Erreportajeak

«Elektroiek ez dute orbitatzen, oszilatu egiten dute; nire teoriarekin, hori azaltzen saiatu naiz»

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 5a, 00:00

Modelo oszilatorioa berresten duen Txomin Peñaren maketa: berilioaren atomoa.

Txomin Peñak elektroien teorien gainean hausnartu du azken urteetan. Hernaniarraren ustez, elektroiek ez dute orbitatzen; aitzitik, oszilatu egiten dute. Horren guztiaren berri emateko hitzaldia eskainiko du Biterin, ekainaren 16an, arratsaldeko 19:00etan.

Txomin Peña hernaniarrak fisikako teoria bat aurkeztu berri du. Elektroiak hizpide, urte askotako lanaren emaitza azalduko du hilaren 16an, Biterin, arratsaldeko 19:00etan. «Fisikako eta Kimikako ikasleentzat eta irakasleentzat zuzendutako hitzaldia da, eta baita gaian interesa duen herritar ororentzat ere», azaldu du. «Orain arte ikasi duguna da eletroiek orbitatu egiten dutela, edo hori uste izan dugu denek. Dena den, nik ondorioztatu dudana da elektroiak ez duela orbitarik egiten, oszilatu edo dardara egiten duela baizik», nabarmendu du.

Mende oso bat egin du atzera bere teoria berresteko: «duela 100 urtetik, elektroia biratzen ari dela uste izan da. Elektroiaren energia orbitan dago, mugimendu orbitalean, momentu angeluarrean. Hala ere, nik ondorioztatu dut elektroia ez dela biraka ari. Nire kalkuluen arabera, behintzat, ez du orbitarik egiten», kontatu du. «Aurreko teoriei erreparatuz gero, karga positibo guztia nukleoan zegoela ikusiko dugu; baina nik uste dut ezetz. Alegia, karga elektrikoa kanpoan dago, eta protoia horren barruan mugitzen da».

Ondorio horretara heltzeko, gainera, Fisikako hainbat adarrek orain arte azaldutakoekin aurkeztu du bere teoria; zehazki, fisika klasikoarekin, kuantikoarekin eta erlatibistarekin. «Horietako bakoitzarekin frogatzen da nik azaldutakoa», kontatu du.

«Elektroiek orbitatzen dutela esatea kontraesankorra da»

Peñaren esanetan, elektroiek orbitatzen dutela esatea kontraesana da. «Izan ere, hori adieraziz gero, Erlatibitatearen Legearen kontra ariko ginateke», argudiatu du. «Orbitatzen ari dela esaten denean, naturaren funtsezko lege baten kontra ari gara: elektromagnetismoaren eta erlatibitateren aurka, hain zuzen. Horietan, karga duen partikula orok erradiazioa igortzen du. Adibidez, erradiazio sinkrotroiak», sakondu du.

Gakoa hortxe dagoela dio Peñak. «Elektroi bat azeleratuta dagoenean, biraka, erradiazio elektromagnetikoa igorri behar du, derrigor. Eta hori ez da nik asmatutakoa; aitzitik, hainbat esperimentuk frogatzen dute.  Beraz, hortxe dago orbitazioaren ideia puskatzen duen harri potoloena. Nolanahi ere, ideia hori baliozkotzat jo zuten, matematikan baliozkoa delako. Nire ereduan, ordea, energia ez da galtzen. Energia, potentzial izatetik, energia zinetiko izatera aldatzen da; hau da, energia bizia izatera. Horregatik, nire ustez, ez da zuzena esatea elektroiek orbitatzen dutela».

 

Ezkerretik eskuinera: modelo orbital erlatibista, modelo orbital kuantikoa, eta Peñak aurkeztutako modelo oszilatorioa. 

«Kolunpio baten mugimendu bera egiten du»

Azaldutakoa hobeto ulertzeko, elektroiek «kolunpio baten mugimendu bera» egiten dutela azaldu du hernaniarrak; «elektroiak gora eta behera egiten du. Goran dagoenean, abiadura zerora heltzen da, baina energia potentziala topekoa da, %100. Gero, berriz ere, behera egiten du; eta ondoren, gora. Horrela, denbora guztian. Energiek gora eta behera egiten dute, eta hori gertatzen da eraldatu egiten direlako», jarraitu du. «Kolunpio batean dagoen norbaiti bultzatuz gero, kolunpioa gorago helduko da, abiadura haundiagoan; aldiz, alboz bultzatuz gero, mugimendua mantsoagoa izango da. Beraz, energiak nahastu egiten dira».   

Eraztun toroideko elektroi eredu berri honek, nukleo atomikoetara beste giltzadura bat ahalbidetzen du. Hitz gutxitan esateko, Peñak komunitate zientifikoari proposatzen dion eredu berriak beste giltzadura bat du. Horretan, elektroia ez da orbitaz aldatzen, zabaleraz baizik. «Horregatik, hain justu, dardara egiten du; hau da, osziladore atomiko bat da». 

Horrekin, Peñak bere ekarpena egin nahi izan du, baina ez daki etorkizunean teoria hori nora helduko den. «Beti izan dut interesa gai hauekin, eta buruan nuena matematikan azaldu nahi nuen; izan ere, matematikoki adierazita ez dagoenak ez du ezer frogatzeko balio».

Horrez gain, egindako lana paperean idatzi du hernaniarrak; MGT+ Plus la gran conjetura 2010-2020 liburuan dago hori guztia adierazita, hirugarren kapituluan. Hori ez ezik, modelo oszilatorioari buruzko teoria ikusgai dago YouTuben ere, El electrón no orbita izenburupeko ikus-entzunezkoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!