Markel Oiarzabal hernaniarrak amaia gidoi-liburua kaleratu berri du. «Urduri xamar» dagoela aitortu du, elkarrizketa egitera gonbidatu dugun gelara sartu aurretik. Atea pasata, ordea, berehala hasi da hizketan. Argitaratutako lana barru-barrutik ateratako proiektua dela nabari da, goxotasunez hitz egin baitu amaiaren prozesu guztiaren gainean.
Zer da 'amaia'?
Liburu formatuan argitaratu den arren, telesail baten gidoia da eta bost kapitulu ditu. Hasieran, polemika izan genuen, ez genuelako argi liburuaren izena zein izango zen. Baina Amaia denez protagonista, bere izena jartzea erabaki genuen.
Horrekin batera, esan beharra dago hasiera batean ez genuela gidoia argitaratzeko asmorik. Izan ere, niretzat edo ingurukoentzat idatzi nahi nuen eta kitto. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, forma hartzen hasi zen eta telesail moduan ekoitzi zitekeela ikusi nuen. Abentura horretan murgildu nintzen eta, orain, liburua kaleratzea lortu dut: emaitza izan da testu ulerterraza, sinplea, arina, edonork irakurri dezakeena. Txikitasunetik kaleratu dut, ilusio haundiarekin, eta pozez gainezka nago.
Batzuetan pluralean hitz egiten duzu eta beste batzuetan, berriz, singularrean. Nor dago proiektuaren atzean?
Bai, arrazoi. Singularrean hitz egiten dut gidoia nik idatzi dudalako, nire ideia izan zelako eta ni izan naizelako maketazioa eta bestelako lanak egin dituena. Esan genezake ni izan naizela gidari. Baina, hori kenduta, amaia argitaratzea ez zen posible izango bidelagun izan ditudan beste hainbat pertsonaren laguntza gabe. Prozesu luzea eta gorabeheratsua izan da, eta ideiak argi ez nituenean, aurrera jarraitzea edo ez jarraitzea zalantzan jartzen nuenean, jendea hor egon da bultzada emateko eta laguntzeko. Hori ez ezik, gidoia ere behin eta berriz irakurri dute; eta, horrez gain, zuzenketak egin eta aholkuak eman dizkidate.
Gainera, gidoia nik idatzi dudan arren, zuzentasunari dagokionez, Jokin Nazabalek egin ditu zuzenketak, Hernaniko Udal Euskaltegiko irakasleak. Alde horretatik, beldurra sentitu nuen, kalitatezko gidoi-liburua kaleratu nahi nuelako eta, hortaz, guztia txukun-txukun egotea nahi nuelako. Horretan, Jokinek asko lagundu dit; berak orraztu du guztia, xehetasun haundiz.
Beste norbait aipatzearren, nire gelakide bat, adibidez, hasieratik egon da nirekin. Antzerkia gustatzen zaio, saltsa horretan egotea. Berarekin igaro ditut orduak, gidoia zehazten, eta bera izango da Amaia, telesailean. Beraz, izenik eman gabe, baten bat lotsatu egingo delako, baina guztiei eskerrak ematea besterik ez zait geratzen.
Nortzuk dira protagonistak?
Pertsonaia asko ditu, baina lau dira nagusiak: Amaia, Lander, Esti eta Garazi. Askok galdetu didate ea autobiografia den, baina ez. Egia da niri gertatutako pasadizo batetik hasten dela gidoia, eta niri gertatutako esperientziak ere badaudela. Hala ere, edonoren egunerokotasuneko kezkak eta gertaerak nahasten dira kontakizunean.
Era berean, gustatuko litzaidake aipatzea hiru pertsonaren lanak daudela gidoian. Betikoei, erreferenteak direnei, lekua egin nahi izan diet. Horregatik, hiru aipamen egin ditut: Anjel Lertxundiren Haur Literaturaz (1982), Mariasun Landaren Iholdi (1988) eta Ainhoa Ansaren beste testu bat (Miaxiria aldizkaria, 2010).
