Noiz hasi zinen dantzan? Eta noiz espezializatu zinen dantza garaikidean?
Dantzan, hiru urte nituela hasi nintzen, Tolosan bertan. Hangoa izanik, herrian bertan hasi nintzen Baletarekin. Ondoren, formakuntzan jarraitu nuen, dantzan formatzen, nolabait. 16 urtera arte, Euskal Herriko Artelekun egiten ziren Arte Ederretako modalitate mordoa zegoen eta ikastaroak ere. Bertan koreografo asko egoten ziren. Dantza ikasi nahi genuenak bertan biltzen ginen.
Artelekun, egiten ziren kurtsoak gabonetan, Aste Santuan... Hor hasi nintzen garaikidea ikasten, nolabait. Garai hartan, hemen garaikideak ez zeukan orain daukan indarra, aukerarik ere ez zegoen urte horietan.
Honen ostean, Madrilen, Kontserbatorioan sartzeko frogak egin nituen. Hautatua izan nintzen eta 16 urterekin joan nintzen Madrilera, Batxillergoa egin bitartean, Kontserbatoriora. Bertan zentratu nintzen dantza garaikideko espezialitatean. Guztira 13 bat urte daramatzat dantza garaikidearekin; apur bat gehiago, beharbada.
Dantza modalitate gehiago egiten dituzu? Zeintzuk?
Ez pentsa. Egia da, gaur egungo dantza garaikidea nahiko irekia dela, influentzia ezberdinak daude, lurreko lan haundia egiten da eta egia da break danceko dantzari asko sartu direla dantza garaikidean. Eta hor nabaritzen dela beraien influentzia nabarmena da, lurrean batik bat. Oso irekia dago gaur egun dantza garaikidea; beraz, espezifikoki ez dut beste modalitate batean sakondu.
Zer esango zenuke ematen dizula dantzak?
Zaila da hau azaltzea. Azkenean, ez da bera azaltzea estudioan bakarrik dantzan edo emanaldi batean jendez inguratuta. Hala ere, esango nuke, bi eremuak ezberdinak badira ere, bietan askatasuna sentitzen dudala. Oso eroso nago dantzatzen dudan bitartean. Momentu horretan, %100 zentratuta nago dantzan; hau da, burua horretan bakarrik daukat. Ez da beti lortzen hala ere. Baina bai, momentu bat da non zauden momentu horretan zentratuta eta ez dago ezer gehiago zure buruan. Eta, aldi berean, askatasuna sentitzen duzu, nik behintzat.
Amaia, pasa al zaizu dantza erabiltzea, arazoez ahazteko erraminta gisa?
Ez dut dantza espreski erabiltzen arazo bat dudanean. Esan nahi dut, arazo bat daukadanean, ez naiz dantzan hasten hori ahazteko; baina egunero dantzatzen dut, eta konturatu naiz dantzatzean ahaztu egiten zaizkidala egunerokotasuneko arazo txiki horiek. Demagun egun txarra izan dudala eta burua gainezka daukadala; eta normalean, dantzatu eta gero, desberdin nago, ahaztu egiten zait. Nahigabe sentitzen dut eta egiten dut. Esan bezala, ez dut inoiz erabiltzen dantza arazoak ahazteko. Dantzatu behar dudanetan, dantzatzen dut eta nahigabe arazoak joan egiten dira burutik.
Emanaldietan eskaintzen dituzun dantzak edo koreografiak, zuk zeuk sortzen dituzu?
Bai, momentu honetan bai. Aldi berean, Rouge Elea konpainiarekin ere banago. Nire proiektua daukat, Amaia Elizaranen izenean, eta hor bai koreografiak nik sortzen ditut, eta pieza bakoitza normalean hainbat musikarirekin kolaboratzen dut, piezak ere ezberdinak izan daitezen. Momentu hauetan Rouge Elea konpainiarekin nabil, freelance moduan. Eta proiektu gehiago ere baditut; baina bai, nire proiektuetan, koreografiak nireak dira. Aldiz, konpainiarekin, beraiek sortzen dituzte, eta nik dantzatu.
Zuk sortutako koreografia, ez al da konpainia batek sortzea baina asegarriagoa?
