Erreportajeak

«Gauzak beste modu batera ikusteko balioko digu honek; beste ikuspegi bat izateko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 7a, 00:00

Pello Alberdi eta Jon Rodriguez Kronikarako elkarrizketan, Tilosetan.

Datorren asteazkenean hasiko dute Pello Alberdi hernaniarrak eta Jon Rodriguez ordiziarrak Afrikarako bidea. 'Biziz' proiektua sortu dute, eta, gutxi gorabehera, 4 hilabete pasako dituzte bertako GKEetan. Ondoren, Asiara joango dira, 7 bat hilabetez ibilbidearen bigarren zatia osatzera. 

«Kanpin denda, sukalde txiki bat, lo zakua, ordenagailu portatila eta ezer gutxi gehiago». Horixe bera sartuko dute motxilan, Pello Alberdi hernaniarrak eta Jon Rodriguez ordiziarrak, urtebeteko bidaia egiteko. Datorren asteazkenen hasiko dute abentura, irailaren 15ean, eta Asia eta Afrika dituzte jomuga. Bizikletaz egingo dute ibilbide osoa; hori da, hain justu, abenturaren bitxikeria nagusia. Gainera, irteera eguna bai, baina itzulerakoa zehazki noiz izango den ez dakitela azaldu dio Pellok Kronikari; «4 hilabete Afrikan eta 6 edo 7, Asian. Denera, urtebete inguru. Baina, ez dakigu, herrialde bakoitzeko tokian tokiko egoerak markatuko du gure erritmoa». Helburua, behintzat, argi dute bi sortzaileek: «bidaian gozatzea eta gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lanari oihartzuna ematea».

Unibertsitatean ezagutu zuten elkar, eta txantxa zena egia bihurtu dela dio Pellok.  «Erdi brometan hasi ginen honekin. Karrera amaitzean, horrelako bidaia bat egingo genuela eta ez genuela... Eta, azkenean, animatu gara!». Aurreko urteko azaroan hasi zuten prozesua, eta, ordutik, astean bitan elkartu dira guztia antolatzeko. «Gauza asko dira: txertoak, baimenak, aseguru medikuak, gobernuz kanpoko erakundeekin bideodeiak... Baina, merezi izan du, gustura aritu naiz Jonekin guztia prestatzen», aipatu du. Orain, bidaia hasteko astebete falta denean, «gogotsu» dagoela ziurtatu du hernaniarrak. «Gainera, bidaiaren ardatzetako bat inprobisazioa da. Ez dakigu zer topatuko dugun herri bakoitzean, beraz, lasai goaz».

 

Gobernuz kanpoko erakundeei ahotsa, hedabideen bidez

Bartzelonan hegaldia hartu eta Johannesburgora abiatuko dira lehenik, Hegoafrikara. Bertatik, Kenyarako bidea egingo dute herriz herri, eta Zimbabwe, Mozambike, Malawi eta Tanzania zeharkatuko dituzte. Gero, Afrikako egonaldia amaitu ostean, Asiara hartuko dute hegazkina. Bertan, xedea da Thailandiatik Kirgizistanera heltzea. «Myanmar, India eta Nepal pasako ditugu. Hor, asmoa zen Afganistan eta Pakistan zeharkatzea, baina egungo egoeragatik bidea aldatu beharko dugu eta Txinatik pasako gara ziurrenik».

Bidean, herrialde horietako hainbat GKEtan egingo dute geldialdia, eta, ondoren, bertan egiten duten lana ikusi eta lau haizetara zabalduko dute. «Horixe da, hain zuzen ere, abentura horren abiapuntu nagusia», kontatu du Pellok. «Hasieran, asmoa zen soilik bidaiatzea, baina, gerora, proiektu itxura ematea erabaki genuen. Modu horretan, bidaia ez ezik, bestelako jomugak ere bete ahal izango genituen». Zehatzak izateko, hasierako ideia zen GKEtan geldialdiak egitea eta bertako zereginetan laguntzea. «Baina, beraiekin kontaktuan jarri eta esan ziguten hiru astetako edo hilabetetako egonaldietan zaila zela fundamentuz laguntzea. Laguntza baino, askotan karga izaten zela hori. Eta, beraz, beste buelta bat eman genion guztiari. Egonaldi laburrak egingo baditugu, zer egin dezakegu GKEtan laguntzeko? Bada, bertan egiten duten lana hemen, Euskal Herrian, ikusaraztea».

