Zientoka irteera, milaka bazkide, eta asmo berbera: mendiaz gozatzea. Ezin laburtu daiteke elkarte baten 75 urteko historia hiru lerrotan, baina horixe da, egungo oztopo eta zailtasunen erdian, Mendiriz Mendiko kideek nabari duten hutsune haundiena: «oso gogotsu gaude berriro irteerekin hasteko. Taldean joanda eta izaten den giro ederrarekin, oso gustura ibiltzen zara, eta horren falta sumatzen dugu gehien», nabarmendu dute Inaxio Sanzek, Julen Lekuonak eta Txe Zuzak.
Ekainean bete berri ditu 75 urte Mendiriz Mendik: «ni naiz zaharrena, eta ni jaio baino lehenago sortu zen elkartea, pentsa!», dio barrez Inaxiok: «sekulako poza da kopuru horretara iritsi garela konturatzea. Izan ditugu garai txarrak ere, baina horiek pasata, urte asko daramazki osasuntsu Mendiriz Mendik».
Datorren iganderako zeukaten aurreikusita ospakizuna: Santa Barbara inguruan bueltaxka, eta bazkaria ondoren. Ez dute horrelakorik egingo, egoeragatik; baina badute pozik egoteko motiborik: «hilabete honetan hasiko gara berriro irteerak egiten. Ekainaren 20an bertan egingo dugu aurrenekoa, Allekori buelta Lizarrustitik; urtarrilerako aurreikusita zegoena, hain justu. Goizean goiz aterako gara hemendik, eta eguerdirako bueltatu», azaldu du Txek.
Oso irteera berezia, uztailean: Argualas igoko dute berriro
Uztailetik aurrera bai, urte hasieratik zehaztutako egutegiari jarraituko diote. Eta oso berezia izango da uztaileko irteera, hilaren 24 eta 25eko asteburuan egingo dutena: Argualas mendira igoko dira berriro.
Mendiriz Mendiren historian oso toki nabarmena baitauka Argualasek: «Espainiako Mendi Federazioan onartua izateko, 3.000 metroko mendi bat igo behar zuen elkarteko kideren batek, eta 1954an, autobusa hartu eta Panticosara joan zen Hernaniko talde bat, Fortunak antolatutako irteera batean». Antonio Agirresarobe, Bixente Zupiria, Jesus Gabilondo, Joakin Zigaran, Juan Otamendi eta Tedi Setien joan ziren; eta abuztuaren 1ean iritsi ziren haietako bi, Agirresarobe eta Otamendi, Argualas tontorrera (3.046 metro). Horri esker lortu zuen Mendiriz Mendik, Espainiako Mendi Federazioko kide izatea.
Baina hori baino lehenagokoa da Mendiriz Mendiren sorrera, edonola ere. 1946an jaio zen, Club Deportivo Hernaniren adar bat bezala. Ordurako, baziren makina bat urte, hernaniar talde bat elkartzen zela mendira joateko: «irteerak egiten zituzten Joxe Erdoziak, Alfonso Troyek, Gregorio Zelaietak, Luis Gorospek, Jesus Egigurenek, Juan Otamendik eta beste hainbatek». Eta Euskal Mendizale Federazioan, 1929an ageri da Sociedad Deportiva Hernani FCB izeneko bat, «baina ez dakigu loturarik daukan Mendiriz Mendirekin».
Elkartea Espainiako Mendi Federazioan onartua izateko, 3.000 metroko mendi bat igo behar zuen elkarteko kide batek; eta Argualasera joan zen Hernaniko talde bat, 1954an.
Hori baino 17 urte beranduago sortu zen Mendiriz Mendi, Bizkaian hasi eta Gipuzkoara hedatu zen joera bati jarraituz: «Bizkaian hasi zen mendi elkarteak sortzeko mugimendua. Eta Gipuzkoan, gurea baino lehenago sortu zen Errenteriako Urdaburu, 1942an. Baina urte horietan sortu ziren elkarte asko. Azpeitiko Lagun Onakek ere, aurten dauka 75garren urteurrena; eta datozen urteotan, beste askok ospatuko dute», azaldu du Inaxiok.
