Jubenilen Liga Nazionaleko taldeak gogor borrokatu du aurten, kategoria mantentzeko. Txapelketa amaitzeko bi partiduren faltan, matematikoki salbu daude Andoni Loranen mutilak. Hain justu, joan den asteartean Alavesek 0-2 garaitu zuen Cultural de Durango; eta, beraz, emaitza horrekin, beste denboraldi batez Hernanik Liga Nazionalean jokatzen jarraituko du. Horren guztiaren berri izateko, Loranekin hitz egin dugu, taldeko entrenatzailearekin.
Urte gorabeheratsua izan da aurtengoa, baina lortu duzue kategorian mantentzea.
Aurtengo denboraldia oso zaila izan da. Hasieran, ohiko moduan jokatuko genuela uste genuen; hau da, astean hiru entrenamendu eta asteburuan, partiduak. Beraz, jokalariek beraien oporrak ondo antolatu zituzten, eta abuztuan ekin genion aurredenboraldiari. Baina txapelketa hastear zegoela, irailean, Federazioak esan zuen osasun egoera hobetu arte ez ginela norgehiagokekin hasiko. Urrian baietz ematen zuen, baina gauza bera gertatu zen. Azkenean, urtarrilean, semiprofesionalei aukera eman zieten txapelketarekin hasteko, eta gu zaku horretan sartu gintuzten.
Beraz, partiduak jokatzen hasi aurretik, ia bost hilabete galdu genituela esan dezakegu. Izan ere, gainerako taldeek bezalaxe, ezin izan genituen lagunartekoak jokatu, eta Zubipen ere ia guk bakarrik entrenatzen genuen. Hasieran lauko taldetan, gero seikoetan… Horregatik guztiagatik, konplikatua izan da jokalarientzat eta entrenatzaileentzat, batez ere psikologikoki.
Duela bi hilabete lau puntu genituen, kategoriaz ia jaitsita ginela esan genezake. Eta orain, berriz, 17 puntu ditugu. Horrek esan nahi du azken hilabete eta erdi honetan 13 lortu ditugula; 4tik 17rako saltoa eman dugu. Oso urduri bizi izan ditugu, batez ere, azkeneko norgehiagoka hauek; baina, beno, bi partiduren faltan, lortu dugu mailari eustea, eta izugarria izan da.
Ospatu al duzue?
Joan den igandean, Indartsuren aurka 0-1 irabazi genuen, eta emaitza hori inoiz baino gehiago ospatu genuen. Hala ere, bagenekien asteartean Alevesek Cultural de Durangoren aurka irabazten bazuen, matematikoki mailan mantenduko ginela. Eta horrelaxe izan zen. WhatsAppeko taldean mezuak, bideodeiak… Oso polita izan zen.
Horrekin batera, jokalari guztiengatik pozten naiz, baina aitortu behar dut poz haundia izan dela etxekoak, hernaniarrak, prozesu honen parte izan direla ikustea. Bertakoen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, harrobikoen aldekoa, urte hauetan guztietan baieztatu delako posible dela herriko taldea izatea. Hala, datozen denboraldietan, atzetik datozen jokalariekin, gazteagoekin, maila honetan jarraituko dugu.
«Jokalariei, asko diegu eskertzeko. Beti esan diet lanketa psikologiko haundia egin dutela eta heldutasun maila altua erakutsi dutela»
Zelai barruan zein aldagelan, nola bizi duzue prozesua?
Jubenilen Liga Nazionaleko taldea erreferentea da Hernanirentzat, batik bat oinarrizko-futbol honetan. Gainera, hernaniarrek gogor borrokatu dute beti CDHk kategoria horretan jokatzeko. Egia esan batzuetan ez gara ohartzen maila honetan egoteko atzetik egin behar den lan guztiaz. Beraz, guretzat oso-oso garrantzitsua zen kategoria mantentzea, eta presio haundia genuen gainean.
Hala ere, klubak asko animatu gaitu denboraldi honetan eta mezua izan da lasai egoteko; jaitsiz gero, lortuko genuela berriz ere igotzea. Izan ere, punturik lortzen ez genuen arren, ikusten zuten gogor entrenatzen genuela eta konpromisoa oso altua zela. Dena den, guztiaren gainetik, entrenamenduak ere errendimendu altukoak izan dira beti eta jokalariek partiduro frogatu dute maila honetan egoteko gai ginela. Horregatik, egia esan, merezi genuen kategoria honetan konpetitzen jarraitzea.
