Laugarrenez jarriko dute martxan astelehenean, erosketa bonoen kanpaina: 4.000 bono izango dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 7a, 00:00

Maiatzaren 10etik aurrera egongo dira salgai, Biteriko merkataritza bulegoan eta Berriak elkartearen egoitzan, 10 euroko deskontuarekin.

Aurreko hiru kanpainen arrakasta ikusita, laugarrenez jarriko dute martxan erosketa bonoen kanpaina, Hernaniko Udalak eta Berriak merkatari eta ostalarien elkarteak. Datorren astelehenetik aurrera erosi ahal izango dira, bukatu arte, Berriak elkartearen egoitzan (Andre kalea 30) eta Biteriko udal merkataritza bulegoan; eta 10 euroko deskontua izango dute: 50 euroko bonoak eskuratuko dituzte herritarrek (10 euroko bonoetan banatuta), baina 40 euro ordainduko dituzte; Udalak jarriko ditu gainerako 10 euroak. Berriak elkartean, astelehenetik ostegunera eskuratu ahal izango dira, 09:00-13:00 eta 17:00-19:00 ordutegian, eta ostiraletan goizez bakarrik; eta Biterin, 09:00etatik 14:00etara egongo dira salgai.

Guztira, 4.000 bono jarriko dituzte salgai, eta astelehenean bertan hasita, ekainaren 12ra arte erabili ahal izango dira bono horiek, programarekin bat egin duten establezimenduetan.

Berriak elkartean eta Biterin egongo dira salgai, bukatu arte: 50 euroko bonoak eskuratuko dituzte, 40 euro ordainduta.

Pandemiak arlo ekonomiko­an sortutako eragin negatiboen harira jarri zuten martxan erosketa bonoen kanpaina, herriko ne­gozio askok jasan zutelako «alarma egoeraren inpaktu gogorra»; eta berriro jarduerari ekin diotenean ere, zailtasunak izan dituztelako bizirauteko. Horregatik, beharrezkotzat jo zuten laguntza ematea, «negozioak sus­pertzen saiatzeko».

Eta era berean, aurreko kanpainetan bezala, helburua izango da «herritarrei kontsumo ondasunak eskuratzen laguntzea, hiri ekonomia indartzeko bitarteko gisa; eta horrekin batera, hiri inguruneak dinamizatzea», nabarmendu dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!