Mendi irteeren gainbehera, 70eko eta 80ko hamarkadetan
Mendi irteerak ez ezik, beste ekimen asko ere jarri zituen martxan Mendiriz Mendik, aurreneko urteetan. 1947an, esaterako, mendi elkartea bera hasi zen San Inazio eguna antolatzen, Santa Barbaran, gaur egun urtero ospatzen dena, Morkaiko elkartearen eskutik. 1955ean, mahai gainean jarri zuten Santa Barbarako ermita berria egiteko ideia, eta Setien Alberro hernaniarraren diseinuarekin, eta herritar askoren lanarekin, eraiki zuten gaur egungo ermita. Argitalpenak ere izan dira tartean: 1959tik 1962ra, boletin bat argitaratu zuen elkarteak, eta 1984an, Ilargiaren itzalpean izeneko aldizkaria sortu zuten Mendiriz Mendiko hainbat kidek, hiru urtez argitaratu zutena.
Mendi irteerak ziren, edozein kasutan, ekintza nagusia. Baina horiek ere izan dituzte garai zailak: «1970 urtera arte, nahiko ondo joan ziren, baina hortik aurrera, partehartzaile kopurua jaisten hasi zen. Horri aurre egiteko, herri mailan beharrean, eskualde mailan hasi ginen irteerak antolatzen. Baina horiek ere ez zuten ondo funtzionatu, 1980tik aurrera.
Urte haietan egin zuten aldaketa bat ere, irteerak suspertzeari begira: «garai batean, irteerak ez ziren orain bezala egiten. Joaten ziren toki batera, tontorrera igo, eta toki berera jaitsi. Hortik aurrera, hasi ginen zeharkaldiak egiten, toki batean hasi eta beste batean bukatu», dio Inaxiok.
Baina guzti horrek ez zuen nahi bezalako emaitzarik eman. «Gu zuzendaritzan sartu ginenean, hasi ginen berriro irteerak antolatzen. Egutegi propioa osatu genuen, eta herrian asko mugitu ginen, jendea animatzen. Eta funtzionatu zuen», kontatu du Inaxiok, 10-11 urtez Mendiriz Mendiko lehendakari izan zenak. «Banan-banan beharrean, koadrilak etortzen ziren irteeretara, bakoitzetik 7-8 lagun. Eta behin etorriz gero, jendeari gustatu egiten zaio, eta etortzen jarraitzen du», gaineratu du Txek. Berak hartu zion erreleboa lehendakaritzan, eta 24 urte daramazki horretan.
Haiek eta beste hainbatek egindako saiakera izan da elkartearen biziraupenaren klabea, Julenen arabera: «bertan dagoen jendea izan da elkarteak bizirauteko eta aurrera egiteko gakoa; Txe eta Inaxio bezalako jendea, urte pila bat daramazkitenak elkartearen martxa eramaten», nabarmendu du.
«Seriotasunarekin egiten ditugu irteerak, eta horrek segurtasuna ematen dio datorrenari»
«Irteera asko egiten ditugu, baina ez da egitea bakarrik. Seriotasunarekin egiten ditugu. Taldearen buruan dijoa bat bidea dakiena, baina atzetik ere badijoa jendea, nola jokatu behar duen badakiena. Bidegurutzeetan gelditu egiten gara, taldetxoak elkartu eta inor ez galtzeko. Eta horrek guztiak, segurtasuna ematen dio irteeretara datorrenari. Mendian ibiltzeko segurtasunik ez duena ere, animatzen da gurekin etortzera», nabarmendu du Inaxiok. «Eta ez gara korrika ibiltzen», gehitu du Txek: «mantso joaten gara, eta ikusten dugunean taldetxo bat atzeratu dela, itxaron egiten dugu».
«Mendian, lehen ez zegoen ibilbiderik markatuta; eta horretan hasi zirenean, batzuk moskeatu eta haserretu egin ziren, 'pinturita' haiekin»
Zeharkaldien ereduari jarraituz, ibilbide luzeak ere egiten dituzte etapaka: «Arraia eta Ardoaren ibilbidea, GR luzeren bat... Asteburu bakoitzean etapa bat egiten dugu, eta zatika ibilbide osoa egin», diote. Kontu berria dira markatutako ibilbide horiek ere: «lehen ez zegoen ezer markatuta. Eta markatzen hasi zirenean, moskeatu eta haserretu ere egin zen jendea, pinturita haiekin», kontatu du Inaxiok. «Orain ohitu gara marka horiekin, baina lehen jendea ez zegoen pozik horrekin. Orain, GPSekin eta markekin, orientatzen jakin beharrik ere ez dago», dio Txek. Mapak eta brujula ziren, garai batean, haien GPSa.
