Erreportajeak

«Helburua izan da gure kulturaren parte diren ganaduzaleen eta animalien egoera kontatzea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 19a, 00:00

Julen Iraola eta Ekaitz Cisneros, Sokamuturra Bai taldeko kideak.

Euskal Zezenzale Elkarteak 'Suharra' dokumentala kaleratu du, eta Sokamuturra Bai taldeak Hernanira ekarri du. Ekainaren 27an proiektatuko dute, Biterin, arratsaldeko 18:00etan. Gonbidapenak aurrez eskuratu behar dira.

Aurtengo San Joanetako egitarauaren baitan, Sokamuturra Bai taldeak Suharra dokumentala proiektatuko du ekainaren 27an, Biterin, arratsaldeko 18:00etan. Euskal Herrian, galtzeko zorian dauden bertako behi-arrazen gaineko ikus-entzunezkoa da, eta Euskal Larrabehi eta Zezenzale Elkarteek gidatu dute, Ikusmin  produktoraren laguntzarekin. Interesa dutenek, gonbidapenak aurrez eskuratu behar dituzte: sokamuturrabaihernani@gmail.com helbidera edo 652 666 558 telefono zenbakira mezua bidalita, norberaren izen abizenekin.

Julen Iraola Sokamuturra Bai taldeko kideak azaldu duenez, «dokumentalak Terreñak, Montxinak, Larrabehiak eta Betizuak ditu hizpide, eta animalia horien zaintzan aritzen diren baserritarren egoeraren berri  ere ematen du». Gainera, Iraolaren esanetan, «ikus-entzunezkoan eboluzioa ikusten da, animalien historia eta gaur egungo egoera lantzen baitira». Horrez gain, emakume baserritarrak erdigunean jarri ditu ikus-entzunezkoak; «euren jarduteari justizia egin nahi izan diogu», kontatu du hernaniarrak.

Euskal Zezenzale Elkartea 2019an sortu zen, «zezen festa herrikoiak defendatzeko jomugarekin eta horren alde egiten dugun guztiak antolatuta egoteko asmoarekin», azaldu du Julenek. «Aspaldiko kontua da, Zumaiako zenbait herritar aritu ziren horretan lanean, eta baita Azpeitikoak, Tolosakoak eta beste hainbat udalerritakoak ere. Alegia,  zezenetan aritzen direnak. Hernaniar batzuk ere horretan gabiltza; eta, denera, Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako kideak daude elkartean».

Hernaniarrak dio «hutsunea» sumatu zutela zezenen alde egiten dutenen antolakuntzan, eta horregatik sortu zela elkartea. «Zezen festa herrikoietan aritzen garenok elkar ezagutzen dugu, eta ikusi genuen, pixkanaka, horren kontrako mugimendua areagotzen ari zela. Hernaniko sokamuturra, adibidez, egun batez kendu zuten. Lehen, hiru egunez izaten zen eta orain, berriz, bi egunetara murriztu dute. Oreretan ere bide beretik hasi ziren, eta orain guztiz desagertu da. Beraz, hori guztia ekiditeko asmotan erabaki genuen elkartea sortzea eta gure pasioa defendatzeko taldea izatea».

«Gaztelaniaz 'bravura' esan nahi du, eta hori da Betizuek eta Larrabehiek barruan daramatena; alegia, harrapatzeko grina»

«Suharrak esan nahi du harrapatzeko grina»

Euskal Zezenzale Elkarteak, ganaduzaleen egoeraren berri emateko eta haien errealitatea islatzeko, ekainaren 27an proiektatuko den dokumentala egitea erabaki zuen. «Ikus-entzunezkoari Suharra izenburua jarri genion. Gaztelaniaz bravura esan nahi du, eta hori da Betizuek eta Larrabehiek barruan daramatena; alegia, harrapatzeko nahia edo desira».

