Erreportajeak

«Garrantzitsua da ingurumen hezkuntza indartzea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 1a, 00:00

Iñaki Sanz-Azkue etxeko balkoian, konfinamenduko behatokian, sariarekin.

'Etxeko leihoak naturaren behatoki' lanarekin, zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar saria jaso du Iñaki Sanz-Azkue biologo eta irakasle hernaniarrak.

Bigarrenez jaso duzu CAF-Elhuyar saria. Pozik?

Oso pozik, bai. Ez nuelako espero, erreportaje desberdina zelako hau. Badauka puntu zientifikoa, sartzen direlako zientziarekin lotutako kontuak; baina badauka hausnarketa puntu bat ere, nire ahotsetik idazten dudana. Horregatik ez nuen espero saria, eta juxtu kontrakoa gertatu da, saritu dutela originaltasun horregatik. Gainera, urtea nola dijoan ikusita, ematen dizu halako bizipoz bat, eta ikusten duzu zure lana baloratzen dela. Askotan, idazten duzu, gogoa jartzen duzu, baina ez dakizu nora iristen den erreportaje hori.

‘Etxeko leihoak naturaren behatoki’ da erreportajearen izenburua. Zer kontatu zenuen bertan?

Konfinamenduko aurreneko astean izan zen. Deitu ninduen Amagoia Mujikak, Gaur8ko zuzendariak; eta hizketan aritu ginen bizitzen ari ginen egoeraz: astebete generamakien denok etxean sartuta, leihotik begira. Eta mezuak iristen ziren ixkin guztietatik: hartza azaldu zela Asturiaseko herri batean, izurdea ez dakit nongo kanaletan, ahuntza Donostiako zentroan... Niri asko hausnartzeko eman zidan aste horrek, eta Amagoiak esan zidan, buruan neukan hori erreportaje batean islatu behar nuela. Eta momentuan ezetz esan nion, oso lanpetuta nenbilela; baina telefonoa moztu eta damutu egin nintzen. Pare bat lagun elkarrizketatu nituen, zientzialari bat eta pedagogo bat, eta arratsalde horretan bertan idatzi nuen erreportajea. Eta gauean bidali nion ‘oparia’ Amagoiari. Eta begira, oparia niretzat bueltan orain.

Erreportajean kontatzen dut, momentu horretan, denak leihotik begira, ari ginela konturatzen zer ari ginen galtzen, eta ingurumen aldetik zer daukagun inguruan. Hausnarketa ugari jaso nituen. Adibidez, isolatuta geundela momentu horretan, baina ingurumenarekiko edo munduarekiko, ez ote ginen lehenago isolatuta. Edota nola behingoz hartu genuen denbora eseritzeko, behatzeko; eta garrantzia eman nion behatzeari eta hausnartzeari, pedagogia aldetik eta ikerketa aldetik, gizarte bezala. Ez da bakarrik ikusi eta kitto.

Erreportaje ugari egin dituzu azkeneko urteotan. Gustura lantzen dituzu?

Bai. Hernaniko Urtekarian 15 bat urte izango dira, urtero idazten dudala. Baina horrez gain, orain dela lau urte inguru eskatu zidaten erreportaje bat Argian, eta ordutik gehiago idatzi ditut, eta baita Kronikan eta Gaur8n ere. Asko ikasi dut, eta konfiantza eman didate, sariak bakarrik ez, baita denborak ere. Gustatu egiten zait, baina neurrian egin behar dut, ez bainaiz horretatik bizi. Beti gustatu izan zait idaztea, eta ingurumena ere ikaragarri gustatzen zait. Beraz, biak uztartzea ere oso gustuko dut.

Garrantzitsua da zientziaren dibulgazioa, ezta?

Beti izan da garrantzitsua, eta orain, pandemia garaian, ikusi dugu. Ikerketei begira gaude, baina zaila egiten zaigu horiek ulertzea, eta normala da. Horregatik, oso garrantzitsua da zientzia dibulgatzaileen eta ingurumen dibulgatzaileen papera, gizarteratzeko kontu guzti horiek modu garbian, erakargarrian... Nik oso serio hartzen dudan gaia da, sinisten dudalako oso garrantzitsua dela dibulgatzaile horiek egiten duten lana, eta horregatik, nik erreportajeak egiten ditudanean, oso zorrotza izaten naiz nire buruarekin.