70eko eta 80ko gainbehera hura gainditu, eta oso garai onak izan dituzte mendi irteerek: «duela 10 urte arte edo, izan zen garai bat, azkar ibiltzen ez bazinen, autobusa bete egiten zela konturatzerako, eta tokirik gabe geratzen zinen. Gogoan dut, Bazkidearen Egun batean hiru autobus bete genituela», dio Inaxiok. «Lehen, gainera, ez zegoen hainbesteko aukerarik eguraldiaren aurreikuspena jakiteko; eta apuntatzen zena, apuntatzen zen eta kitto.
Astebete lehenago betetzen zen autobusa. Orain, jendea zain egoten da, ikusteko zein eguraldi dagoen emanda bereziki haurren irteeretan», dio Txek.
Garai onenak atzean utzita ere, jende asko animatzen da oraindik, irteeretara: «helduen irteeretan, 40-50 inguru izaten gara, batzuetan gehiago ere bai. Asteburu osorako izanez gero, jaitsi egiten da kopurua, jendeak ez daukalako hainbeste denbora. Eta izaten dira egun batzuk, auskalo zergatik, jende gehiago animatzen dena, eta autobusa beteta joaten dena», dio Julenek.
Haurren irteeretan, haundiagoak izaten dira gorabeherak: «haurrak elkarrekin hasten dira etortzen, eta denek batera uzten dute gero, beste kirol batean hasi direlako adibidez. Zikloak izaten dira. Tokatu izan zaigu, gela bakar batetik 10 etortzea, eta beraien artean sekulako harremana daukate. Horiek fijoak izango dira, eta beraz, badakizu 4-5 urtetan irteera politak egiteko aukera izango duzula. Haur talde haundiak sortu dira garai batzuetan, eta horrek sekulako indarra ematen die irteerei».
«Oso giro ona», eta edozeinek egiteko moduko irteerak
Umetan ez, beranduago hasi ziren Inaxio, Txe eta Julen Mendiriz Mendin. 19 urtera arte futbolean arituta, lagunekin mendi irteerak egiten hasi zen Inaxio, eta gerora batu zen elkartera. Txe, berriz, «berandu xamar» hasi zen mendian ibiltzen, 28-30 urterekin: «Mendiriz Mendirekin joaten hasi nintzen, eta ondoren, mendizaleen artean lagun batzuk eginda, haiekin ere egiten nituen beste irteera batzuk». Eta antzeko adinarekin ekin zion Julenek ere: «30 urterekin hasi nintzen juxtu. Oso garbi neukan, 30 urte betetzean ez banuen bikoterik, parranda gutxiago egingo nuela, eta mendi elkartean hasi, gutxienez hilean behin irteera egiteko, eta ez dena parranda. Hori moztu beharra neukan, eta halaxe egin nuen. Baina aurreneko irteera oso gogorra izan zen... Auñamendi elurretan, bederatzi orduko irteera», kontatu du barrez.
Elkarte batean hasteak, lasaitasun haundia ematen duela nabarmendu du Txek: «ez daukazu ezagutza izan beharrik; eraman egiten zaituzte, eta erritmoa ez da izaten itogarria. Noski, ez baduzu batere ariketa fisikorik egiten, eta bat-batean etortzen bazara bederatzi orduko trabesia bat egitera, bi ordutan ezinean egongo zara. Baina guk normalean egiten ditugun irteerak, dira edozeinek egiteko modukoak. Eta oso oso giro ona daukagu. Egia da jende helduagoa garela, 40 urtetik gorakoak, eta jende gaztea etorriz gero, pentsatuko dute zahar koadrila bat garela. Baina edozer gertatuta ere, esperientziako jendea dago gure artean. Beti egongo dira bi edo hiru, oso ondo dakitenak zer egin egoera bakoitzean. Beraz, lasaiago zoaz elkartearekin, bakarrik baino».