Hari horri tiraka, Sokamuturra Bai taldeak dokumentala Hernanin proiektatzea nahi izan du. «Herrira ekarri dugu, sokamuturra egingo ez denez, behintzat jendeak lan honen berri izateko eta ganaduzaleen errealitatea ezagutzeko», nabarmendu du Julenek. «Asier Albite elkarteko zuzendariaren ideia izan zen hau guztia egitea; eta, besteak beste, dokumentalean ikus daiteke ganaduzaleen egunerokoa zein den, animaliekiko tratua zein den, Betizuak eta Larrabehiak nola bizi diren, eta abar. Lan haundia egin da, elkarrizketak baserritarrekin, grabaketa... Emaitza polita eta osoa dela uste dugu».

Ganaduzaleen testigantzak jarri dituzte erdigunean

Joan den urtean hasi ziren dokumentala grabatzen; «helburua izan da gure kulturaren parte izan diren eta diren ganaduzaleen egoera kontatzea; hain justu, haien lana zezen festa herrikoietara bideratzen dutenen egunerokotasuna islatzea», adierazi du Iraolak. «Gainera, errelebo generazionala egon da, eta ikus-entzunezko honen bidez bildu nahi izan ditugu lehengo ganaduzaleen testigantzak eta oraingoenak. Izan ere, eboluzioa ez ezik, jarraipena ere izan du honek guztiak, zezen festa herrikoiak gaur egunera arte heldu direlako eta jarraitzea nahi dugulako».

Julenek dio pasadizo asko kontatu dituztela ganaduzaleek dokumentalean; «besteak beste, animaliak zaintzeko modua nola aldatu den azken urte hauetan guztietan. Lehen, animalia guztiak mendian izaten zituzten ganaduzaleek, eta baserritarrak hurbiltzen ziren haiengana. Orain, aldiz, gauzak aldatu dira», gehitu du. «Lehengo ganaduzaleak zahartu egin dira, eta batzuk zendu ere egin dira. Gure kultura dira haiek, eta gure kulturaren parte den hau guztia galtzea nahi ez dugunez, dokumental batean bildu nahi izan ditugu lehengo eta oraingo ganaduzaleen kontakizunak».

Halaber, ekosistema ere erdigunean jarri dute Suharran. «Gure ganadutegietan daude, batez ere, Larrabehiak. Animalia horiek pisu haundia dute ekosistemaren mantentzean; eta, horregatik, ezinbestekoa da horiek gurean jarraitzea». Horrekin batera, kezkatuta agertu dira Euskal Zezenzale Elkarteko kideak, zeren Betizuak eta Larrabehiak galtzeko arriskuan baitaude. «Gure animaliak bizi dira murriztutako askatasunean, hau da, ez dira mendian guztiz aske bizi; dena den, hektarea asko dituzte nahi moduan ibiltzeko. Adibidez, Betizua, askatasunean bizi den azken behi europarra da. Adarran edo Onddin, kasu, Betizuak daude. Egia da jaberen batenak direla, baina han daude, aske». Arrazoi horrengatik, Betizuari leku berezia egin diote ikus-entzunezkoan; «Larrabehiaren arrazaren edo genetikaren zati garrantzitsua dira, eta badira soilik Betizuak dituzten ganaduzaleak. Hortaz, baserritar horiei ahotsa eman diegu dokumentalean».

Adierazitakoaz gain, gai honetan emakumeen papera zein den argi utzi nahi izan dute elkartekoek. «Badirudi soilik gizonezkoek hartzen dutela parte zezen festa herrikoien antolakuntzan eta horren guztiaren atzean dagoen lanketan; hala ere, guk hori ezeztatu nahi izan dugu. Horregatik, emakume baserritarren lekukotzak bildu ditugu, eta merezi duten protagonismoa eman diegu, haien lana, gainerako ganaduzaleena bezalaxe, ezinbestekoa baita hau guztia aurrera eramateko».

