Ez dira garai errazak musikari eta abeslarientzat, eta halakoak tokatu zaizkie Fermin Valenciari eta Anje Duhalderi ere. Valencia ez da taula gainera igo pandemia hasi zenetik, eta Arrangoitzekoak apenas eskaini du kontzertu bat aurten. «Baldintzak ez dira batere egokiak izan horretarako, eta batzuetan hobe da ez egitea, gaizki egitea baino», dio Duhaldek.
Baina biharkoa... «biharkoa berezia izango da». Elkarrekin ariko direlako bi abeslariak, lagunak aspaldidanik, Atsegindegin. Eta lagun artean beti da errazagoa aurrera egitea: «Ferminek deitu zidan, esanez egin beharko genukeela kontzertua elkarrekin. Eta Fermini ezezkoa ematea kosta egiten zaidanez, baiezkoa eman nion. Ea lozorrotik ateratzen garen noizbait...».
Ferminek, San Joan Konpartsaren deia jasoa baitzuen ordurako, urtero bezala, kontzertua eskaintzeko. Baina beldur zen, kontzertu osoari eusteko gai izango ote zen, bera bakarrik: «eztarriko minbizia izan nuen, eta radioterapia jaso nuen. Horregatik, egun batzuetan gaizki izaten dut eztarria, eta arazoak izaten ditut lehen bezala abesteko, eta kontzertu oso bat eskaintzeko». Ezberdina izango da oso, Anje ondoan duela jakinda.
Hitz politak besterik ez dituzte biek, elkarrenganako: «asko estimatzen dut Anje. Artista bezala bai, baina pertsona bezala are gehiago. Zoragarria da. Oso harreman ona izan dugu beti, nahiz eta gutxitan elkartu garen, urruti bizi garelako», dio Salinas de Ibargoitikoak.
Eta beste horrenbeste Duhaldek: «dozena erdi bat aldiz kantatu dugu elkarrekin, eta oso gauza goxoa izaten da beti. Fermin da pertsona maitagarria, eta benetan ondo konpontzen gara biak. Halako harmonia bat dago gure artean». Esate baterako, elkarrekin abestu izan dute, behin baino gehiagotan, Iruñeko San Ferminen azkeneko egunean, Ciudadelan.
«Herri zoragarria da Hernani, festetan gozamen herrikoia mantentzen duten horietakoa»
Hernanin, ordea, aurreneko aldiz ariko dira elkarrekin. Baina urtetako harremana daukate biek, herriarekin. Azkenekoz aspaldi etorri zen arren, 20tik gora emanaldi eskaini ditu Anjek bertan: «azkenekoz, uste dut Xabier Amurizarekin aritu nintzela, bertso idatzien inguruan, elkarrekin diskoa grabatu genuenean. Biterin izan zen hura». Eta gogoan dauka, hernaniarrek beti egin dioten harrera: «niretzako oso plaza ona izan da beti, jende beroa, atsegina eta euskalduna da hernaniarra».
Ferminek, berriz, urtero egin du San Joanetan bisita Hernanira, iazko etenaldiaren aurretik: «oso harreman berezia daukat Hernanirekin. Lagun pertsonalak dauzkat bertan, eta herria bera zoragarria da. Hernani, festetan, iruditzen zait nire inguruko herrietan bizitzen denaren antzekoa. Gozamen herrikoia mantentzen duten herriak dira», nabarmendu du. Bere kontzertuetara, «jende heldua» gerturatu izan da beti, eta nabaritu du gustura egon direla: «hori nabaritu egiten duzulako. Ikusten duzunean arreta gehiago jartzen diotela ondotik pasatzen denari, abestiari baino... Horregatik, nik abesti zerrenda bat eramaten dut prestatuta, baina ikusten badut jendea aspertuta dagoela mezu asko dauzkaten abestiekin edota abesti tristeekin, sartzen ditut jota pikanteak eta dena aldatzen da. Elkarrizketa moduko bat daukazu publikoarekin, eta inprobisatu egin behar duzu, haien arreta erakartzeko. Ziur nago ondo pasako dutela bihar».
Banaka, elkarrekin... eta sorpresaren bat ere bai
Hiru zati izango ditu biharko kontzertuak, 18:30etan hasita, Atsegindegin. Aurrena, Anje Duhalde ariko da bakarka, popurri batekin, diska ezberdinetako abestiak eskainiz; ondoren, Fermin Valenciak hartuko dio erreleboa; eta bukaeran, elkarrekin eskainiko dituzte hainbat abesti, batenak zein bestearenak. «Hala ere, entsaio bat egingo dugu bihar bertan, elkarrekin; eta beharbada bururatuko zaigu zerbait berria. Sorpresaren bat ere izango da», aurreratu du Anje Duhaldek. Eta sorpresa hori, oraingoz behintzat, ez da publikoarentzat bakarrik izango: «sorpresa bat al dauka prestatuta? Niri ez dit ba ezer kontatu!», dio Ferminek, barrez.
Edonola ere, biharko kontzertua «oso gauza xumea eta xinplea» izango dela nabarmendu du Anjek: «Ferminen erara arituko naiz ni ere. Ahotsa eta gitarra, ez da besterik izango».
«Zahartzen ari gara, baina gogoa hor dago oraindik»
Biek ala biek aipatu dute adinaren kontua, behin baino gehiagotan. «Urte hauetan guztietan, zahartu bai, baina aldatu ez dut uste askorik aldatu naizenik. Gauzak beste gisa batera ikusten ditut, baina funtsean ez naiz asko aldatu. Lehen neuzkan ideia berberak izaten jarraitzen dut», dio Duhaldek. Eta urteak joan, urteak etorri, bizirik mantentzen du kantatzeko gogoa: «ilusioa ez dut mantentzen lehen bezala, baina gogoa behintzat bai, oraindik hor dago. Beti saltsan ibiltzea gustatzen zait, eta publikoarekiko harremana da sortzen eta kantatzen jarraitzera animatzen nauena».
