11 urteren ostean, amesgaiztoa Haitira itzuli da, berriro ere. Hilaren 14an, 7,2 magnitudeko lurrikara izan zen herrialdean, eta bertako Babes Zibileko Agentziak emandako azken datuen arabera, 2.189 hildako eta 12.268 inguru utzi ditu katastrofe naturalak. Herrialdea suntsituta dago eta kaosa piztu da haitiarren artean: erreskate taldeak gau eta egun ari dira lanean hondakinen azpian harrapatutako herritarrak lehenbailehen ateratzeko; ospitaleak eta erietxeak gainezka daude eta, gainera, ura eta janaria falta dira lurraldean. Gertatutakoa gutxi balitz, Grace zikloi tropikala lurrikarak suntsitutako guneetatik igaro zen astelehenean; eta, ondorioz, uholdeak izan ziren hainbat zonaldetan.
Hegazkina hartzeko egunean, lurrikara Haitin
Axel Jauregi hernaniarra Haitin dago orain, eta egoera «tamalgarria» dela dio. WE Archtiecs enpresako langilea da, eta berarekin batera dago Iker Gastaminza Unanue ingeniari donostiarra; «gurea ez da Haitiko enpresa, baina urte batzuk daramatza bertan Banco Mundialerako lanean. Eskolak, plazak eta, oro har, zerbitzu publikoaren azpiegiturak egiten ditu», kontatu du. «Hasiera batean, gure egitekoa zen hona etorri eta dronekin eskola publiko batzuen altxaera topografoak egitea. Baina, kasualitatez, hegazkina hartu genuen egunean, lurrikara izan zen », azaldu du ingeniariak.
Horrenbestez, laneko bidaiaren noranzkoa guztiz aldatu zela dio Axelek: «heldu ginenean, ministerioak esan zuen, momentuz, ez zela posible izango eskola publiko horietara joatea. Izan ere, zonalde guztia suntsituta zegoen. Beraz, dronekin lan egingo genuenez, galdetu ziguten ea posible izango litzatekeen lurrikarak sortutako kalteen ebaluazioa egitea. Eta horretan gabiltza orain; 6 asterako etorri gara, baina eskoletara joateko aukera ez badugu, lehenago bueltatu beharko dugu».
Puerto Principeko aireportuan lur hartu zuen Axelek, eta bi gau pasa zituen hiriburuan. «Egia esateko, pobreziaz gain, gehien harritu nauena da herrialdean dagoen basura kopuruak. Ez dituzte baliabideak hondakinak kudeatzeko eta zabortegi bat dagoen arren, ez da nahikoa. Horregatik, zaborra toki guztietan dago: kalean, errekan… Oso inpaktantea da». Puerto Principeko egonaldia eta gero, Les Cayesera bidaiatu zuen hernaniarrak, hegoaldera; «dronekin, hiriburua eta inguruko herriak grabatu eta argazkiak atera ditugu. Horrekin, panoramika bat lortuko dugu eta posible izango dute konparaketa egitea».
«Errepide batzuk alfonbrak dirudite»
Hernaniarrak dio lurraldea suntsituta dagoela; «batez ere, epizentrotik gertu dauden zonaldeak». Gainera, duela bi egun, lotan zegoela, hilaren 14an izandako lurrikararen 4,2 magnitudeko erreplika bizi zutela azaldu du: «ohetik altxa nintzen eta jendea entzun nuen kalera korrika ateratzen». Horrelako gertaerengatik, herritarrak urduri daudela dio, ezinegon haundiarkein. «Jendeak ez du etxe barruan lo egiten, kalera ateratzen dira gaua pasatzera. Beste lurrikararen bat edo erreplikaren bat izango delako beldur dira, eta etxea erortzeko arriskua dagoenez, kanpora irteten dira», kontatu du. Dena den, «lasai» dagoela aitortu du. «Erreplika gogorrak pasatzean, zaila da berriro ere horrelakoak gertatzea».
Duela 11 urte izandako lurrikararen aztarnak oraindik ere oso nabarmenak direla kontatu du Axelek. «Ez dira batere errekuperatu. 2010ekoa gertatu zenean, atzera egin zuten denboran. Pixkanaka-pixkanaka zertxobait aurreratu badute ere, orain, berriro ere, 10 edo 15 urte egin dute atzera. Ez dira batetik ateratzen eta beste batean sartzen dira… Oso gogorra da».
Hondamendiaren kaltea zein izan den xehetasunez ikusteko, La falla de Enriquillora bertaratu ziren Axel eta bere lankideak. «Bi plaka tektonikoak elkartzen diren tokia da, eta ikaragarria da bertan ikusi genuena. Mendiak erori dira eta bertako inguruetan, etxebizitza guztiak erorita daude; ez da bat bera ere libratu. Hori ez ezik, epizentrotik oso gertu dagoen zonalde horretan, errepideak ere alfonbrak bezala daude tolestuta eta guztia dago txikituta».
Axelek dio Haiti «oso txiroa» denez, eraikuntzen kalitatea «oso eskasa» dela. «Jendeak ez du dirurik eta oso merke egiten dituzte etxebizitzak. Arkitektorik edota ingeniaririk gabe eraikitzen dutenez, ez dute kontrolik pasatzen. Ez da gure inguruan gertatzen den bezala; guk kontrol asko pasa behar ditugu eta prozesua nahiko luzea da. Hemen, berriz, edonork eraikitzen du edozer. Eta, beraz, horrelako hondamendiren bat gertatzen denean, etxeak berehala erortzen dira. Oso ahulak dira eta horregatik daude horrenbesteko hildako. Hormigoizko pareta bat gainera eroriz gero, akabo».
«Jatekoa justu-justu dute»
Gertatutakoari aurre egiteko baliabideak ez dituztela azaldu du ingeniariak. «Laguntza guztia kanpotik etortzen da. Puerto Principeko aireportura iritsi ginenean, ikusi genuen laguntza humanitario asko bertatik sartu zela herrialdera; eta beste zati haundi bat, berriz, Errepublika Dominikarreko mugatik, errepidetik». Era berean, urduritasuna medio, herritarren artean liskarrak sortu direla ere ikusi du Axelek. «Hegoaldera dijoan errepidean, Les Cayesera bidean, jendeak barrikadak egin ditu. Izan ere, ikusi dute laguntza guztia hegoaldera dijoala eta ez, aldiz, beste zonaldeetara». Hari beretik, baliabideen kontua kudeatzea «zaila» dela aipatu du. «Batzuei ez zaie etxea erori, baina kalte haundiak dituzte; eta, horregatik, beraiek ere laguntza nahi dute».
Horri guztiari konponbidea ematea «konplikatua» izango dela uste du Axelek. Egoera hobetzeko laguntza behar dela azpimarratu du. «Abuztuaren 14an, bizitza osoko lana momentu batean suntsitu zitzaion jendeari, betiko. Gainera, agertokia oso gogorra da, ez baitute bizitzeko dirurik. Jatekoa justu-justu bai, baina etxebizitza bat eraikitzeko, aldiz, ez», kontatu du telefonoaren beste aldetik. «Laguntza ez baldin badute, urteak beharko dituzte berriro ere etxebizitza eraikitzeko».