«Oso gauza erraza da irteerara datorrenarentzat», nabarmendu du Julenek: «gida bat dijoa aurretik, eta beste bat atzetik. Eta ez baduzu zerbait gaizki egiten, ez daukazu ezertaz kezkatu beharrik. Gozada bat da, erosotasun horrengatik».
Zentzu horretan, irteera antolatu duenak sentitzen du karga, «bereziki eguraldi txarra denean. Ez da gauza bera irteera antolatzea, edo irteeran joatea. Zuk daukazunean erantzukizuna, burutik pasatzen zaizu, ea 50 lagun galduko dituzun mendian...», dio Inaxiok.
«Haurren irteeretan, talde haundiak sortu izan dira garai batzuetan, eta horrek sekulako indarra ematen die irteerei. Etorri izan dira 10 lagun, gela beretik»
Erantzukizun hori, banatu egiten dute orain: «urrian egiten dugu bilera bat, egutegia prestatzeko; eta hilabete bakoitzean, norbaitek hartzen du ardura, irteera antolatzeko. Jendea prest egoten da horretarako», dio Julenek. Ez da beti horrela izan, Inaxiok kontatu duenez: «ni presidente nintzenean, zuzendaritzan ginenok prestatu behar izaten genuen dena. 25 urtetan 127 irteera antolatu nituen nik. Baina utzi nuenean, esan nien, irteerek ondo funtzionatzen jarraitzeko, elkarteko jendearen laguntza behar zela. Bestela, ia erabat dedikatu behar duzu horretara, eta nekatu egiten du».
Beti saiatzen dira, gainera, irteera ezberdinak antolatzen: Nafarroan, Araban, Iparraldean, Pirineoetan... «Mugitu egiten gara, eta leku desberdinak bilatzen ditugu». Baina denetan bilatzen dutena, eta baita aurkitu ere, izaten dira lagun arteko giro ona, eta mendiak ematen dien lasaitasuna. «Eta mendia ez da mendian ibiltzea bakarrik, gauza asko dauzka. Hemen topatuko duzu erreka bat, han trikuharri bat, artamugarriak, perretxikoak... Tokatu izan zaigu baten bat perretxiko bila mugitu, eta gero haren bila ibili beharra!», kontatu dute barrez.
Ez ahazteko moduko irteerak, Pirineoetatik Urumearen arroari bueltara
Eta hainbeste irteeraren artean, ez da erraza izaten bat edo beste nabarmentzen. Irteerak baino, irudiak geratzen dira memorian gordeta. «Nik badaukat bat gogoan, Auritz-Burgetetik abiatuta egin genuena», kontatu du Txek: «elurra egin zuen, eta dena zegoen txuri-txuri, baina zen 15 zentimetroko elur-kapa, gustura ibiltzeko modukoa. Zuhaitz guztiak txuri zeuden, eta zerua urdin-urdina. Ibaia ere, izoztuta. Argazkietako irudi zoragarri horietakoak ziren, eta grabatuta geratu zitzaizkidan».
Pirineoetan egindako beste irteera bat ekarri du gogora Julenek: «lau egunekoa izan zen, eta lauak eguraldi onarekin. Eta errematea jartzeko, azkeneko egunean igo ginen Petit Vignemalera, eta tontorretik behera, dena lainoa ikusten zen. Horrelakoak tokatzen zaizkizunean... Sekulako oparia da».
«Bereziki gogoratzen dituzun horiek, izaten dira tokatu zaizun egunagatik. Askotan ibili zaren mendi batean, tokatzen bazaizu elurra bota duela, edo laino-itsaso bat ikusten duzula tontorretik... Eta dena aldatzen da, irudi zoragarriak dira», dio Txek.
Etxetik gertuago, etapaka egindako beste ibilbide bat dauka buruan Inaxiok: Urumea ibaiaren arroari buelta osoa eman ziotenekoa, 1997an. «Lau etapa izan ziren, asteburu ezberdinetan; eta urak Urumeara isurtze dituzten gain guztietatik egin genuen, Donostian hasi eta bukatu, Besabi, Basakabi edota Bianditzetik. Artikutza osoari eman genion buelta, Loizate eta Izu pasata, eta Bianditzera azalduta. Gero Astigarragako Bentetara azaldu behar izan genuen, bestela Oiartzun ibaiaren arroa pasatzen genuelako. Intxaurrondora jaitsi, Ulia igo, eta azkenean, Urgull ere igo genuen!».
