Maddi Grijalba hernaniarrak Haur Hezkuntzako Goi Mailako Zikloa amaitu berri du, eta bere bi pasioak uztartzeko aukera baten bila aritu da azken urte honetan: futbola eta Haur Hezkuntzako ikasketak. Horrela, bere ametsa jarraitzeko bidean, kirol bekekin egin zuen topo, eta Illinoiseko Heartland Community College zentroan emango die jarraipena Haur Hezkuntzako ikasketei. Hori ez ezik, bertako futbol taldean jokatuko du, horixe baita CDHko jokalariari gehien egitea gustatzen zaiona.
Horrelako trenak gutxitan pasatzen dira. Nola hartu zenuen erabakia?
Konfinamenduan hasi zen hau guztia. Nire amarekin nengoen sofan, telebista ikusten. Galdetu zidan ea zein zen nire asmoa datorren ikasturterako; izan ere, Haur Hezkuntzako Goi Mailako zikloa bukatu berri dut, eta nire asmoa zein zen jakin nahi zuen. Nik erantzun nion atzerrira joan nahi nuela, baina elkarrizketa bere horretan gelditu zen.
Hurrengo egunetan, informazioa bilatzen aritu nintzen interneten, kanpora joateko zein aukera nituen jakiteko. Kontua da nik futbolean jokatzen jarraitu nahi dudala, eta beraz, ikasketekin batera aukera hori eskaintzen zuen zerbait nahi nuen. Modu horretan, berehala egin nuen topo kirolen beka hauekin, informazio mordoa dago sarean. Aurretik ere banekien horrelako bekak daudela, ezagun batek horixe egin zuelako; baina, horrez gain, ez nuen gaiari buruz ezer gehiago ezagutzen. Hori guztia kuxkuxeatzen aritu nintzen, eta, hurrengo egunean, berriz ere amarekin sofan nengoela, hori guztia azaldu nion. Hasieran, harriduraz hartu zuen albistea: hain urrutira? Baina, beno, azkenean, aurrera egin nuen, agentzia batekin jarri ginen harremanetan, eta hortxe hasi zen prozesu guztia.
Zergatik AEBetara?
Atzerrira joan nahi nuela argi nuen, baina ikasketak eta kirola uztartzen zituen bestelako programarik edo bekarik ez nuen topatu AEBetatik kanpo. Bertan, urtebeterako programazioa diseinatzen dute, xehetasun haundiz. Hortaz, ez nuen zalantzarik izan.
Etxekoek, lagunek… Zer esan dizute?
Espero ez den gauza bat da. Izan ere, oinarrizko ikasketak amaitzean, jendea lanean hasten da edota ikasten jarraitzen du. Baina, normalki, hemen gelditzen da, kanpora joan gabe. Gainera, beka hauek ez dira oso ezagunak. Nire inguruan, behintzat, esperientzia hori bizi duten bi neska ezagutzen ditut soilik. Beraz, AEBetara joango naizela esaten dudanean, jendea, hasieran, harritu egiten da. Galderak egiten dizkidate, bidaiaren nondik norakoak zeintzuk diren jakiteko.
Horrekin batera, batzuek esan didate, agian, bueltatzerakoan, ez dizkidatela ikasketak konbalidatuko, eta berriro egin beharko dudala ikasturtea. Egia da, soilik lehenengo urtea eginez gero, horixe gertatuko litzatekeela. Baina, aldiz, bi urtez Illinoisen ikasiz gero, ez nuke arazorik izango konbalidazioei dagokienez. Dena den, nire ustez, esperientzia berriek beti izan behar dute ongi etorriak, onerako zein txarrerako. Bidaia honetan dena ez dira ikasketak izango, beste hainbat helburu ere badaude.
Edonola ere, oro har, denek esaten didate esperientzia ahaztezina izango dela, eta orain dudala hori egiteko momentu egokiena.
Zein da, orduan, bidaia honen helburua?
Hitz gutxitan esateko, esperientzia berri bat bizitzea. Orain arte ez naiz etxetik kanpo egon, eta horrek beregain daraman guztia bizi nahi dut: autonomia, sozializazioa, ingelesa hobetzea… eta, batez ere, nire burua beste agertoki batean ikustea, erronka berri baten aurrean.
Zer nolako prozesua izan da?
