El Maizal komuna sozialista ezagutzeko asmotan bidaiatu zuen Ana Velez hernaniarrak Venezuelara, joan den uztailean. «Nire egitekoa izan zen bertako funtzionamendua ezagutzea eta bertakoekin elkarbanatzea», kontatu du. Etxera itzuli berri da orain, eta esperientzia «ikaragarria» izan dela aitortu dio Kronikari Askapenako kideak. «Aurretik ere, Hego Amerikako beste zenbait herrialde ezagutu ditudan arren, horrelakorik ez dut orain arte egin. Oraingo honetan, brigadista moduan bidaiatu dut, helburu politikoekin».
Denera, 25 egun igaro ditu Venezuelan; eta, horietatik, 20 inguru, El Maizalen. Eta oraindik zer den ez dakizuen horientzat, honelaxe deskribatu du Anak: «2009an sortutako komuna sozialista eta autogestionatua da, eta demokrazia zuzenean eta partaidetzan oinarritzen da. Geografikoki, Lara eta Portuguesa estatu venezolarren artean kokatzen da, Simon Planas udalerrian, 2.236 hektareako hedaduran zehar». Hain justu, komuna agropekuarioa da eta 24 kontseilu komunaletan banatzen da. Bertan, 3.000 familia baino gehiago bizi direla gehitu du hernaniarrak; alegia, 9.000 pertsona inguru.
Hugo Chavezek hasitako prozesua, bizirik oraindik
Autogobernuaren eta produkzio bideen kontrola sozializatzea jomuga dutela dio Anak. «Garapen ekonomiko jasangarria eta demokratikoa bilatzen dute. Zentzu horretan, eskualdeko desberdintasun ekonomikoak murrizteko aktore garrantzitsua da. Gainera, «antolatzeko moduagatik eta produkzio maila altuagatik», Venezuelan erreferentea dela azpimarratu du.
Hugo Chavezek hasi zuen mugimendua, eta bere irudia zein ideiak «oso presente» daude bertan. «Chavez izan zen herria komunak sortzera bultzatu zuena, eta maitasun berezia diote El Maizalen, bertako lurrak desjabetzera pertsonalki gerturatu zelako», azaldu du. «Gainera, Angel Prado Simon Planaseko alkatea PSUVeko kidea da, eta Chavezek sortu zuen alderdi hori. Horregatik guztiagatik, komunan ez dute zalantzan jartzen Chavezek sortutako komuna sozialistaren ideia dela bide bakarra». Hari beretik, El Maizal ez ezik, Venezuelan 3.230 komuna eta 45.095 kontseilu komunal ere badaudela kontatu du Anak.
«Parlamentu komunalak biltzarrean erabakitzen ditu eginbeharrak, eta guztiek partaidetza bera dute». Bide horretatik, azken 11 urteetan, komuna asko hazi eta produkzioa «indarrez» finkatu dela aipatu du brigadistak. «El Maizaleko produkzioa, nagusiki, artoan oinarritzen da. Dena den, barazkiak, kafea, kakaoa, esnea, arrautzak, ganadua eta gasa ere ekoizten dituzte. Ondoren, produkzio hori guztia sozialki banatzen da komunan bertan eta baita eskualdean ere.
Komunan, «asteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan» zeregina dagoela dio Anak. «128 langile daude nominapean; 96 El Maizalen eta 32, berriz, kanpoko beste komunetan». Egiteko guztiak multzoka banatzen dira, 14 unitatetan. Besteak beste, batzuk ganaduaz eta abeltzaintzaz arduratzen dira, beste batzuk komunako diru kontuak ikuskatzen dituzte eta beste hainbatek, barazkien eta babestutako laborantzaren gidaritza dute. «Era berean, 14 produkzio unitateez gain, baserri eskola bat ere sortu dute. Tresnen eta materialen hobekuntza lantzeaz gain, formakuntza politikoa ere sustatzen dute, betiere desberdintasun ekonomikoak eta genero desberdintasunak landuz, eredu agropekuario jasangarria sortzeko bidean».
