Erreportajeak

«Poliki-poliki baldin badoa ere, proiektuak harrera ona izan du eta jendea gustura dago eskaintzen denarekin»

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 17a, 00:00

Etxez etxeko banaketa zerbitzua martxan da Hernanin, herriko dendetan egindako erosketak etxera eramateko.

Pasa den otsailean jarri zen martxan, Hernanin, etxez etxeko banaketa zerbitzua. Interesa duten herritarrek, herriko edozein dendetan erosketak egin eta, dohainik, horiek etxera eramateko aukera eskaintzen dute Txita enpresakoek. Eskaerak 18:00ak arte egin daitezke telefonoz edo saltokietan; banaketa, berriz, z, 18:30etatik 20:30etara bitartean egiten dira.

Duela bi hilabete pasatxo aurkeztu zuten banaketa zerbitzua Hernaniko Udalak eta Berriak Elkarteak. Erakusleiho digitala osatzeko asmotan sortu zen proiektua, eta helburua da herriko merkatarien plataforma digitaleko eskaintzak herritarren etxetara eramatea. Hain justu, etxez etxeko banaketa sistema da eta Txita enpresak du horren ardura. Lan horretan dabil Harri Zuazo, eta Hernanin ere ibili da banaketak egiten. Herritarrek dendaren batean erosketa egitean, bezeroak eskatuz gero, erositako hori etxera eramateaz arduratzen dira Txita enpresako langileak. «Espero dugu bi ekimen horiek herriko denden eta herritarren arteko hartu-emana indartuko dutela», esan zuen Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak ekimenaren aurkezpenean.

«Zerbitzu honen ideia da mugikortasun jasangarria sustatzea eta jendeak ohiturak aldatzea; hau da, Hernanin bizi  direnak herriko komertzioetan erostea. Hitz gutxitan esateko, bertako produktuak bertan erostea. Gainera, zerbitzu honek ahalbidetzen die erosketak egitean guztia etxera eramatea ezinezkoa duten herritarrei edota, besterik gabe, eramateko gogoa ez dutenei, zuzenean etxera eramango diegula erositako guztia», deskribatu du Zuazok, proiektuko langileak. «Gure ekarpena, trizikloarekin lanean aritzen garen aldetik, mugikortasuna da. Horrekin lortzen duguna da, hein batean, ibilgailuak kaletatik kentzea, eta, beraz,  kaleak oinezkoentzat izatea».

Dagoeneko izango dute herritarrek horren berri. Arratsaldetan ikusten dira banatzaileak, 18:30etatik 20:30etara bitartean, herrian barrena eskaerak banatzen. Laguntza elektrikoa duen triziklo baten bidez egiten da banaketa. Trizikloak egitura bat du aurrealdean, eta herriko saltokietako produktuak Hernaniko etxeetara eramatea ahalbidetzen du horrek. Proiektuak harrera «ona» izan duela dio Zuazok. «Poliki-poliki doa aurrera, baina jendea gustura dago eskaintzen den zerbitzuarekin, eta baita eskaintzen den moduarekin ere», zehaztu du.

 

Bertakoek, bertakoa

Aipatu moduan, Txita enpresakoen xedea da «bertakoek bertakoa kontsumitzea». Azaldu duenez, herritar «askok» lotzen dituzte online erosketak edo telefono bidez egiten direnak enpresa haundiekin. «Jendeak plataforma haundiekin lotzen ditu mota horretako erosketak; adibidez, Amazonekin, Decathlonekin edota Inditexekin. Beraz, iniziatiba honen xedea da bertakoek bertakoa erostea». 

Hernaniko erakusleiho digitala (hernanin.eus) erabili daiteke zerbitzu honekin batera. Webgune horretan ikus daitezke herriko merkataritza guneek dituzten aukerak. Momentu honetan, web orrian aurki daitezke herriko 53 saltokietako produktuak. Besteak beste, edergintzako dendak, arropa dendak, arraindegiak, etxetresnen saltokiak, eta beste asko. Dendek eskaintzen duten zerbitzuari gehitzen zaion kanal berria da, informazioa jaso eta erosteko bidea. Hernaniko denden produktu eta zerbitzu eskaintza zabala ezagutzeaz gain, komertzioek produktuak erreserbatzeko edo erosteko aukera eskaintzen du. 