«Lehengo ganaduzaleak zahartu egin dira, eta batzuk zendu ere egin dira. Gure kultura dira haiek, eta galtzea nahi ez dugunez, dokumental batean bildu ditugu lehengo eta oraingo ganaduzaleen kontakizunak»

«Laburbilduz», dio Julenek, «dokumental honetan ikus daiteke Larrabehiaren eta Betizuaren zaintzan zein eboluzio edo aldaketa eman den; eta, besteak beste, 90 minutu horietan, goraipatu da emakumearen presentzia lan honetan. Hitz gutxitan esateko, inoiz azaldu gabeko gure kulturaren parte diren bertako ganaduzaleen historia kontatu dugu».

 

Pasioa eta grina, zainetan

Bestalde, dokumentalerako ez ezik, «lanketa pertsonalerako» ere ganaduzaleen egoeran sakondu dutela dio Julenek. «Gehienok harreman haundia dugu beraiekin, umeak ginenetik. Izan ere, gaztetxoak ginenetik beraien animaliak eta baserriak ere ezagutu ditugu. Horregatik, dokumentala egitearen ideia izan aurretik, pandemiak sektore hau gogor jo zuela ikusi genuenean, haiengana jo eta egoera zein zen ulertu nahi izan genuen». Betizuak eta Larrabehiak zaintzen dituzten baserritarrekin hitz egitean, azken urte honetan «zailtasun haundiak» izan dituztela jakin zuten. «Beraien diru sarrera nagusia da udaran, festetan, izaten diren ekitaldietan irabazitakoa. Kasu honetan, aldiz, koronabirusak galarazi egin du zezenekin ezer egitea; eta, ondorioz, ganaduzaleen egoera asko okertu da», dio Julenek. «Ingresurik gabe animali guztiak mantentzea ezinezkoa izan da, eta horrenbestez, murrizketak egin behar izan dituzte. Horren berri emateko eta oihartzuna izateko, Kronikan eta beste zenbait hedabidetan eman genuen horren berri; eta, horrez gain, Azpeitin ere lehiaketa bat antolatu genuen. Irabazitako dirua ganaduzaleentzat izan zen, haien egoera hobetzeko», jarraitu du.

 

'Suharra' dokumentalerako grabaketa lanetan, ganaduzaleekin.

 

Zezen festa herrikoien aldeko defentsa

Osasun egoeragatik aurtengo San Joanetan sokamuturra egitea ezinezkoa zela ikusi zutenean, bi proposamen egin zizkioten Udalari: «batetik, Euskal Zezenzale Elkarteko dokumentala San Joanetako egitarauan sartzea; eta, bestetik, zezen plaza mugikorra jartzea. Azken horrekin, gure helburua zen errekortadoreen saioren bat egitea, eta, horrez gain, agertokia aprobetxatzea kontzertuak, emanaldiak, edota bestelako kultur ekintzak egiteko. Horretarako, Covid-19aren aurkako protokoloa prestatu genuen eta segurtasun neurriak zeintzuk izango ziren azaldu genuen. Udalak, dena den, soilik lehenengoa onartu zuen; alegia, dokumentala proiektatzea».

«Dokumentalean ikus daiteke Larrabehiaren eta Betizuaren zaintzan zein eboluzio edo aldaketa eman den. Hitz gutxitan esateko, inoiz azaldu gabeko gure kulturaren parte diren bertako ganaduzaleen historia kontatu dugu»

 

Proposamenen berri emateko, Udalarekin bilera bat egin zutela kontatu du Julenek. «Berehala onartu zen dokumentalaren kontua, baina zezen plaza mugikorrarenarekin, berriz, erantzuna guztiz bestelakoa izan zen. Haien argudiaketan, animaliadun zirku ikuskizunak debekatzeko plenoan hartutako erabakiari heldu zioten; eta zezen plaza mugikorrean animaliekin errekortadore ikuskizunak egingo zirenez, ezezkoa eman ziguten».