1947an, Mendiriz Mendi hasi zen San Inazio eguna antolatzen, Santa Barbaran, gaur egun urtero ospatzen dena, Morkaikoren eskutik.
Baina momentu politak ez ezik, gogorrak ere bizi izan dituzte irteeretan: «Hernani Ezagutuz egitasmoko ibilaldi bat egiten, gizon bat hil zitzaigun bihotzekoak emanda, Igoringo lepotik Akolara igotzen». Istripu pare bat ere izan dute Pirineoetan, «helikopteroa bila etortzekoak. Bati, belaun gainera erori zitzaion harri bat, igotzeko heldu behar zuena. Denon artean mugitu genuen harria, eta helikopteroa etorri zen bila. Tarbesera eraman zuten, baina gero, gurekin bueltatu zen autobusean. Eta beste batean, txorkatila okertuta ezin ibili geratu zen beste bat, eta hura ere helikopteroan jaitsi zuten».
Baina errepidean gertatu zitzaien larriena, 1993an: «haurrekin Bernedora egin genuen irteera, eta bueltakoan, Beasainen istripua izan zuen kotxeetako batek, aurrez aurre kamioi batekin talka eginda, eta hiru lagun hil ziren. Ni atzeko kotxean nindoan, gidari», kontatu du Inaxiok: «garai hartan, kotxeetan joaten ginen haurren irteeretara; baina hortik aurrera, erabaki genuen autobusean joatea», nabarmendu du.
«Gazteak ez dira etortzen gure irteeretara; mendian ibiltzen dira, baina bere kontura»
Autobusaren erosotasuna bilatzen ez dutenak, oraingoz, gazteak dira. «Elkartean nabaritzen dugu, jende gaztea ez datorrela irteeretara. Mendian ibiltzen dira, baina bere kontura», dio Txek. «Txikitan gurekin ibiltzen direnek ere, utzi egiten dute gero, eta oso gazte gutxi etortzen dira. Baina seguru nago, umetan ibili dena, gero ere ibiliko dela. Kotxean joango dira, bakoitza bere koadrilarekin... Baina adin batetik aurrera, eskertu egiten da erosotasuna, autobusean eramaten zaituztela», gehitu du Inaxiok.
«Gainera, gaur egun askok daukate furgoneta. Eta ibilbidearen tracka deskargatuta, ez duzu behar ibilbidea ezagutzen duen inor, horrek erraztu egiten du. Beraz, guk oraingoz jarraitzen dugu irteerak antolatzen, baina hemendik 10 urtera, guk ezin dugunean jarraitu, ikusiko dugu zer gertatzen den», dio Txek.
«Lehen mendizaletasuna ez zen konpetizio gisa hartzen; lehiaren txipa sartu digute»
Irteerak egiteko moduan ez ezik, mendian ibiltzeko eran ere izan da aldaketarik, azken urteotan: «lehen ez zen konpetizio bezala hartzen mendizaletasuna. Baina orain ikusten duzu jendea korrika eta erlojuari begira; jende gaztea eta ez hain gaztea. Lehiaren txipa sartu digute», uste du Mendiriz Mendiko lehendakariak.
«Bakoitzak nahi duen bezala disfrutatzen du mendiaz, baina errespetua galdu zaio»
Hori, elkarteetan ere ematen dela azaldu du Inaxiok: «elkartetik elkartera asko aldatzen da. Beste batzuetan ez da egiten gurean bezala, itxaroten eta taldean elkarrekin joatearena. Orain akaso gehiago, baina izan dira urteak, bat aurrean jarri eta denak korrika eramaten zituena atzetik, erdiak galduta». Horrelako esperientzia bat dauka gogoan Julenek, beste elkarte batekoekin egindako irteera batean: «pertsona nahiko helduak ziren, baina ibilitakoak. Uneoro korrika ibili ginen, eta toki batean itxaroten baziguten, gu iritsi bezala alde egiten zuten berriro, atseden hartzeko tarterik eman gabe. Zentzurik ez dauka oso azkar joateak. Azkenekoari itxaron egin behar diozu, eta zenbat eta azkarrago joan, luzeagoa da zain egon beharko duzun denbora tartea».