Goizeko 03:00ak aldera jotzen du iratzargailuak El Maizalen. «Hain justu, goizeko 04:00etan, ganaduaz arduratzen diren langileak animaliak mugitzen hasten dira eta, gero, gehienez ere, azken langileak 06:00etan hasten du bere lanaldia», azaldu du. «Lanpostuetara joateko, El Maizaleko gas banatzaileen kamioiak aritzen dira garraio lanetan. Lanordu batzuen ostean, bazkaria prestatzeko zeregina duten emakumeek abisua ematen dutenean, langile guztiak elkartzen dira otordua egiteko; eta, atsedenaldia amaitzean, lanera buelta egiten dute». Jarduna arratsaldeko 16:00etan bukatzen dute, «eta langile bakoitza ahal duen moduan itzultzen da etxera».
Baina urte sasoien arabera, lanaldia «asko» aldatzen dela dio hernaniarrak. «Artoaren uzta garaian, adibidez, langileak txandaka antolatzen dira gauez zein egunez lan egiteko. Udaran, ordea, klima lehorra denez, urtero suteak izaten dira eta garai honetako egiteko nagusia izaten da sute horiek kontrolpean edukitzea eta, ahal den heinean, horiek saihestea».
Herritik, herriarentzat
Anak dio El Maizaleko bizilagunek argi dutela beraien zeregina zein den. «Han, herriak herriarentzat egiten du lan; alegia, ekoizten dutenaz bizi dira», argitu du. «Aurrez aipatu moduan, hainbat produkzio unitate daude: nekazal eremuak; irina, kafea eta kakaoa ekoizten dituzten sailak; esnekiak ekoizten dituen beste bat; animalien ardura dutenak; gasaren produkzio unitatea; eta baita formakuntza eskola ere. Gainera, El Maizalek dendak dauzka herrietan, eta produkzioa saltzeaz gain, beste saltokietako produktuak ere izaten dituzte. Komertzio horietan, merkatu arruntean baino prezio baxuagoan aurki daitezke produktuak, guztia guztien esku egon ahal izateko».
Antolaketa modu horren barruan, Unidad de Producción Familiar (UPF) delakoen berri eman du Anak: «truke sistema antolatua ahalbidetzen dute El Maizalen. Zehatzak izateko, beraien kabuz produzitzen duten taldeak dira. Adibide bat jartzearren, familia batek bere lursailean platanoak landatzen baditu, platano horiek komunako beste produktuekin aldatzeko aukera izango du». Horrelako bideak sortzeak kostuak dituenez, El Maizalek berak lortzen du finantziazioa. «Esaterako, UPF batek txerriak hazi nahi baditu, komunak haurdun dagoen txerria emango dio, eta UPF horrek izango du animaliaren ardura. Erditu ondoren, jaiotako kumeen erdiak El Maizalera itzuli beharko dira eta besteak, aldiz, sortutako UPF berrian geldituko dira bere produkzio unitate propioa hasteko».
Autogestio hori guztia ahalbidetzeko, estatuak laguntza «haundia» ematen duela jakinarazi du brigadistak. «Etxeko gastuak hartzen ditu beregain. Esaterako, astero, elikagaien kutxako produktuak banatzen dizkie herritarrei. Horrekin batera, El Maizalen, Diosdado Cabellok (obra publikoen ministroak eta Venezuelako presidenteordeak), Zientzia eta Teknologiako Ministerioko beste arduradunekin batera, kurtso teknikoak irakasten ditu El Maizalen, bertako kideak hezteko eta komuna indartzeko».
Bestalde, laneko materiala erdipurdikoa dela hausnartu du kooperanteak. «Simon Planas orain arteko alkateak ez zuen inbertsiorik egin komunitatean. Horregatik, herriak berak oso zaila izan du baliabide teknologikoak eta tresneria modernoa eskuratzea. Horrez gain, bestelako faktoreek ere eragina izan dute eskasi horretan. Adibidez, arazo haundia dago gasolinarekin, eta horrek ez ditu gauzak errazten». Baina, guztiaren gainetik, «nahiko zaharkituak eta hondatuak badaude ere», aurrera egiteko baliabideak badituztela argitu du.