Bai, baina presioa haundiagoa da. Bere alde onak dauzka eta bere alde negatiboak ere bai. Azkenean gehiago epaitzen duzu zeure burua. Aldiz, beste koreografo batekin ari bazara lanean, beraiek esaten didatena egingo dut, ahalik eta modu hoberenean. Eta egia da lan hori defendatzen zu ateratzen zarela, baina zuk zeuk sortutako dantzetan, epaiketa gehiago dago, zure buruarekiko.
Horrez gain, nire proiektuekin egon behar dut nire lanekin ofizinan dena lotzen, orduak sartzen, dena antolatzen, alojamenduak begiratzen... Ez da bakarrik kanpotik ikusten den emanaldia, atzetik lan haundia dago, ensaiotaz gain, lan administratiboak badaudelako. Hori bai, egia da zure proiektua aurrera eramateak asko asebetetzen zaituela; esfortzu guztia egin eta gero , gehiago, gainera.
Nola eragin dizu zuri Covid 19ak, dantzan?
Egia esan, aurten daukagun uda potentea da, emanaldi mordoa baitauzkat. Aurreko urteko geldialdia izugarrizkoa izan zen, martxotik ekaina bitarte horretan ez zelako emanaldirik egon. Ondoren, ekainaren amaieran, zerbait egin genuen, baina gauza gutxi. Ia emanaldi gehienak bertan behera gelditu ziren. Nik, orduantxe erabaki nuen formakuntza bat egitea; eta kanpora joan nintzen ikastera. Uda ezberdina izan zen. Irailean, Irlandan egon nintzen, egonaldi batean. Eta bertatik itzuli naizenetik, ez naiz gelditu, eta emanaldi mordoa eskainiko ditut. Uste dut, aurtengo pandemiak eragina izan duela; esan nahi dut, Hernanin, ekainaren 24an da eskainiko dudan emanaldia, eta beste urteren batean ez zen programatuko, seguruenik. Festak beste modu batean antolatzen ari direnez, kulturak pisua hartu du, eta alde horretatik oso positiboa da, aukerak etorri zaizkigulako kultura munduan gabiltzanoi.
Kalean, eszenatokian, eremu desberdinetan eskaintzen dituzu dantzak. Azalduko al zenuke zer ematen dizun bakoitzak? Eszenatoki batean edo kalean dantzatzea ez da gauza bera, ezta?
Bi bide ezberdin dauzkagu, emanaldi motzak kalean egiten ditugu, eta pieza luzeak, berriz, antzokirako prestatuak daude. Bakoitzak bere magia dauka, antzokian gezur gehiago kontatu daitezke. Esan nahi dut, antzokian, argien jolasarekin, ez dela dena gordina, erakusten dituzu gauzak zuk nahi dituzun moduan, beste magia batekin. Ez da hain erreala. Kalean gordin-gordina da, emanaldia den bezalakoa da, gardentasun osoz ikusi daitekeen emanaldia da kalekoa, gezurrik gabe. Ez daude argiak, ez dago laguntzarik. Biek daukate zerbait berezia. Niri, adibidez, kalean dantzatzea izugarri gustatzen zait, jendearen gertutasuna nabaritzen duzulako, sentitu egiten dituzu. Eszenatokian gorago zaude, publikoa urrutiago dago, ez da hain gertukoa nolabait esanda. Niri gustatzen zait publikoaren maila berean egotea, beraien parean. Biak dira ezberdinak, antzokian argiekin eta soinuarekin beste magia bat sortzen da. Kaleko atentzioa, sakabanatuta dago; azkenean, inguruan estimulo asko daude, autoak pasatzen dira, zarata asko dago... Publikoaren atentzioa mantentzea zailagoa da kalean, antzokian baino. Baina biak ditut gustuko.
Zer moduzko sentsazioa da, (hasieran arraroa izango zen), jendea maskarillarekin ikustea? Trasmititzen dutena, gauza bera al da?