Nahikoa ezagutzen du ingurumena, gizarteak?

Asko jaitsi da naturaren ezagutza, azkeneko hamarkadetan. Askoz ere urbanoagoak gara, egunerokoan oso kontaktu gutxi daukagu ingurune naturalarekin, eta zailtasun haundiak dauzkagu inguruko espezieak identifikatzeko. Aldiz, ari gara mezuak zabaltzen jendea sentsibilizatzeko naturaren aurrean. Eta ari da gertatzen oso gauza bitxia: ezagutza gutxi daukagu eta sentsibilitate dexente, eta horrek dakar, askotan gure jarrerek ez bat egitea, beharko luketenekin. Iristen gara sinplifikatzera, eta entzutera ama bati lorategian esaten ez zapaltzeko belarra, izaki bizidun bat delako. Extremo horretara iritsi gara, eta hori ez da posible. Horregatik, garrantzitsua da ezagutzatik jotzea. Eta horretarako, ingurumen hezkuntza indartzea; material didaktikoa sortzea, euskeraz, bertako ereduekin; eta baita dibulgazioa ere.

Etxeko leihoak baino behatoki hobeak baditu naturak...

Bai, eta herri gehienetan daude. Eta Urumea bailaran, zeresanik ez. Ez gara oso kontziente, zer nolako altxorra daukagun. Daukagu eremu bat, aisialdirako balio diguna, bainatzeko ere bai, uraren kalitatea izugarri ona daukana, espezie mehatxatuak bertan bizi direna, Europa mailan babestuta dagoena... Ez dakit norbaitek jakingo lukeen aipatzen, Europa mailan babestuta egon eta bainatzeko eta paseatzeko hainbeste leku daukan beste toki bat, espezie mehatxatuz inguratuta. Baina askotan ez gara kontziente. Hernani eta Astigarraga, gaur egun, askoz ere gehiago bizi dira Donostiara begira; Ereñotzu, Arano eta Goizueta beharbada ez. Baina saiakera bat egin beharko genuke, ikusteko zer daukagun. Agian, itxiera perimetralak hori ekarri du, jendea hara begira hastea. Kontua da, begiratzeko modua galduta daukala. Ez du behaketarik egiten, paseatzera joaten da, eta joan bezala bueltatzen da, buruan ezer ekarri gabe.

Zein da behatokirik ederrena zuretzat?

Oso zaila da bat aukeratzea. Hemen inguruan, Saratsetako lepoa eta Akolako trikuharriaren inguru hori ikaragarri maite dut, Muliskoko eremua ere bai. Eta daude toki asko, jende oso gutxirekin topatzen naizena, eta nire habitatean sentitzen naizena. Erreka zuloetan, bailara ilun horietan barneratu, eta orduak pasatzea hor azpitik, ia inorrekin topatu gabe. Horiek dira nire txokoak; gozatu egiten dut, eta beti ikasten dut zerbait, beti dago zerbati desberdina.

Zure lanetan nabaritzen da, bizi egiten duzula.

Hori esan izan didate. Egia da, erreportajeak idazten ditudanean, normalean askatasuna ematen didatela gaiak aukeratzeko, eta gustukotik jotzen dut. Eta horrela egiten denean, kalitatea askoz ere hobea izaten da.

Eskerrak eman behar dizkiet Gaur8ri eta Amagoia Mujikari, Hernanin bizi da gainera. Sekulako konfiantza jartzen du nigan, oso libre uzten dit, eta sekulako mimoarekin hartzen ditu nire erreportajeak; hori eskertzen da. Eta sentsazio berdina daukat, idazten dudan gainerako tokietan ere. Kronikan, etxean bezala nago eta oso gertukoa da harremana. Nire izateko modua horrelakoa da, eta eskertzen dut bueltan ere hori jasotzen dudanean. Beraz, eskerrik asko denei.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!