Zein da mezua?
Istorioan prozesu bat islatzen ahalegindu naiz. Amaiaren bizitzako prozesua, alegia. Gidoiko protagonistek islatzen dute Amaiaren bizitzan izandako eragina, eta bakoitzaren esperientziak kontatzen dira testuan. Gainera, pertsonaia gisa islatzen badira ere, Amaiaren hartu-emanak direla esan genezake. Hau da, nork bere harremana eta zeregina du Amaiarekin. Adibidez, protagonista Haur Hezkuntzako ikasketekin murgilduta eta lan mundu horretara bideratuta dago, baina lagunetako batek zalantzan jartzen du bere hautua. Hori al da Amaiak bere etorkizunerako nahi duena? 20 ume izan nahi ditu, egunero-egunero, bere ardurapean? Bestalde, beste pertsonaia batek, bidelagun papera du Amaiarekin; eta beste bat, berriz, harreman toxikoa da. Hortaz, esan dudan moduan, pertsonaiak baino, Amaiaren harremanak dira.
Horrekin guztiarekin, saiatu naiz lortzen gizarteko edonor identifikatuta sentitzeko eta hausnartzeko ariketa.
'amaia', xehez?
Bai, hori ere ez da kasualitatea. Izenburuak istorioko protagonistari egiten dio erreferentzia, baina baita beste zerbaiti ere. Amaiera hitzarekin du lotura, eta liburua irakurriz gero, irakurleak lehenengo kapituluaren bukaeran ulertuko du izenburuaren zentzua.
Non sortu zen ideia?
Haur Hezkuntzako Gradua ikasten ari naiz, eta unibertsitatean nengoela bururatu zitzaidan amaia egitearen ideia. Irakasle batek Anjel Lertxundiren Haur Literaturaz (1982) liburuko pasarte bat irakurri zuen, eta horrek piztu zuen nire arreta. Bultzada eman zidan, nolabait, idazten hasteko.
Gidoiko lehenengo eszena, hain justu, horixe bera da. Amaia klasean dago eta irakasleak ariketa bat egiteko eskatzen die ikasleei. Beraien burua deskribatu behar dute esaldi batekin. Esaterako: «ni, izarren hautsa naiz», «ni, bazkal osteko kafea naiz»; edota, «ni, haurrek zapalduko duten belar bustia naiz».
«Prozesu luzea eta gorabeheratsua izan da, eta ideiak argi ez nituenean, jendea hor egon da bultzada emateko eta laguntzeko»
Amaiaren txanda heltzen denean, aldiz, mutu gelditzen da; ez daki bere burua ondo definitzen edo nor den modu horretan esaten. Burura etortzen zaion bakarra da Amaia dela. Eta, beno, liburuko lehenengo kapitulu guztia horri buruzkoa da: Amaia nor den eta bizitzan zer izan nahi duen.
Hari beretik, Anjel Lertxundiren testuak oso ondo dioen bezalaxe, zerbait galdetzen digutenean, oso erantzun zuzena edo formala izaten dugu. Hala nola, bat gehi bat bi da, eta ez dago horretarako beste erantzunik. Alabaina, irakasleak irakurritako pasarte horrek Amaia zalantzan jartzen du. Izan ere, agian, badu bere burua nor den azaltzeko beste erantzunen bat. Eta, horrenbestez, beharbada, Haur Hezkuntza ikasten ari da ez berak nahi duelako, bere gurasoek hori ikasi behar dutela esan diotelako baizik. Beraz, horri buruzko hausnarketa eta gogoeta prozesua da gidoiaren lehenengo zatia.
Zein helburu du?