Lehiakortasunetik harago, mendiari errespetua galdu zaiola ere uste du Txek: «ez dakit jendearengatik den, edo bidaltzen dizkiguten mezuengatik. Izan ere, telebista edo irratia jartzen duzu, eta kontatzen dizutena da batek halako zortzimilakoa egin duela, beti lehia kutsuarekin. Gero jartzen dizute Kilian Jorneten entrenamendua, eta ageri da arista batetik korrika, batetik bestera salto egiten... Eta hori ez da bere entrenamendua, hori egingo du iragarki baterako. Guri esaten digute ez egiteko horrelakorik, baina gero horixe saltzen digute». Mendien zailtasunarekin ere, gauza bera gertatzen da: «lehen, hasten zinen Adarra igotzen, eta pixkanaka joaten zinen mendi altuagoetara. Baina gaur egun, jendeak tracka eskuratzeko aukera daukanez, eta fisikoki askoz hobeto daudenez, aukera daukate Anetora joateko, hemen Aizkorrira igo gabe, adibidez. Kontua da, mendira joatea baino, kirola egitea dela kasu askotan. Ez dijoaz trabesia bat egitera, Aneto tontorrera iristea baizik».
«Bereziki gogoratzen dituzun irteerak, dira tokatutako egunagatik. Askotan ibili zaren mendi batean, tokatzen bazaizu elurra edo laino-itsaso bat, dena aldatzen da, eta irudi zoragarriak dira»
Zentzu horretan, Txekiako lagun batekin izandako solasaldia gogoratu du Julenek: «nire etxera etorri zen, eta esaten zidan, ikusten zuela konpetizio gisa hartzen genuela mendia. Adarrara joateko, egiten dugula Besabira joan, igo eta jaitsi, eta kitto. Eta beraiek, Txekian mendira joaten direnean, ondo pasatzera dijoazela, egunpasa. Zaletasun bat bezala ikusten dutela, ez azkar egin beharreko zerbait bezala». Eta horrekin batera, telebistako horiek eredutzat hartzearen arriskua ere aipatu du Julenek: «ikusten dugu Kilian Jornet galtza motzetan eta zapatillekin, eta gu ere horrelaxe. Nik beti esan dut, mendira joan behar dela bota batzuekin. Baina gaur egun, joaten dira zapatillekin, arropa arinarekin... Ez dakizu zer tokatuko zaizun mendi puntan, baina hala ere, zoaz minimoarekin. Eta hori ez da posible. Guri tokatu zitzaigun Hiru Erregeen Mahaian. Zizurkilgo aita bat zegoen, bere semearekin, eta ezer gabe igo ziren. Eskularruak utzi genizkien, xira ere bai, jatekoa eman genien... Zentzugabea da hori».
Edonola ere, Txek azaldu du «bakoitzak nahi eta ahal duen bezala» disfrutatzen duela mendiaz: «niri gustatzen zait patxadaz joatea, baina beste batek, agian, ez du egun osorako joan nahi, edo ezin du. Dauzka hiru ordu, eta hiru ordu horietan topera ibili nahi du. Batzuek mendiaz gozatzeko egiten dute, eta beste batzuek kirol bezala hartzen dute».
Tontorrera iristeari eta altuerari ere, garrantzia haundia ematen zaio gaur egun: «ikusi besterik ez dago, Besabira joaten direnen %80-90 Adarrara igotzen dela, eta beste batzuk Onddira ere bai; baina ez dijoaz inguruan ibiltzera, tontorretara igo gabe. Ordesara joaten dena, berriz, Perdidora igotzera dijoa, kasu gehienetan. Denok egiten dugu hori. Daukazu ia 3.000 metroko tontor bat hemen, eta 3.001 metrokoa ondoan, eta azkeneko horretara joaten zara», dio Txek. «Politagoa geratzen da. Txorakeria da, baina hala egiten dugu», berretsi du Julenek.
