4.000 erosketa bono salgai gaurtik, agortu arte

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 10a, 00:00

Herriko merkataritza sustatzeko helburuz, bonoak eskuragarri izango dira Biteriko merkataritza bulegoan eta Berriak Elkartean.

Gaurtik, agortu arte, salgai izango dira herriko merkataritza sustatzeko erosketa bonoak. Biteriko merkataritza bulegoan eta Berriak Elkartearen egoitzan egongo dira eskuragarri, haien ohiko ordutegian. Hain justu, aurreko hiru kanpainen arrakasta ikusita, Berriak Elkarteak eta Udalak, #eutsihernaniri kanpainaren laugarren edizioa sortzea erabaki dute. Xedea da herritarrei kontsumo ondasunak eskuratzen laguntzea herri ekonomia indartzeko bitarteko gisa; eta, horrez gain, herri inguruneak dinamizatzea.

Oraingo honetan, 4.000 bono jarriko dituzte salgai, eta bono bakoitzak 50 euroko balioa izango du. Gainera, horietako bakoitza 10 euroko bonoetan egongo da banatuta. Beraz, kasu honetan, herritar bakoitzak 40 euro ordainduko du eta 10 euroko aldea, berriz, Udalak jarriko du.

Bonoak erabili daitezke gaurtik, ekainaren 12ra arte
Aipatu moduan, bonoak gaur jarriko dira salgai, eta agortu arte eskuratu ahal izango dira. Beraz, gaurtik egongo da horiek erabiltzeko aukera, ekainaren 12ra arte. Era berean, aurreko kanpainetan bezalaxe, bonoak erabili ahal izango dira soilik programari atxikitako komertzioetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!