Kaleratu berri dudan gidoia hizpide, nire asmoa da telesail bat ekoiztea. Nolanahi ere, hau guztia idazten hasi nintzenean, aurrez aipatu moduan, niretzat, nire lagunentzat edo gertukoentzat idatzi behar nuen zerbait zela pentsatuz egin nuen. Baina, itxura ona hartu zuela ikusita, telesaila grabatzea posible zela bururatu zitzaidan. Dena den, kontua da prozesu hori hasteko material asko behar dela, eszenak grabatzeko lekuak alokatu behar direla, eta abar. Horrek kostu haundia du, eta finantziazio-iturri gisa, gidoia liburu formatuan argitaratzea pentsatu nuen. Modu horretan, lortutako diruarekin, posible izango da grabaketak egitea eta telesaila sortzea.
Crowdfunding moduko bat egin dudala esan genezake. Liburua argitaratu dut, gerora, lortutako diruarekin, amaia telesaila egiteko.
Non eskuratu daiteke?
Gustatuko litzaidake herriko komertziotan ere salgai jartzea. Hori lortzen ahaleginduko naiz orain, ea baten bat prest dagoen. Baina, momentuz, Amazonen dago salgai, 10 euroan.
Garrantzitsua al da horrelako gaiak lantzea?
Jakina. Egia da mezua oso errepikakorra dela, baina egunerokotasunean korrika eta presaka ibiltzen gara, eta ez dugu denbora hartzen gureaz hausnartzeko eta gogoeta egiteko. Horregatik proposatu dut eta aurkezten dut gidoi hau norberak egiteko ariketa baten moduan. Hain justu, nire autobiografia ez dela esan dudan arren, gidoiko gauza askorekin antzekotasun haundia du nire egunerokoak. Nire gurasoak ez dira pedagogoak edo hezitzaileak, baina Amaiak bezalaxe, Markelek ere badu loturarik ikus-entzunezkoen munduarekin, nahiz eta Haur Hezkuntza ikasten duen. Are gehiago, lehenengo kapituluko lehen pasadizo hori, adibidez, niri gertatukoa da. Askotan, gure gauzetan murgilduta gaude eta ez dugu pentsatzen zer nahi dugun, nora goazen edota zer egiten ari garen. Beraz, gidoia proposamen bat ere bada; zehazki, arriskatzeko eta nahi dugun hori egitera ausartzeko bultzada bat.
Zer nolakoa izan da prozesua?
Hasieran, mantso hasi zen guztia. Aurrez aipatu moduan, niretzat idazten hasi nintzen. Ez nuen data zehatzik, ezta presiorik ere. Irailean hasi nintzen eta urtarrilean amaitu nuen. Horregatik, galdetzen didatenean, idazketa prozesua oso lasaia izan dela diot. Gustura sentitu naiz, eroso.
Edonola ere, liburua kaleratuko nuela erabakitzean, jakin banekien jendeak irakurriko zuela. Argitaratzekotan, zerbait txukuna egin nahi nuen. Orduan, presioa areagotu zen eta zalantzak sortu zitzaizkidan. Kezken eta zalantzen momentu batean, gainera, testua utzi eta aldendu egin nintzen, guztia perspektibatik ikusteko. Baina hor egon dira nire ingurukoak, laguntzeko eta animatzeko prest.
Horrekin batera, aitortu behar dut sekulako autoikaskuntza izan dela niretzat. Sortzaile gisa, lehenengo aldia izan da hau, eta ikusi dut lan haundia dagoela guztiaren atzean. Testua ez ezik, liburuaren azala, maketazioa, diseinua… Gauza asko dira.
«Haur Hezkuntzako Gradua ikasten ari naiz, eta unibertsitatean nengoela bururatu zitzaidan 'amaia' egitearen ideia, irakasle batek irakurritako pasarte batekin»
Esanahi berezirik al du azaleko ilustrazioak?
Topikoa da, baina horretan sinesten dut eta horregatik irudikatu dut horrela. Txoria Amaia da, gidoiko protagonista. Ilustrazioan, txoria esku baten gainean dago, esku beltz baten gainean. Ihes egiten du iluntasun horretatik, txikitatik zehaztu diguten bide zurrenetik; eta aske gelditzen da. Horixe bera islatu nahi izan dut: askatasuna.