«Oso harrera ona egin zidaten»
Hernaniarrak bakarrik bidaiatu zuen Venezuelara, eta bere egitekoa izan zen aztertzea «posible den ala ez El Maizalen eredua jarraitzea eta, gero, Hernanin egitea sistema komunalaren eta autogestionaren antzeko proiekturen bat». Eta, El Maizalen pasa zituen egunetan, hauteskundeak izan ziren komunan. «Kasualitatea izan zen, baina, horri esker, beste hainbat jardueratan ere parte hartu nuen. Hori horrela, bertako aurrekanpaina eta politika egiteko modua ere ezagutu nituen».
Venezuelara heldu eta egun batzuk Caracasen, hiriburuan, pasa zituen Anak. Herrialdean Covid-19aren eragina nabarmena dela adierazi du. Hain zuzen ere, koronabirusa dela eta, astekako antolaketa dute: «aste bat zorrotza edo erradikala izaten da eta bestea, aldiz, malgua. Aste erradikalean, komertzio gehienak itxita daude eta ezin da bidaiatu. Malguan, ordea, ez dute mugikortasuna mugatzen eta denda guztiak zabalik aurki daitezke». Ana aste zorrotzean heldu zen bertara, eta, horrenbestez, Caracasen igaro behar izan zituen aste horretako azken egunak. Denbora tarte horretan, euskaldun batzuk ezagutu zituela aipatu du; «beraiek lagundu zidaten lurraldean pixka bat kokatzen eta, horrekin batera, El Maizalera heltzeko gomendioak eman zizkidaten».
Egun batzuen ostean, komunara iristea lortu zuen. «Egia esateko, jendea oso atsegina eta eskuzabala izan zen nirekin hasiera-hasieratik. Lehenengo egunean, El Maizaleko erdigunera eraman ninduten, eta, bertan, zenbait emakumek harrera egin eta hurrengo egunetan egin beharreko plangintza azaldu zidaten. Ondoren, ondoko herrira joan ginen, Angel Prado PSUVko alkategaiak eta komunako kideak asanblada antolatu zuelako herritar guztiekin. Egun hartan bertan, lotarako lekua eskaini zidaten eta bertan pasa nituen egonaldiko gainerako egunak».
Etorkizun oparoa, El Maizalen
Memorian ez ezik, bihotzean ere gordeta geldituko zaio hernaniarrari, Venezuelako bidaia. «Asko ikasi dut arlo guztietan eta pertsona moduan ahaldundu egin naizela esango nuke», helarazi du. «Komuna sozialista batean bizitzeko aukera eman didate eta, horri esker, aurretik ezagutzen ez nituen sektoretan egin dut lan; baratzan eta ganaduan, kasu. Hori ez ezik, antolatzeko beste modu batzuen berri ere izan dut. Horregatik, esker hitzak besterik ez ditut emandako harreragatik».
Etorkizunean, «aurrerapausoak» emango direlakoan dago Ana. «Angel Prado El Maizaleko kideak alkatetza irabazi du eta hori oso positiboa izango da El Maizal eta Simon Planasen dauden komunentzat. Izan ere, orain arteko alkateak ez zuen komunitateko dirua ondo banatzen eta gestionatzen, eta oztopatu egiten zituen komunako bizilagunen bideak. Beraz, espero dut, bueltatzen naizenean, El Maizalek lanean aritzeko baliabide gehiago izatea eta bertako koloreak indartsu mantentzea».
Eta, Hernanin fokua jarrita, azken galdera egin diogu Anari: El Maizaleko sistema bateragarria ikusten al duzu Hernaniko bizimoduarekin?
Bertako kideekin hiru aste pasa ondoren, hauxe izan da bere erantzuna: «gizarteko egoera materiala ezberdina da, eta, beraz, bere horretan funtzionatuko ez lukeelakoan nago». Dena den, komuna sozialistan ikusitakoa eta ikasitakoa eredu izan daitekeela uste du hernaniarrak: «bizirauteko, sistema komunalaren aldeko apustua egin du El Maizalek eta gure kasua, aldiz, ez da hori izan. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu ditzakegu eta eredugarri izan daitezke beraien harremantzeko eta antolatzeko modua, eta baita erabakiak hartzeko edota ardurak banatzeko sistema ere».