Eta horixe bera egingo dute. «Berria egunkariarekin jarri ginen harremanetan, eta eskuzabalik hartu gintuzten. Webgunean tartetxo bat eman digute, eta astero-astero idatziko ditugu berriak eta gertaerak. Baina, teknologia aldetik zer topatuko dugun ez dakigunez, hori ere ez dakigu nola aktualizatuko dugun. Herri bakoitzeko egoerak ahalbidetzen digunaren arabera moldatuko gara». Horrez gain, instagram kontua ere ireki dute: @2biziz. «Horrela, blogaz gain, bideoak eta irudiak partekatuko ditugu sare sozialetan».

Afrikan, orain arte, 9 erakunderen zerrenda zehaztu dute. «Denetarik dago: batzuk herriaren garapenaren alde aritzen dira lanean; eta beste batzuk, emakumeen eskubideen alde; eskolak ere badaude; eta zauritutako animaliei laguntza ematen dietenekin ere egongo gara», kontatu du Pellok.

 

Abiapuntua, jakin-mina

«Kanpora begira, Hego Amerikan, esaterako, badakigu Txile, Argentina, Brasil, eta abar daudela; Afrikaz, berriz, nik behintzat, bidaia antolatzen hasi aurretik, ezer gutxi nekien. Oso haundia dela banekien, eta iruditzen zitzaidan dena oso antzekoa zela. Sabana afrikarra, lehoiak, tribuak, eta listo. Baina, noski, hain haundia izanda, beste mila gauza ere egongo dira, eta kuriositatea nuenez, Afrika proposatu nuen», azaldu du hernaniarrak.  «Asian, aldiz, bagenekien Kirgizistan, Tajikistan eta inguru hori bizikletan ibiltzeko oso polita dela. Hori horrela, laburbilduz, horrexegatik aukeratu ditugu bi kontinente horiek».

Guztia antolatzeko, bidaia bera egin duten beste hainbat abenturazalerekin hitz egin dute Jonek eta Pellok. «Bideodeietako bat bi mexikarrekin izan genuen, eta bidaiaren nondik norakoak kontatu zizkiguten; fronteren kontua eta beste hainbat xehetasun». Hala ere, Pellok dio jasotako oinarrizko gomendioa izan zela «herrietara iristea eta bertako jendeari galdetzea». Eta horrelaxe osatuko dute ibilbidea: «heldu, galdetu eta bizikletarekin, aurrera!». Aurreratu dietenez, «300 euro inguru» utziko dituzte hilabetero. «Herrialde horiek ez dira garestiak. Kanpin denda eramango dugun arren, bertako jendeari bertan lo egin dezakegun eskatuko diegu; eta, horrez gain, eguneroko gastuak gutxi izango direlakoan gaude». 

Lurralde bakoitzeko egoera zein den aurretik aztertu dutela argitu duen arren, inprobisazioa «ardatz» izango dutela kontatu du Hernanikoak. «Estereotipo asko ditugu. Esan digute kontuz ibiltzeko eta, noski, kontuz ibiliko gara; baina, beno, lasai goaz». «Era berean, hau guztia ez nuke bakarrik egingo, baina, bi garenez, motibatuta nago. Horrek asko aldatzen du kontua». Hari horri tiraka, gizonezkoa izateak laguntzen duen ala ez galdetu diogu, eta baiezkoa eman du; «honen guztiaren berri izan zutenean, hemengo lagun batzuekin hitz egin genuen, eta emakumezkoek  esan ziguten, beraien ustez, abantaila genuela gizonezkoak izateagatik. Eta, bai, tamalez, ados nago. Zenbait herrialdetan emakumeekiko jarrera oso bortitza da, eta bi mutil garenez, alde hori guk ez dugu bizituko».

 

Bizikleta gainean, 40 kilometro egunean

Gutxi gorabehera, egunero-egunero, 40 bat kilometro egin dituztela aurreikusi dute; «ez dakigu ziur, baina hori esan digute». Kirolariak dira biak, eta «ondo» moldatuko direlakoan daude. «Biek bizikleta bera eramateko esan ziguten; arazorik izanez gero, aldatzeko materiala, adibidez, biena bera izateko. Altzairuzkoa erosi dugu,  esan zigutelako erresistenteagoa dela eta, horrenbestez,  soldatzea  eta konponketak egitea errazagoa izango da».

Eta, bestelakoan, bideari ekiteko prest daudela aipatu dute biek, Tiloseta atzealdeko eskaileretan. «Ea nola moldatzen garen. Gauzak beste modu batera ikusteko balioko digu honek. Agian, ez hobeto ez okerrago. Baina, behintzat, beste ikuspegi bat izango dugu bidaia amaitzean; beste errealitate bat ezagutuko dugu. Hemen, korrika eta presaka bizi gara eta gizarte honetatik harago zer dagoen jakin nahi dugu. Orain dugu momentua, eta gogotsu gaude lehenengo bizipenak izateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!