Esanak esan, Txitakoek 2006an ekin zioten ibilbideari, eta hainbat zerbitzu garatu dituzte orduztik.   Zuazok dio «hasiera-hasieratik» hori izan zela beraien apustua, bertako kontsumoa sustatzea. Zehazki, 2006an Bixitaxi zerbitzua sortu zuten, Donostian. Triziklo moduko batean, aukera ematen die herritarrei hiritik barrena paseatzeko. «Hala ere, soilik zerbitzu horrekin mantentzea ezinezkoa zen; izan ere, zerbitzu hori, gehienbat, turtistek erabiltzen dute udaran». Hori horrela, ia bi urte beranduago, 2008 urte amaieran, azken milako banaketan hasi zien lanean. «Zerbitzu horrekin, paketeria haundiek gure gain uzten dituzte hirian banatu beharreko paketeak. Esaterako, DHL, Dachser, Seur edota horrelakoak. Egunero ekartzen dizkigute gure lokalera paketeak; eta gure lana da pakete horiek banatzea Donostiako zenbait auzotan». 

Ondoren, bi dinamika horiek abian jarrita, beste ideia bat bururatu zitzaien Txitakoei. «Egindako guztia uztartu genuen, ikusi genuelako bestelako zerbitzu batzuk ere eskaini genitzakeela; eta emaitza hauxe izan zen, egun Hernanin martxan dugun banaketa zerbitzua. Oreretan ere eskaintzen dugu zerbitzu hau eta Azpeitian ere horretan dabiltza, gure enpresari erositako bi triziklorekin», kontatu du.

 

«Telefonoz edo dendan bertan eskatu daiteke»

Zerbitzua eskuragarri dago edozein herritarrentzat. Interesa dutenek, egin behar dutena da telefonoz deitu edo erosketak egin dituzten dendan bertan zerbitzua eskatu. Hauexek dira harremanetarako telefono zenbakiak: 943 27 55 85 edo 688 730 723. «Denetarik eramaten dugu etxera: farmaziako produktuak, harategiko edo arraindegiko erosketak, arropa dendaren batean erositako jantziak, etxetresna elektriko txikiak...», dio Harrik. «Noski, hozkailu bat, adibidez, ezin dugu etxera eraman!», dio. Hortaz gain, zerbitzua Hernaniko establezimendu guztientzat dago irekita eta astelehenetik ostiralera eramaten dira erosketak herritarren etxeetara.

Horrelaxe deskribatu du Harrik zerbitzua erabiltzen duen herritar baten kasua: «goizean goiz, eguerdian edo arratsaldean, erosketak egiten ditu eta dendariari esaten dio (edo aldez aurretik telefonoz adierazten du) erosketak etxera eramatea nahi duela; eskaera hori arratsaldeko 18:00ak arte egin daiteke, bai dendariek, bai guk guztia prestatu behar dugulako; azkenik, 18:30etatik 20:30etara bitartean, eskaera guztiak banatzen ditugu». Horren haritik, langileek banaketa egiten duten bitatean (alegia, 18:30-20:30), beharrezkoa da bezeroak etxean egotea. «Konpromezu hori hartzea garrantzitsua da, ez baitakigu zehazki zein ordutan helduko garen eskaera egin dutenen etxeetara», azpimarratu du. 

 

Denetarik banatzeko aukera

Eta zer eskatzen dute hernaniarrek? Horixe galdetu diogu Harriri. «Ba, egia esan, denetarik!», erantzun du. «Baina, gehiena supermerkatuko erosketak izan dira. Horrez gain, asko eskatzen dituzte farmaziako produktuak, ferreteriko tresnak, belar dendetako produktuak, fruta dendakoak, arraindegikoak eta harategikoak…». 

Hori ikusita, askotariko produktuak eta tresnak banatzeko aukera du trizikloak. Dena den, «limitatua» da. «Gehienez, 150 kilo eraman ditzake. Horregatik, zenbait gauza garraitzea ezinezkoa da, baina orain arte eskatu duten guztia eramateko haina gaitasuna badu, bai». 
Bestalde, Hernanik auzo asko dituela ikusita eta batetik bestera tartea dagoela jakinda, Harriri galdetu diogu ea jendeak zein auzotatik deitzen duen eskaerak egiteko. «Kasu honetan ere, denetarik dago. Sorgintxulotik, Karabeletik eta zentrotik ere deitzen dute, erosketak etxera eramateko», dio. «Egia esan gehienak helduak dira; gazte gutxi dago eta pena da hori. Egia da gazteren batek ere deitu duela, baina beno, ulertzekoa da hori». 


