Uda Hernanin programazioaren baitan, Hika Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak Gazte kale ikuskizuna eskainiko dute gaur, Atsegindegin, arratsaldeko 20:00etan hasita. «Oso gogotsu» daudela adierazi dute Agurtzane Intxaurraga emanaldiko zuzendariak eta Aimar Garaiar dantzari hernaniarrak. Elkarlanean egindako ikuskizuna da aurkeztuko dutena, eta «denetarik» ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek. «Ez da soilik dantza ekitaldia edo antzerkia. Fusioa da, antzerki-dantza baten modukoa, dramaturgia baten menpe aritu garelako lanean», deskribatu du Intxaurragak. Hitz gutxitan esateko, gazteak eta gaztaroa jarri dituzte erdigunean, eta ahotsa eman diote kolektiboari.
«Hainbat ideiatatik abiatuta haritu eta kaleratu genuen Gazte», hasi du elkarrizketa Intxaurragak. «Itxialditik atera berri geunden, eta gazteak estigmatizatuta zeudela ikusi genuen. Hain justu, uste dugu beraien aurkako iritzi orokor bat dagoela, pandemiaren kontuari dagokionez. Era berean, Lurdes Iriondoren ekitaldia zuzendu nuen eta bere kantu batean oinarrituta, Gazte gara gazte eta ez gaude konforme, sortu genuen Hernanin aurkeztuko dugun hau. Hori guztia kontuan hartuta, bururatu zitzaidan Oinkariko dantzariak izatea protagonistak, 16 eta 24 urte arteko 10 dantzari», jarraitu du.
Gogoetatik, dantzara
Abiapuntu hori izanda, Eneko Gil koreografoak eta Intxaurragak galdera bat mahaigaineratu zieten dantzariei: Zerekin ez zaudete konforme? «Laborategi batean landutako lan baten antzera, gazteek honen gainean hausnartu zuten, eta haien bizipenak, kezkak, galderak, desioak eta ezinegonak zeintzuk ziren partekatu zuten», kontatu du. «Hitzez zein idatziz egin zuten gogoeta; eta, ondoren, gorputzera eraman genuen eta mugimendua eman genion horri guztiari. Eta pixkanaka-pixkanaka, horrelaxe sortu zen Gazte. Lanean aritzeko beste modu bat izan da, gainerako emanaldien oso bestelakoa», dio Agurtzanek.
Aimar ere identifikatuta sentitu da zuzendariak aipatutakoarekin; «niretzako ez ezik, gainerakoentzat ere emanaldi berezia da. Gazte asko elkartu gara, eta esperientzia berri bat bizi dugu. Esan bezala, emanaldia osatzeko sorkuntza ere berria izan da. Gure beldurretatik, ezinegonetatik eta zalantzetatik abiatu ginen, eta orain, hauxe da lortu duguna».
Gainera, prozesuan jarritako mimo guztiak fruituak eman dituela antzematen da plazetan, eta taldea pozik dago lortutako emaitzarekin: «oso gustura gaude zuzendaria eta koreografoa sekulakoak izan ditugulako. Taldean ere giro paregabea eraiki dugu, eta bigarren familia bat osatu dugu guztion artean. Orain, badakigu zeintzuk diren norberaren barne gatazkak, eta horrek asko laguntzen du gure arteko harremanean, oholtzan zein kanpoan», adierazi du hernaniarrak.
«Helburua da gazteen ahotsa plazaratzea»
Agurtzanek aipatu duenez, ikuskizunaren jomuga da gazteak erdigunean jartzea; «pandemia garai honetan kolektibo hori urratuta egon da, eta emanaldi hau aldarrikapen bat ere bada, beraiek plazak berriro ere konkistatzeko. Non daude, bestela, gazteak? Plazetan, kalean», hausnartu du. «Bai, hori da», gehitu du Aimarrek; «hainbat gai lantzen ditugu, baina esango nuke mezu nagusia dela gazteak ez garela gizarte honetan gertatzen den ororen erantzule edo errudun. Adibidez, pandemia honetan epaitu egin zaigu, gauza asko gaizki egin ditugula esan dute. Baina, gertatutako guztia ez da gure errua».
Beraz, gaztaroa erdigunean jarrita, pieza borobila osatu dute. «Emanaldian erakutsi nahi duguna da zer den gazte izatea. Gure adinaren zenbakia al da? Ala, sentitzen dugun bizipena da?», bota du galdera, airera, dantzariak. Agurtzanek dio gaztetasuna bizitzeko modu «asko» daudela; «Eneko Gil eta biok dantzarien zerbitzura gaude emanaldian bertan, eta horrek kontrastea ematen dio ikuskizunari. Geruza berri bat sortu dugu, Eneko dantzari batzuk baino 15 urte helduagoa delako; eta, ni berriz, Eneko baino 20 urte helduagoa naizelako. Horrekin, adierazi nahi dugu gaztea izatea ez dela zenbaki baten kontua. Hori ere bai, noski, baina norberak bizitzan duen jarrerekin ere lotuta dago», kontatu du zuzendariak. «Horregatik, nik beti esaten diet Oinkarikoei prozesu honek lagundu didala berriro ere, beraien ondoan, gazte sentitzen. Uste dut nire adineko jendeak ere sentitu dezakela hori, eta horregatik esaten dut ikuskizuna publiko orori dagoela zuzendua. Modu asko daude gaztetasuna bizitzeko eta mantentzeko».
«Konfort zonatik atera gara»
Aimarrek dio Gaztek xarma «berezia» duela taldekide guzientzat, ohiko lan modua aldatu baitzuten emanaldia sortzeko: «euskal dantza ez ezik, garaikidea ere egin izan dugu. Kasu honetan, inprobisazioa lantzea egokitu zaigu. Sorkuntza saioetan, Enekok eta Agurtzanek inprobisazio ariketak proposatzen zizkiguten eta horretan aritzen ginen. Alegia, askatasuna eman digute eta guk sortu ditugu mugimenduak. Hasieran ezerosoa izan zen, ez gaudelako horretara ohituta; eta, horrenbestez, gure konfort zonatik atera ginelako. Baina, gero, oso gustura aritu ginen».
«Eneko eta biok oso aske sentitu gara, eta beraz, euskal dantza eta bestelako diziplinak ez ezik, mugimendu libreak ere landu ditugu. Aurrerapauso bat eman dugu, eta musikari dagokionez ere gauza bera egin genuen. Izan ere, ama naizen aldetik, badakit zein den egungo gazteek gustuko duten musika, eta hor ere berritzaileak izaten ahalegindu gara. Begiak eta belarriak zabaldu ditugu gazteekin, eta beste estilo batera jo dugu. Haiei entzun diegu eta, modu artistiko batean, sentitzen zutena komunikatzen ahalegindu gara».
Zehaztutako helburu guztiak bete dituztela uste dute biek, eta gogotsu daude lanean jarraitzeko; «orain arte aurkeztutako emanaldiak amaitzean, ikusi dugu lortu dugula jendeak gazte sentitzearen gogoa biziberritzea. Ikuslegoak esan digu gazteen ahotsa ikusi dutela ikuskizunean, eta horixe zen gure nahia», dio Agurtzanek. «Jendeak gustura hartzen duela ikusi dugu, eta oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Ziur nago bertaratutako guztiek gozatuko dutela Gazterekin!», itxi du Aimarrek.