Guztia oso polita dela ematen du, baina oso prozesu luzea izan da, urtebete ingurukoa. Bideoak grabatu, azterketak egin, elkarrizketak... Denetarik egin behar da esperientzia hasi aurretik.
Hasteko, hau guztia antolatzen duen agentziarekin harremanetan jarri nintzenean, bideo bat egiteko eskatu zidaten, futbolean zer moduz aritzen nintzen jakiteko. Izan ere, maila minimoa erakutsi behar da beka hauek jasotzeko eta bertako unibertsitateek zu onartzeko.
Horren ondoren, hainbat azterketa egin behar dira. Hori guztia prestatzeko, Mallorcako irakasle batekin online eskolak jaso nituen. Lehenik, selektibitatearen antzeko zerbait (SAT) egin behar izan nuen; eta, hori gaindituz gero, kontaktua egin behar da hainbat unibertsitaterekin. Nik, besteak beste, kontaktua izan nuen Texaseko zentro batekin, Illinoiseko batekin, eta Ipar Carolinako beste batekin. Horiek guztiak aztertu nituen eta, azkenean, Illinoisekoa hautatu nuen. Eta, beraz, bigarren azterketa egin nuen, unibertsitate horretako sarbide proba, alegia. Oso estresantea izan zen, esan zidatelako azterketa prestatzeko 5 egun besterik ez nituela izango. Eta, hortaz, gainditzen ez banuen, guztia bertan behera geldituko zen. Hala ere, lortu nuen gainditzea eta oso pozik nago orain.
Hori guztia gutxi balitz, prozesua amaitzean, hautatua izan nintzen unibertsitateko futbol taldeko entrenatzailearekin hainbat elkarrizketa izan nituen. Jomuga zen gertutasuna lortzea. Esan beharra dut, ordura arte, guztia oso urruti ikusten nuela: azterketak, kontaktuak egitea… Baina, bideoen bitartez entrenatzailearekin hitz egitean, hau guztia benetakoa zela jakin nuen. Jakin badakit beraiek ohituta daudela atzerriko jokalariekin hitz egitera, unibertsitateetako taldeetan mundu osoko jokalariak baitaude. Esanak esan, gustura sentitu nintzen berarekin hizketan, oso jatorra eta gertukoa izan zen.
Azken urte honetan, unibertsitatean onartua izateko prestatzen aritu zara?
Aurrez aipatu moduan, SAT azterketa eta nire ikasketa zentroko sarbide proba prestatu behar izan nituen.
Hizkuntzari dagokionez, ez dut eskola berezirik jaso. DBHn eta batxilergoan ikasitakoaren maila dut. Esperientzia honetarako, pelikulak eta telesailak ingelesez ikusten ahalegindu naiz. Izan ere, agentziako langileek esan zidaten garrantzitsua zela, batez ere, entzumena lantzea. Eta horretan aritu naiz orain arte.
Hori da, egia esan, nire beldurretako bat; hain justu, hara joan eta bertakoei ez ulertzea. Dena den, pixkanaka-pixkanaka, hobetuko dudalakoan nago.
Dirulaguntzarik jaso al duzu?
Beka mota hauetan, jasotako dirulaguntza bi irizpiderekin dago lotuta: batetik, ikaslearen ikasketa espedientearekin; eta, bestetik, ikasleak bere sorterrian futbolean jokatzen duen mailarekin. Unibertsitate bakoitzaren esku dago diruz gehiago ala gutxiago laguntzea.
Nire kasuan, Euskal Herrian Euskal Ligan jokatzen dudanez eta, bestalde, nota nahiko onak ditudanez, matrikularen %100 ordainduko didate. Gainerako guztia, hau da, bertan kontsumituko dudana eta bidaia, nik ordaindu beharko dut.
Horrez gain, nik dakidala, Eusko Jaurlaritzak ez du horrelako konturik diruz babesten. Nire kasuan, behintzat, ez da hala izan. Bidaia hau egiteko arlo pribatura jo behar dela esan genezake. Egin beharrekoa da agentzia batekin harremanetan jarri eta haiekin tramite guztia egin.
Futbolean jokatzeko ez ezik, ingelesa ikasteko aukera ere emango dizu honek, ezta?