Eta jokalariei, asko diegu eskertzeko. Beti esaten diet lanketa psikologiko haundia egin dutela eta heldutasun maila altua erakutsi dutela. Ez da erraza zeure burua beti hor ikustea, sailkapeneko azkeneko postuetan, partidurik irabazi gabe. Gainera, askotan gertatu izan zaigu berdinketa lortzear ginela edo markagailuan aurretik gindoazela; eta, azkeneko momentuan, gola sartu eta esku hutsik bueltatzea. Eta horrelakoak kolpe latzak izaten ziren. Horregatik, garrantzitsua zen buruz indartsu egotea. Horretarako, nik esaten nien futbolaz aparte, ideiak argi izan behar genituela, eta ezinbestekoa zela gure aukeretan sinestea.
Bestalde, jokalari batzuk ez dute jokatzeko aukera izan, eta ordezkoak edo ez konbokatuak izan diren arren, aukera izan dutenean, gogor borrokatu dute. Era berean, lehenengo urteko jokalariek maila honetan jokatzeko gai direla erakutsi dute, eta haiekin ere lanean jarraituko dugu, denekin, denen aukerengan sinesten dugulako.
Eta horrelaxe, bide horretan, ikusi da egindako lanak fruituak eman dituela. Bidea zaila izan bada ere, helburua lortu dugu, maila mantentzea, eta orain oso pozik gaude, benetan.
Entrenatzaileentzat ere zaila izan dela pentsatzen dut...
Bai, ez da erraza izan. Askotan pentsatu izan dugu taldea beste entrenatzaileren batek hartu izan balu, agian emaitza hobeak lortuko lituzkela. Hala ere, denok elkarrekin egon gara, beti batera. Nirekin izan dira Ganix, Bittor, Axel Sanz eta Axel Alkorta; eta beraiengatik izan ez balitz, ez ginateke hemen egongo.
Ikusleen falta sumatu al duzue?
Oso gogorra izan da ikuslerik gabe jokatzea. Guretzat, eta baita kanpokoentzat ere; batez ere gurasoentzat. Nolanahi ere, arauak oso ondo errespetatu dituzte, eta beraien indarra nabaritu dugu. Animo mezu asko jaso ditugu kalean, eta oso eskertuta gaude.
Eta, orain, nola aurreikusten dituzue azkeneko bi partiduak?
Orain arte bezalaxe jarraituko dugu, eta entrenamenduak zein partiduak ere horrelaxe antolatu ditugu. Egia da beste lasaitasun haundiagoarekin hartuko dugula, baina gure helburua da 6 puntuak lortzea, txapelketa ahalik eta postu gorenean amaitzeko.
Cultural de Durangoren aurka dugu hurrengo partidua, azkenaurrekoa. Beraiek, azkeneko partidua galduta, datorren denboraldian Euskal Ligan jokatuko dute. Izan ere, norgehiagoka hori irabazi izan balute, Zubipen jokatuko lirateke mailan mantentzeko hiru puntuak. Baina, orain, egoera guztiz ezberdina da. Beraz, erlaxatu gabe, baina errespetuz hartuko ditugu aurkariak, haientzako ez delako partidu erraza izango. Eta, noski, hasierako hamaikakoan egoteko aukera izango dute orain arte gutxiago jokatu duten jokalariek, beraiek gabe ez ginatekelako hemen egongo.
Datorren denboraldian entrenatzaile lanetan jarraituko al duzu?
Klubak hala nahi badu, bai. Aurten, Jubenilen Liga Nazionaleko taldea entrenatzeko aukera eman didate, eta niretzat ohorea izan da. Baina datorren denboraldian aldaketa baldin badator, ondo hartuko dut datorrena.
Bestelakoan, eskerrak ematen dizkiet denboraldi honetan bidelagun izan ditudan adiskide eta senide guztiei, eta baita etxekoei ere, Nahikariri eta Oierri. Etxera heltzean nire kezka guztiak bizi dituzte, eta ez da erraza izan. Beraz, mila esker denei, bihotzez. Plazera izan da, gora CDH!