Osasun Sailak ez du baheketa masiborik egingo Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 1a, 16:44

Hernaniko Udalari jakinarazi berri dio, ez duela halakorik egingo, ez delako «efektiboa». Azaldu dutenez, «kutsatu potentzialak ez dira horietara joaten». Horren ordez, baheketa lokalizatuak egitea da oraingo irizpidea.

Osasun Mahaiaren bileraren ondoren, agerraldia egin du Xabier Lertxundi alkateak, gaur goizean. Bertan azaldu du, eremu gorrian zegoeneko neurriak hartuko dituztela udal eraikinetan, murrizketak eginez, Udalaren «konpetentzien barruan». Eta era berean, eskaera luzatu dio Osasun Sailari, baheketa masiboa egiteko Hernanin. Jakinarazi duenez, goiz osoa zeramakiten haiekin hitz egin nahian.

Udalak berak jakinarazi duenez, Osasun Saileko arduradun batekin hitz egin berri dute, eta adierazi die, ez dutela baheketa masiborik egingo herrian, ez delako «efektiboa». Arduradunak azaldu dienez, «kutsatu potentzialak» ez dira joaten baheketa horietara; eta horren ordez, «baheketa lokalizatuak» egitea da Osasun Sailaren oraingo irizpidea. Edonola ere, Udalari ez diote azaldu, «fokuren bat antzeman ote duten Hernanin».

Atzoko datuetan, beste 44 positibo atzeman dituzte herrian, egin zituzten 208 proben artean. Eta gaur, beste 300 proba inguru egitekoak ziren Hernaniko osasun zentroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!