«Ez nintzen honaino iritsiko, CDHn izan ditudan taldekideen eta entrenatzaileen babesik gabe»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 29a, 00:00

Beñat Leiza hernaniarra, Zubipen, Kronikarako elkarrizketan.

Bigarren mailara igoera lortu du Beñat Leiza hernaniarrak, Amorebietarekin. 0-1 irabazi zion talde bizkaitarrak Badajozi, bigarren B mailatik igotzeko norgehiagokan. «Sekula» ahaztuko ez duen momentua dela aitortu du Leizak, eta eskerrak eman dizkie bidelagun izandako senide, lagun, taldekide eta entrenatzaile guztiei. 

Beñat Leiza  hernaniarrarentzat egun berezia izan zen joan den larunbatekoa, «ahaztezina». Amorebieta futbol taldean aurreneko denboraldia du aurtengoa, eta taldeak egindako lanak fruituak eman ditu. Hain justu, Bigarren B mailatik igotzeko azkeneko partidua zuten bizkaitarrek Badajozen; eta «sekulakoa» izan zela dio Leizak, bigarren mailako igoera lortu zuten-eta. «Faborito argiak ziren beraiek, eta dena geneukan aurka: zelaia, jendea, talde indartsua… Baina, guk, hasieratik sinetsi genuen gurean, eta horrelaxe atera ginen zelaira, helburua lortu genuen arte».

Leizak dio, denboraldi hasieran behintzat, ez zela taldearen jomuga bigarren mailara igotzea; «hasierako nahia zen bigarren maila Pro-ra igotzea, eta horixe bete genuen. Eta igo ginenean, taldearen helburua ez bazen ere, gure ilusioa zen bigarren mailara igotzea. Eta egia esan oraindik ezin sinetsi nabil, aste intentsoak izan direlako; baina gauzak ondo egin ditugu, gogor aritu gara lanean, eta saria izan dugu», esan du, irrifarra ahoan duela.

«Gauzak ondo egin ditugu, gogor aritu gara lanean, eta saria izan dugu»

«Amorebietara heldu nintzenean, talde indartsu batekin egin nuen topo», kontatu du Beñatek. «Dena den, egia esateko, salto oso haundia da bigarren mailara igotzea, eta duela urtebete galdetu izan bazenidate, ziurrenik ez nuke esango bigarren mailan egotea aurreikusten nuenik». 


«Ezin izan nien emozioei eutsi»

Denboraldiko azken norgehiagokara, garrantzitsuenera, ziurrenik, Leizak ezjakintasunarekin bidaiatu zuen; «ez nekien partidua jokatuko nuen ala ez. Aurreko play offean ez nuen aukerarik izan». Nolanahi ere, oraingo honetan, 70garren minutuan entrenatzaileak berotzeko eskatu zion. «Horretan nengoela, 85garren minutuan, entrenatzaileak gerturatzeko esan zidan, zelaira sartuko nintzelako. Oso kontzentratua nengoen, eta momentu horretan, ez nuen beste ezertan pentsatu», kontatu du. «Nire helburua taldeari laguntzea zen, eta horixe egiten ahalegindu nintzen. Ezusteko txiki bat izan ezik, gustura sentitu nintzen zelaian. Izan ere, penalti polemiko moduko bat izan nuen, baina ez zen izan. Horregatik, bestelakoan, betiko moduan, gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatu nintzen. Oso eskertuta nago entrenatzailearekin eta baita talde osoarekin ere, babes haundia eman didatelako».

Beñatek kontatu du 8.000-10.000 pertsona inguru egon zirela harmailetan, gehienak Badajozekoak, bigarren mailarako pasea zein taldek lortuko zuen ikusten. «Sekula ez nuen aukera izan horrenbeste ikusleren aurrean jokatzeko, eta asko gozatu nituen jokatutako minutuak. Gurasoak, anaia eta koadrilako 5 lagun joan ziren norgehiagoka ikustera, eta eskerrak ematen dizkiet beraiei ere orain arte emandako laguntzagatik».

«Bizitako emozioa ikaragarria izan zen. Taldekideak eta entrenatzailea besarkatu... Ez nuen uste horrenbeste emozionatuko nintzenik, negar ere egin nuen»

Arbitroak partiduaren amaiera iragarri zuenean, markagailuan 0-1ekoa ageri zen, Amorebietaren alde. «Emozioa ikaragarria izan zen. Taldekideak eta entrenatzailea besarkatu… Ez nuen uste horrenbeste emozionatuko nintzenik, negar ere egin nuen. Ezin izan nituen emozioak kontrolatu eta oso berezia izan zen momentu hura. Gero, lagunengana eta etxekoengana joan nintzen harmailetara, pozez beteta. Garaipenaren ospakizuna bizitzan izandako sentimendurik indartsuena izan zen, inoiz ahaztuko ez dudan momentua». 