Mendiak, toki jendetsua pandemiaren eraginez
Pandemiarekin bizi izan du egoera berezia, mendiak ere: «itxiera perimetrala ondo etorri zaigu Hernani pixka bat gehiago ezagutzeko, eta jende asko animatu da mendira», dio Txek. «Jende gutxiago zebilen tokiak bilatzen ibili gara. Gogoan dut behin, Mugarriluzetik behera jende pila bat topatu nuela. Lehen bide hori ez zuten askok ezagutzen!», kontatu du Inaxiok. «Onddi aldean ere ibili da jende asko», gehitu du Txek: «gainera, izaten zen kotxea Pardiolan utzi, eta hortik gorantza abiatu. Eta egun batzuetan, egoten zen Pardiolako aparkalekua topera».
Eta mendian federatu direnen kopuruan ere nabaritu da hori, bereziki federatuek aukera zutenean Euskal Autonomia Erkidego osoan mugitzeko, itxiera perimetrala indarrean egon arren: «gurean ez da izan telebistan esan duten bezainbesteko igoera; %7koa izan dugu. Bai izan zela kolpe bat, eta esan zutenean federatuek nahi zuten lekura mugitzeko aukera zutela, asko etorri ziren bat-batean. Bi asteko kontua izan zen. Baina hori pasa zenean, eta federatuek abantaila hori izateari utzi ziotenean, ez ziren gehiago etorri federatzera», kontatu dute. Eta beste xehetasun bat ere bada, horren adierazle: «beste urte batzuetan, federatu txartelen kaxa ia beteta izaten genuen, federatutako jende asko ez zelako bila etortzen, ez zuelako behar; baina aurten, mendira joateko eskatu egiten zutenez, etorri egin dira txartelaren bila».
Federatu berrien artean, badira 35 urtetik beherako asko: «interesagatik etorri dira asko orain, mugitu ahal izateko. Datorren urtean, ikusiko dugu jarraitzen duten edo ez. Mendira joateko ohiturarik ez zeukan jende asko, orain hasi da joaten. Eta entzun izan dugu, baserritar batzuk keja direla, atakak irekita uzten dituztelako, txakurrak aske ibiltzen direlako... Mendian ibiltzen denak, oso ondo daki ataka itxita utzi behar duela», dio Inaxiok.
Zaborrarekin ere berdin gertatu da: «elurra egin zuenean, trineoak eta plastikoak ikusi genituen botata, edozein lekutan. Eta maskarillak ere bai, baina egia da, hori nahi gabe galdutakoa ere izan daitekeela», kontatu du Txek.
Bakarkako irteerak, taldean egiteko desiatzen
Batzuei pandemiarekin piztu zaien mendizaletasuna, ez zaie itzaliko Mendiriz Mendiko kideei; eta desiatzen daude, orain arte bakarka egiten ari diren irteerak, berriro ere taldean egiteko: «bakoitza bere kaxa ari gara joaten, baina taldean, eta dagoen giroarekin, askoz ere gusturago zoaz», azaldu du Julenek.
Gorputza mugiarazteko, urte hasieran jarri zion erronka polita bere buruari: «75garren urteurrenaren aitzakian, 75 tontor egitea jarri nuen erronka. Urtarrilean hasi nintzen horrekin, eta urteurreneko bandera eramanda, harekin atera dut argazkia, tontor bakoitzean. Txorakeria bat da, baina balio izan dit aktibo mantentzeko», kontatu du Julenek.
«Ohitura ez zeukan jendea, hasi da mendira joaten. Eta entzun izan dugu, baserritar batzuk keja direla, atakak irekita uzten dituztelako, txakurrak aske ibiltzen direlako...»
Antzeko ekimena burutu zuen elkarteak, 50 urte bete zituenean: «egun berean, joan ginen banaka, binaka edo talde txikietan, 50 tontor ezberdinetara. Mapa haundi bat osatu genuen, eta Plaza Berrin jarri ginen; eta norbaitek abixua ematen zigunean tontorrera iritsi zela, mapan markatzen genuen, pegatina batekin. Azkenean 49 izan ziren. Oso eguraldi txarra tokatu zitzaigun, eta gizon batek egin zuen huts, pentsatuz ez zela inor joango...», ekarri du gogora Txek.
Aurten ez dituzte 75 tontor beharko, ezta 74 ere, urteurren borobila ospatzeko. Pandemiak eragin duen etenarekin, irteerak berreskuratu eta elkarrekin berriro mendiaz gozatzea izango dute ospakizunik ederrena.