eta azkarren Maialen berriz uretan ikustea».