Bai, eta aprobetxatuko dut esateko horrelako esperientzia hau arrazoi askorengatik dela positiboa. Hizkuntzari erreparatuz, eskolan, futbol taldean, kalean… Ingelesez hitz egingo dut; eta, ondorioz, espero dut maila hobetzea, noski! Etxean ez ezik, gainerako leku guztietan praktikatuko dut-eta. Etxekoek ere esaten didate azken hori aukera ezin hobea dela, ingelesa ikasteko atzerrira joatea bezalakorik ez dagoelako.
Hori ez ezik, jende berria ezagutuko dut, etxetik kanpo bizitzen ikasiko dut, autonomoagoa izaten… Ez dakit, gauza asko dira.
Bertako futbolak hemengoarekin antzekotasunik ba al du?
Egia esateko, honen gainean ez dakit gehiegi. Aldatzen dena da unibertsitate bakoitzak bere futbol taldea duela, eta hori ez da hemen ikusten. Horrekin batera, hainbat kategoria edo maila daude, eta unibertsitate bakoitza horietako batean dago. Gainera, zentroko diru-iturrien arabera sailkatzen dira maila batean edo bestean. Nire kasuan, adibidez, goi mailako ziklo baten antzeko zerbait egitera noanez, zentro horrek ez du unibertsitate batek bezain beste diru. Beraz, esan genezake maila apalago batean jokatuko dudala. Hau da, ez dut jokatuko unibertsitate batek aurka, goi mailako zikloko zentroen kontra baizik.
Nolakoa imajinatzen duzu hango bizitza?
Ez dut gehiegi pentsatu honi buruz. Hemen nagoela, hasiera behintzat, nahiko kaotikoa imajinatzen dut, gauza berrietara ohitu eta egokitu beharko dudalako. Hemengo bizi estiloarekin alderatuta, badakit ezberdina izango dela. Hasteko, entrenamenduak ia egunero izango ditudalako eta pisu haundia ematen diotelako kirolari. Futbol talde batean murgilduta egongo naiz, Heartland Community College zentrokoan, alegia. Entrenatzaileak azaldu zidanez, batzuetan, goizeko 07:00etan gimnasioko entrenamendua izango dut; gero, klaseak izango ditut; eta, eguna amaitzeko, futboleko entrenamendua. Egutegia aldatuko da, baina horrelakoa izango da nire egunerokotasuna.
Non biziko zara?
Unibertsitate ondoko apartamentutxo batean biziko naiz, Bartzelonako beste neska batekin. Bera dagoeneko han dago, eta pisukidea behar zuen. Horren berri izan nuen eta berarekin bizitzea erabaki nuen.
Abentura hasteko eguna gerturatzen ari da. Zein sentimendu dituzu?
Uztailaren 24an hartuko dut hegazkina, Madrildik. Bederatzi orduko bidaia izango da, eta esan bezala, egin beharreko guztia lotuta dudan arren, hegazkina hartzeko eguna gerturatzen ari da eta urduri dago. Ez dut ukatuko, beldurra ere sentitzen dut. Hala ere, normala da, ezinezkoa baita ezinegona ez sentitzea. Gainera, ziurrenik, hasiera ez da erraza izango, eta nire etxekoak, familia, lagunak, futbol taldea… Asko botako ditut faltan.
Baina, guztiaren gainetik, ilusio haundia dut eta oso gogotsu nago, esperientzia topera bizitzeko irrikaz! Gainera, teknologia berriekin erraza izango da hemengoekin harremanetan egotea, eta badakit, milaka kilometrotara ere, haien goxotasuna sentituko dudala. Ziur nago!
Han gelditu edo Hernanira bueltatu… Ba al duzu etorkizunerako planik?
Momentuz, urtebeterako plangintza egin dugu. Batzuetan gertatzen da ikasle batzuek lau urterako aurreikuspenak egiten dituztela, eta urtebetera itzultzen direla. Eta, beste batzuetan, berriz, kontrakoa izaten da. Beraz, nik urtebetekoa egin dut, eta gero ikusiko da. Gomendio hori eman zidan agentziak, eta horixe jarraituko dut.
Era berean, egia esan, epe luzean behintzat, ez dut imajinatzen nire bizitza Hernanitik kanpo. Haur Hezkuntzako ikasketak amaitu eta lanean hastea da nire helburua. Hortaz, lehenago ala beranduago, baina itzuliko naiz. Momentuz, orain gaztea naiz eta esperientzia hau aprobetxatu beharra daukat. Bueltakoan, ikusiko da!