Beste zerbaitetan ere nabaritu du adina, Ferminek: «zahartzen ari naizen heinean, gero eta urduriago jartzen naiz. Eta esaten didate ez dela posible urduri jartzea, oso ondo dakidala zer den kontzertuak ematea. Kaka zaharra! Beharbada izango da erantzukizun gehiago sentitzen dudalako, taula gainean egiten dudanarekin. Lehen ez nintzen hain kontziente. Baina orain, ahots gutxiagorekin gainera... Oso urduri jartzen naiz. Hala ere, hastea da kontua, gero lasaiago aritzen naiz», kontatu du.
«Jarraitzen dut gustuko dudan hori egiten, eta beti defendatu dudana defendatzen»
Makina bat disko eta ehunka abesti dauzka sortuta Anje Duhaldek, unean uneko egoerari lotutakoak: «norberak kantu ezberdinetan zabaltzen ditu bere gisako mezuak, eta nik beti funtzionatu izan dut momentuko egoerarekin eta sentipenekin. Une honetan, nire sormenak joko luke publikoarekiko harremanetan izan dugun eten horretatik. Baina bestela, nire grin haundiena izan da euskerarena eta Euskal Herriarena, bizi naizen inguruarena, eta ikusi, entzun eta jasan izan dudanarena».
Pandemiak eragin duen etena bezala, beste bat izan zuen Fermin Valenciak, bere ibilbidean: «izan zen garai bat, abesteari utzi niona. Nik ordura arte egiten nuena, izaten zen protesta, abestien bitartez. Eta demokrazian geundela zioten garai hartan, ikusi nuen bazeudela beste talde batzuk, musikalki oso onak, Oskorri bezala. Eta nirea oso xumea zela ikusita, utzi egin nuen. Baina urte batzuk beranduago, konturatu nintzen egoera aldatu zela, baina ez hainbeste; eta gaztetan aldarrikatzen nituen gauza batzuk, berdin zeudela oraindik. Horregatik, kantatzen hasi nintzen berriro. Helduagoa naiz orain, baina jarraitzen dut gustuko dudan hori egiten, eta beti defendatu dudana defendatzen. Abesti batean diodan bezala, esta es la teta que me dio de vivir, y la hiel que me hizo sufrir. Eta horrela izango da beti».
«Zoriontsu naiz entzuten dudanean nire abestiak kantatzen dituztela»
Bide horretan, eten eta guzti, ehunka abesti sortu ditu Fermin Valenciak ere, baina diskorik ez du grabatu nahi izan: «ez dut inoiz izan interesik abestien merkatuarekin. Zoriontsu naiz entzuten dudanean nire abestiak kantatzen dituztela. Aurreko batean, adibidez, Sarrigurengo eskolatik deitu zidaten, ea joan nintekeen kantatzera, eta hala egin nuen. Ba haurrek kantatu zidaten Navarra tiene cadenas, gaztelaniaz eta euskeraz. Eta hori sekulakoa da niretzat, asko betetzen naute horrelako gauzek. Baina diskoak grabatzea ez dut inoiz garrantzitsutzat jo. Azkeneko urteotan konbentzitu naute, nire abesti asko bildu eta grabatuta uzteko, gordeta geratu daitezen. Eta hala egin genuen».
Pandemia, ordea, traba izan da Ferminen sormenarentzat: «azkeneko hilabeteotan oso gutxi konposatu dut. Pandemiak tokitik atera nau, eta gitarra hartzeko ere kendu dit gogoa. Asko kostatzen zait etxetik atera gabe egotea, eta jendearekin harremanik ez izatea. Etxekoentzat konposatu dut zerbait, baina besterik ez», dio. Kontzerturik ere ez du eskaini, eta biharkoa izango du aurrenekoa: «abestiren baten grabaketa egin dut, beste artista batzuekin kolaboratuz. Adibidez, Gernikako arbola grabatu nuen Donostian, Erramun Martikorena, Antton Valverde eta beste hainbatekin. Eta horrez gain, gauza xumeak egin ditut, omenaldietan eta ekitaldi txikietan. Baina kontzerturik ez. Hernanikoa izango da aurrenekoa».
Gogotsu hartuko du emanaldia berak, Duhaldek bezala, behar dutelako berreskuratu publikoarekiko harremana: «izan dugun eten hau oso kaltegarria da, jendearekiko harreman hori oso garrantzitsua baita abeslari eta musikarientzat. Ea egoera konpontzen den, eta gurea ere bai, bide batez», dio lapurtarrak. Izan ere, nabarmendu du «oso kezkagarria» dela egoera, une honetan: «musikari asko eta asko dabiltza arnasa hartu ezinda». Baina egoera kritikoan ere, baikortasunerako tarteak ikusten ditu Duhaldek: «denetarik dago gaur egungo musikarien artean; oso musika estilo desberdinak dauzkagu, abaniko zabala dago, eta estilo guztiak daude aukeran. Eta hori eskertzekoa da, beharrezkoa ere bazelako. Gu katalogatuta gaude, egin dugunagatik, eta egin dugun horri esker. Baina inguruan entzuten dudanarekin oso pozik nago, estilo gehiago sumatzen ditudalako, eta oso gauza onak, gainera. Espresatzeko gero eta bide gehiago zabaltzen ari dira, eta onerako da hori».