Era berean, aipatu behar dut ilustrazioa egiteko hainbat ilustratzailerekin harremanetan jartzea pentsatu nuela; baina, azkenean, hori ere nik egin nuen. Izan ere, aurrekontu nahikoa ez nuen horretarako, eta nire kabuz egin behar izan nuen.
Inoiz imajinatu al duzu zure burua egoera honetan?
Liburu bat argitaratzen, ez. Baina ikus-entzunezkoen mundua asko gustatzen zait (kamerak, grabazioak...). 13 urterekin kamera bat oparitu zidaten, nire lehenengo bideo-kamera. Orduztik, proiektu txiki asko hasi ditut. Horietako asko ez ditut amaitu, baina hor daude. Eta, beno, gazteagotan, agian, ez; baina, orain, helduagoa naizenez eta ezagutza haundiagoa dudanez, animatu egin naiz. Hasi, probatu eta hanka sartzen dut. Kasu honetan, prozesu guztia bukatu dut eta oso pozik nago.
Zaila al da liburu bat argitaratzeko prozesua hastea?
Argitaletxe batek kaleratzeko aukera izan ez dudanez, Amazon plataformaren bidez osatu dut guztia, modu independentean publikatzeko aukera ematen duelako. Horrela, soilik erosleren batek erosten duenean ekoizten dute liburua. Bertan egin dut testuaren maketazioa eta baita azalaren aukeraketa eta diseinua ere. Hala, argitalpen kontuari dagokionez, behintzat, ez da konplikatua izan.
'Gaitzerdi.eus'-en bidez ezagutarazi duzu lana. Zer da plataforma hori?
Gaitzerdi, momentu honetan behintzat, nire firma da. Hau da, nire izenpea dela esan genezake. Gaitzerdik aukera ematen du sortutako proiektuen berri emateko; eta nik sortu nuen, edonoren sormenari ahotsa emateko asmotan. Batez ere herriko sortzaileei, sortzaile txikiei zuzenduta dago. Bertan, ikusgai daude sortzaileen lanak, eta, beraz, egindako proiektuei ikusgarritasuna ematen die Gaitzerdik. Duela hilabete batzuk sortu nuen eta nahiko geldirik egon da. Baina, orain, asmoa dut berriz ere bideari ekiteko eta sare sozialetan oihartzun haundiagoa emateko.
Gainera, herritarren proiektuak partekatzeko ez ezik, beste jomuga batzuk lortzeko ere balio du Gaitzerdik. Adibide bat jartzearren, norbaitek bideo-kamera bat behar baldin badu grabaketaren bat egiteko, edo bestelako laguntzarik behar baldin badu, Gaitzerdi.eus-en eska dezake laguntza, eta bertako edonork materiala uzteko aukera badu, aurrera. Elkar trukea dela esan daiteke.
Gidoiari dagokionez, ba al duzu etorkizunerako planik?
Aurrez aipatu moduan, nire helburua da amaia telesaila grabatzea. Orain, osasun egoera dela eta, ezinezkoa da jende asko leku itxitan pilatzea; eta, horrenbestez, grabaketa aurrerago egingo dugu. Halaber, gidoian pertsonaia asko ageri dira eta, momentuz, ez da posible izango grabaketarekin hastea. Datorren urteko udaran egitea aurreikusten dugu. Nahiago dugu lasai eta patxadaz hartu, guztia korrika eta presaka egitea baino. Baina, bestelakoan, zenbait kontu itxita ditugu dagoeneko. Adibidez, zehaztu dugu nork egingo duen Amaiaren, Estiren edota Landerren papera.
Jarraipenik izango al du?
Bigarren zatiaren nondik norakoak zeintzuk izan daitezkeen badakit. Hala ere, mantso eta ondo egin nahi dut guztia, pausoz pauso. Etorkizun hurbilean, telesaila ekoiztea da nire helburua. Ondoren, presarik gabe, ekingo diot gainerakoari!