Ildo beretik, Jai Batzordean ere sokamuturra defendatu dutela kontatu du Julenek. «Sokamuturra arriskuan zegoela ikusi genuenean, Jai Batzordean sartzea erabaki genuen. Guri inork ez zigun aurretik ezer esan; alderantziz, egitarautik egun bat kendu zuten, ezer kontsultatu gabe. Eta azken hori, guretzat, kolpea izan zen», dio.

Hernaniarraren esanetan, so­kamuturra defendatzearen arrazoiak bi dira: «batetik, uste dugulako zezen festa herrikoiak gure kulturaren zati bat direla, eta kultura ezin dela debekatu; eta, bestetik, sokamuturra norbaitengatik jarri delako arriskuan, eta ez, ordea, ekintza beragatik. Hau da, norbanako, talde edo eragile batzuek egin dute sokamuturraren aurka. Baina Hernaniko sokamuturrean, urtero betetzen da plaza. Are gehiago, jende gehien biltzen duen ekintzetako bat da. Beraz, hori guztia antolatzeari utziko diogu, jendeak bertaratzeari uzten dionean. Baina, bitartean, horren alde egiten jarraituko dugu», esan du.

Kultura aipatzearen harira, hauxe zehaztu du errekortadoreak: «kultura da guri, herri gisa, identifikatzen gaituen zerbait; eta sokamuturra, hain justu, horren barruan dago. Are gehiago, sokamuturraren lehenengo arrastoak duela 500 urte aurkitu ziren, Azpeitiko paper batzuetan. Orain arte mantendu da, eta guk horren alde egitea nahi dugu, zezen festa herrikoien alde, alegia».

 

2019ko San Joanetako sokamuturra, Plazan.

«Guk iritzi guztiak errespetatzen ditugu»

Sokamuturra Bai taldeko kideak dio haiena defendatzeko bidean ekintza ugari egin dituztela. «Proposamen asko egin ditugu; horien artean, plazan hondarra botatzea, lurrean likido berezi bat botatzea zezenak ez erortzeko, eta abar. Horrez gain, sokamuturra hiru egunetara bueltatzeko, hirugarren egun hori taldeak berak ordaintzea ere proposatu genuen, baina erantzuna beti ezezkoa da. Horregatik, inpotentzia sentitzen dugu», azaldu du.  «Ondo iruditzen zaigu sokamuturreko egunetan bestelako jarduerak egitea; are gehiago, uste dugu onuragarria dela herriarentzat. Modu horretan, herritar bakoitzak erabakiko du nora joan. Baina kontua da esaten digutela hori ez dela posible; hau da, sokamuturra bi egunetara murriztea trantsizioa dela, egitarautik behin-betiko kentzen bukatuko dutelako».

Julenek dio ez dutela ulertzen  haien aurkako «ezezko jarraitu» hori. «Zergatik ezin ditugu bi ekitaldi batera egin? Askekintzakoa eta gurea. Guk errespetatzen dugu sokamuturraren aurkako iritziak egotea, baina geurea ere onartzea nahi dugu». Horren bueltan, gehitu du, batzuetan animaliaren kontrako jarrera txarrak daudela sokamuturrean, eta haiek hori guztia salatzen dutela. «Hori ez ezik, ikusten badugu zezena heltzen dutela edo baloia haren aurka botatzen dutela, esaterako, berehala gerturatzen gara eta hori egitea debekatuta dagoela esaten diegu. Zezena maite dugu eta haren aurkako erasoak ekiditea da gure egitekoa».

Gertatzen dena gertatzen dela, elkarlanerako prest «beti» egongo direla zehaztu du Julenek. «Zezen festa herrikoien aldeko bidean, iritzi guztiak dira ongi etorriak, hobetu daitekeen edozer hobetzeko prest gaudelako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!