Bai, oso hotza da jendea ikustea aurpegia tapatua duela, eta beraien artean ere distantziak mantenduz. Lehen, kalean emanaldia eskaintzean, gertutasuna nabaritzen zenuen, jendea zuregandik gertu jartzen zen, batzuk lurrean eserita; eta, orain, ez da horrelakorik ikusten, bizi dugun egoera dela eta. Galtzen da beraien espresioa, eta konexioa ere apur bat galtzen dela esango nuke, hotzagoa baita. Baina tira, egungo egoera hori da, eta ezer egin baino hobea da hau. Beraz, alde positiboa atera behar zaio denari.
Eduki al duzu nolabaiteko beldurra, jendeak egiten duzun dantza hau ez ulertzeko?
Beldurra, ez. Askotan iruditzen zait, jendea joaten da emanaldi pentsatzen: ulertu behar dut dantza, zer esan nahi duen dantzariak, gauza guztiak ulertu nahian. Baina kuestioa da, behar bada, gauzak sinplegoak direla, eta burua irekitzea da gakoa, batzuetan. Norberari heltzen zaionak balio du, ez da bilatu behar zer esanahi eman nahi dion artistak. Batzuetan, norberak ulertzen duenarekin nahikoa eta gehiago da.
Nik uste dut dantza garaikidearekiko edo kulturarekiko ohitura falta dagoenez, jendeak gehiegi kuestionatzen duela. Hau zergatik egin du horrela? Zer esan nahi zuen horrekin?
Pixkanaka emanaldiak ikusten badituzu, apurka-apurka, konturatzen zara ez dela hain sakonki begiratu behar, ulertzen dituzu mugimenduak eta heltzen zaizkizu bizipen edo sentimenduak; ez beharbada artistak nahi zituenak, baina heltzen dira.
'Out' izeneko emanaldia eskainiko duzu. Zer kontatzen da bertan?
Out sortu zen gure aurreko lanetik; Mar izenekotik, hain justu. Hau egin zen antzokirako, eta estrenatu genuen 2019garren urte amaieran. Hori estrenatu ondoren, eskaini genituen bi emanaldi eta konfinamendua etorri zen segituan. Hor ikusi genuen lan hori guztia ezin zela hor gelditu; izan ere, hilabeteak egon ginen horretan buru belarri. Ez genuen nahi pieza hiltzea, modu batera esanda. Hori horrela, Mar ikuskizuna, kalera moldatu genuen, antzokiko ordu beteko pieza luze hau moldatzeko aukera eduki genuen, eta kalerako pieza sortu genuen.
Mar emanaldiak, ur azpian gertatzen dena kontatzen du. Ur azpian zaude, eta momentu bat heltzen da non arnasa hartzeko, atera egin behar duzun. Uretatik ateratzen zaren momentu hori kontatu nahi du; alegia, hainbeste behar duzun arnasketa hori kontatzen du.
Ekainaren 24an, Hernanin izango zara. Zer espero duzu?
Jendea etortzea, egia esan. Nire lehenengo aldia da Hernanin emanaldi bat eskaintzen dudana, eta gogoz nago. Jirako lehenengo emanaldia dela esan dezakegu. Orain arte egin ditugu, baina udako irekiera izango da Hernanikoa. Hortik aurrera, emanaldi mordoa dauzkagu; beraz, Hernanin, jiraren irekiera izango da, nolabait.
Pentsatzen dut jendeak disfrutatuko duela; hori da, behintzat, nire nahia. Beraz, dena emango dut, hori argi daukat.
Udari begira pentsatzen dut proiektuak izango dituzula, ezta?
Out emanaldiarekin jira izugarria daukagu prestatuta. Euskal Herriko jaialdi mordotan egongo gara, Bilboko Kalealdian, Gasteizen, Lasarte, Hernani, Billabona... Euskal Herriaz gain, Valladolideko jaialdi garrantzitsu batera ere bagoaz, Frantziara ere bai... Oso-oso pozik gaude. Gainera, Euskal Herritik ateratzea, bizi dugun momentu honetan, ez da batere erraza. Bidaiatzeko eta hemendik ateratzeko aitzakia polita daukagu.
Horrez gain, Rouge Elearekin uztailean estreinatuko dugu kaleko pieza berri bat, eta horrekin ere ibiliko naiz udan. Bi lan horiekin nabil, buru-belarri.