Zubipetik, bigarren mailara

Hernaniarrak herrian hasi zuen ibilbide futbolistikoa; «infantiletan, Jordi eta Lander Ibarburu entrenatzaileekin». Eta, ondoren, Zubietara egin zuen salto, Realera. «Hiru edo lau urtez aritu nintzen talde txuri-urdinean, eta kadeteen azkeneko urtean, Hernanira bueltatu nintzen», azaldu du. «Jubenil nazionalean hiru urte egin nituen, eta ia igoera lortu genuen Ohorezko Mailara. Eta, azkenik, klubeko mutilen lehenengo taldean bi urtez egon nintzen. Oso oroitzapen onak ditut, talde paregabea genuen, bai zelai barruan, bai zelai kanpoan. Ez genuen igoera lortu, baina asko gozatu nuen. Taldekideak baino, lagunak dira niretzat», dio.

Eta, azkenik, Hernaniko Ohorezko Erregional mailan zegoela, Eibarrek fitxatu zuen. «Bertan, beste denboraldi bat egin nuen, hirugarren mailan, Vitorian. Eta, ostean, bigarren maila Bra egin nuen salto joan den urtean, Amorebietara».

Orain, 24 urterekin, bigarren mailarako igoera lortu du Leizak, Amorebietarekin. Gogoeta eginda, azken urte honetan «gustura» aritu dela dio. «Erritmo aldetik aldaketa dago maila batetik bestera, baina entrenatzen lortzen dira gauzak. Hasieran, kosta egin zitzaidan; baina, hilabete pare baten ondoren, mailara egokitu nintzen». Ordezko lanetan aritu da hernaniarra denboraldi honetan; «abenduan eta urtarrilean minutuak izan nituen zelaian, eta Kopa jokatzeko aukera ere izan nuen. Gero, lesio txar bat izan nuen iskioan, Kopako partiduan. Hilabete pasa nuen geldirik. Hala ere, denboraldi amaieran, aukera izan dut berriro ere jokatzeko. Eroso sentitu naiz, suplente rola izan dudan arren. Baina, beno, zintzotasunez onartu dut, eta rol horretatik taldeari laguntzeko gai izan naiz. Lan hori ondo egin dudala uste dut».

Bestalde, urte hauetan guztietan bere jokatzeko modua aldatu dela aitortu du hernaniarrak. «Lehen, duela urte batzuk, indar fisikoagatik nabarmentzen zen nire jokatzeko estiloa. Dena den, kategoriaz igotzen joan ahala, fisikoak ez du horrenbeste destakatzen. Beraz, egokitu egin behar izan dut eta erabaki taktikoak, adibidez, hobeto hartzen ditut orain. Hor asko zor diet Amorebietako taldekide beteranoei, haiengatik ikasi dut-eta. Zehazki, nire postuan eta inguruan jokatzen dutenei: Seguín, Sagastibeltza, Arregi eta beste hainbestetatik». Gainera, hasiera-hasieran, infantiletan, aurrelari postuan jokatzen zuen Leizak; «baina, gero, pixkanaka, postuz aldatzen joan naiz; lateralera eta zentralera, gehienbat». 

Beñat Leiza CDHko taldekideekin, 2008-2009 denboraldian, alebin mailan.


«Niregatik egin duen guztia eskertu nahi nion CDHri»

Bigarren mailarako igoera ospatzeko, zalantzarik ez zuen izan Beñatek, CDHko kamixeta janzteko. «Partidu bezperan bururatu zitzaidan. Pentsatu nuen CDHn hainbeste urtez jokatutako kamixetarekin bigarren mailarako igoera ospatzea detaile ona izango zela hernaniarrentzat, nire herrikoentzat.  Izan ere, niretzat ohorea izan da CDHn jokatzea», esan du. «Ez nintzen iritsiko heldu naizen lekura, CDHn izan ditudan taldekideen eta entrenatzaileen babesik gabe; eta, beraz, niregatik egin duten guztia eskertzeko, horixe egin nuen».

Horrez gain, hernaniarrei keinua egin nahi izan die. «Mezu dexente jaso ditut, eta Hernanira heltzean ere jendeak zoriondu egin ninduen. Gainera, partiduko egunean, esan zidaten Tilosetan giroa zegoela, zenbait herritar partidua ikusten ari zirelako, ni animatzen. Oso eskertuta nago, benetan. Sekulakoa izan da».

Datorren denboraldian zein taldetan jokatuko duen ez daki oraindik. «Ez dakigu zer gertatuko den Amorebietan. Jokalari batzuk urtebeteko kontratua dute eta beste batzuk, berriz, gehiagokoa. Nik urtebetekoa dut, aurten amaitzen zait, eta ez dakit zer gertatuko den. Zuzendaritzaren erabakiaren zain gaude. Amorebietan beste urtebetez jokatzea polita izango litzateke, baina datorrena datorrela, ondo hartuko dut erabakia».

 
Erlazionatuak

Bigarren mailara igoera lortu du Beñat Leizak

Kronika - Erredakzioa 2021 mai 24 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!