Lehen sektorearen gainbeherak eta elikadura menpekotasunak eragiten duen kezkatik abiatutako egitasmoa da Herrilur. Elkartearen asmoa da, ekoizle elkarteekin batera, elikadura balio kate osoa, etenik gabe, herrian bertan garatzea, hau da, Hernanin bertan ekoitzi, eraldatu, banatu eta kontsumitzea. Elikadura kontsumo talde berri hau elkarlanean ari da HENASErekin; Hernaniko nekazaritza eta abeltzaintza sustatzeko elkartearekin, alegia.
Herrilurreko kideek azaldu dute, Hernanin behar bat ikusi zutela kontsumo ohituretan, eta aldaketa bat behar zela ere konturatu ziren: «gertutasun bat nahi genuen, bertan dauzkagun produktuak mahai gainean jarriz. Bai zegoela kezka bat horren inguruan eta kontsumitzeko moduan, hau da, elikagaien eta osasunaren inguruan».
Aipatu moduan, elkarlanean dabiltza Herrilur eta HENASE, bakoitzaren beharrak asetuz. Izan ere, HENASE elkartean, baserritar ugari daude, eta zailtasunak izan ohi dituzte ekoizten dituzten barazkiak, haragiak edo esnekiak merkaturatzeko. Eta elkarteko kideek honakoa jakinarazi dute: «gu horren haritik sortu ginen elkarte bezala, nolabait hor hutsune bat ikusi genuen, gure ekoizpena herritarrengana ez zela heltzen konturatu ginen. Kontsumitzaileen aldetik ere badago kezka bat, produktuak jasotzeko, eta askotan oso zaila izaten da. Beraz, hori da guk bultzatu nahiko genukeena, guk gure produktua eskaini nahi dugu, eta kontsumitzaileek non topatua eduki ahal izatea ere bada gure nahia. Horrez gain, prezio duinetan erosteko aukera ematen dugu. Azken finean, bitartekaririk gabe, esan dezakegu gure produktuak herritarrengana heltzea dela gure asmoa, kalitatezko produktuak eskaintzea, kalitatezko bide batez».
Herrilurrek egingo luke «bitartekari» gisa, eta asmoa da gune bat sortzea non elikagaiak herritarren eskura egongo diren; «ez da izango bakarrik salerosketa gune bat, baizik eta heziketa, kontzientziazio modu bat. Jendea konturatu dadin herrian badaudela kalitatezko produktuak eta garantizatzen direla, kalitatezkoak eta bertakoak. Inguruan gezur asko dago, engainu asko dago, zein jatorri duten produktuek... Batzuek diote gertukoak direla eta ez da hala izaten. Horrelako egoera asko daude gaur egun eta hankaz gora dago dena, kontsumitzeko moduari dagokionez».
Herrilurrek, baserriko produktuak herritarrengana heltzea du xedea. Izan ere, elkartekoek diote elikadura oinarrizko beharrizana dela; «eta hau modu egokian asetzeko gaitasuna garatu nahi dugu, elikagai ez osasuntsuek eragiten dituzten osasun arazo larrien aurrean beste planteamendu eta alternatiba batzuk eskainiz, hain justu».
«Gaur egun argi eta garbi ikusten da, etorkizuna ekologian dagoela. Gizakia sortu zenean, ez zegoen kimikarik, dena bertakoa zen eta hortik elikatzen ziren, orain modu konbentzionala erabiltzen da»
Herrilurreko kideen arabera, modu egoki batean kontsumitzea ahaztu egin da. «Ahaztu egin zaigu zer diren sasoian sasoiko barazkiak, denok daukagu denetatik. Urte guztian edonolako barazkiak edukitzen ditugu, tomateak urte osoan… Eta ohitu gara dena edukitzen. Ikasteko asko daukagu, jaten duguna nondik datorren, zer jaten den… Egunerokotasunean saiatu beharko genuke osasuntsu bizitzen, beti salbuespenekin, noski».
Herrilur eta HENASE elkarteek, bide ekologikoa hautatu dute, bide konbentzionala atzean uzteko pausua emanez. HENASE elkarteko baserritarrek diote, orain dela urte asko, utopia gisa hartzen zela ekologian oinarritutako kontsumo ohiturak hartzea; «baina argi eta arbi ikusten da gaur egun posible dela. Etorkizuna ekologian dagoela uste dugu. Gizakia sortu zenean, ez zegoen kimikarik, dena bertakoa zen eta hortik elikatzen ziren. Orain berriz modu konbentzionala erabiltzen da, eta aldatu beharra dago, osasunagatik, naturagatik… Industrializazioak elikagaietan asko eragin du».
Herria eta lurra
Herrilur elkartearen izenak, bi hitz hartzen ditu, herria eta lurra. Eta elkartekoek, zergatiak azaldu dituzte, honakoa aipatuz: «herriko lurretik dator izena, hor egon ziren izena jartzeko zalantzak, hainbat proposamen egon ziren. Eta erabaki genuen bi hitz hauek erabili behar genituela: Herria eta lurra. Toki neutroa. Herria denena da, herriko lurra denona da. Horrez gain, Herrilur esaten duzuenean, goxotasunez esaten duzula iruditu zitzaigun».
Herrilurkideen bila
Herrilurrek, kideak lortu nahi ditu, bai elkartea eta bai eskuartean duten proiektua indartzeko; «ahalik eta bazkide gehien lortu nahi ditugu, proiektu hau aurrera eramateko. Azken batean, beharrezkoa dugu komunitatea indartzea eta ahalik eta jendetsuena izatea».
Horretarako hitzaldiak antolatu dituzte elkartekoek. Pasa den ostegunean Jakoba Errekondoren eskutik izan zen lehenengoa: Bertako, sasoiko eta ekologikoak diren produktuak kontsumitzearen garrantziari buruz jardun zuen, eta jende ugari bertaratu zen. Ekainaren 16rako antolatu dute bigarren hitzaldi bat, eta bertan, Oarsoko Labore eta Igeldoko IKO esperientzien kontakizunak eskainiko dituzte. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera, Iturolan.
Hernanin sortu berri den elikadura kontsumo ohituren elkarteak, kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak egingo ditu, eta orain ere horretan dabil buru-belarri. Izan ere, diote jendea erakartzeko gakoa kontzientziazioa dela: «Pedagogia oso garrantzitsua da. Nahi dugu jendeak begirada irekitzea, ikustea, gelditzea eta hausnartzea».
Nola lagundu?
Bide horretan, aipatu moduan, Herrilurrek beharrezkoa du komunitatea indartzea eta ahalik eta jendetsuena izatea. Horretarako, hainbat aukera daude proiektuari laguntzeko, hala nola, proposamenak eta ekarpenak eginez: «proposamen eta ekintzetan parte hartuz eta Herrilurren zure ekarpena eginez»; proiektua sustatzen lagunduz: «Hernaniko ekoizleen salmenta guneak sustatzen lagunduz»; eta azkenik, kide eginez: «Herrilur kontsumo elkarteko kide eginda», azaldu dute.
Urteko bazkide kuota, 60 eurokoa da, eta bi kuotetan ordaintzeko aukera ere eman dute; hau da, urtean 30 euroko bi kuota ordainduta. Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi daiteke info@herrilur.eus helbide elektronikora.