Gainera, «ohiko bezeroak» ere badituztela zehaztu du. «Zerbitzua probatu dute  eta ondo funtzionatu duela ikusita,  errepikatu egin dute. Horregatik, bada astero erosketak egin eta gure zerbitzua erabiltzen duen herritarrik, eta pozik gaude horrekin».

 

Proiektuaren etorkizuna, «herritarren esku»

Zerbitzuak Hernaniko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren hasierako laguntza ekonomikoa izan du, eta, horregatik zerbitzuak ez du saltokientzat kosturik edukiko lehen 6 hilabeteetan. Horren bueltan, ideia hau zabaltzeko eta proiektua jendeak ezagutzeko «ahalegin haundia» egin dela kontatu du Zuazok. «Kaletatik barrena aritu ginen animazio lanak egiten eta proiektua zertan datzan azaltzen», dio.

«Udalak ere lan haundia egin du hau aurrera eramateko», aipatu du Txitakoak. Edonola ere, gakoa herritarrengan dagoela dio. «Jendeak erabiltzen ez badu, ez du ezertarako balio». Hain justu, aurreratu moduan, proiektu pilotoa da. Merkataritza jarduera suspertzea, enplegua mantentzea eta Hernaniko bizilagunei balio erantsiko zerbitzuak eskaintzea du helburu. «Ikusiko dugu ea honekin jarraitzeko aukera dugun. Momentuz, ondo goaz; beraz, espero dugu baietz!».   

 


Banaketa zerbitzuko langilea eta eskaera egin duen herritar bat.

«Oso ona iruditzen zait banaketa zerbitzukoek egiten duten lana»

 

Txitako langileetako bati eskaera bat banatzera lagundu diogu. Farmaziatik bezeroaren etxeraino luzatu dugu ibilbidea.

 

Goizaldean deia jaso dute banaketa zerbitzuko langileek. Herritar batek eskaera egin du, farmaziko produkturen bat etxera eramatea behar zuelako. Hori horrela, egunero moduan, banatzaileek eguneko zerrendan apuntatu dute emakumearen eskaera. 

Ordu batzuk beranduago, 17:15 aldera, Txitako langilearekin elkartu eta Elkano kaleko farmazira lagundu diogu. Antza, eskaera asko farmazikoak izaten direla kontatu digu banatzaileak. Dendariarekin hitz egin eta bertan jaso du banatu beharrreko eskaera. Farmazialariak esan dio banatzaileari eskaera zein auzotara eraman behar zen. 

Ondoren, paketea trizikloan sartu eta hortxe hasi dugu ibilbidea Karobieta auzorantz. Gustura dagoela kontatu digu Txitako langileak, gustatzen zaiola herritarrengana joatea eta erosi duten hori etxetara eramatea. Konturatzerako, heldu gara zehaztutako helbidera. Tinbrea jo eta: «Kaixo! Eskaera uztera nator», abixatu dio banatzaileak interfonoaren beste aldeko ahotsari. 

Hortxe ireki du atea emakume batek. Paketea jaso du eta aipatu digu «oso ona» iruditzen zaiola banaketa zerbitzuko langileek egiten duten lana. «Nik, batez ere, amonarentzat egiten ditut eskaerak eta guretzat erosoa da. Orain arteko zerbitzuarekin oso gustura gaude eta errepikatu egingo dugu». 
Gero, bidea jarraitu du banatzaileak. Beste hainbat enkargu zituen egiteko lanaldia amaitu aurretik. «Hurrengora arte!», agurtu gaitu. 

 


Farmazialaria eta banaketa zerbitzuko langilea, eskaera batekin.

«Badago errepikatu duen bezerorik, eta, kontatu digutenez, oso pozik daude»

Banaketa zerbitzuko eskaera asko farmazikoak izaten dira. «Zerbitzu hau sortzea hobekuntza haundia izan da». 

 

Farmaziko eskaera asko izaten dituzte banaketa zerbitzuko langileek. «Gehienak bezero helduak izaten dira», aipatu du farmazialariak. «Guretzat ez da lana egiteko modua aldatu; bezeroentzat, aldiz, zerbitzu hau izatea hobekuntza haundia izan da», dio.

«Jendeak, oro har, oraindik ez daki banaketa zerbitzua dagoenik, eta guk esaten diegu aukera hori dutela. Poza haundia hartzen dute, izan ere, orain arte eskatutako guztia etxera eramateko seme-alaben laguntza behar izaten zuten batzuk, kotxea hemen gertu aparkatzea zaila izaten delako; edo, bestela, bi edo hiru aldiz egiten zituzten joan etorriak, kajak etxera eramateko». Orain, ordea, banaketa zerbitzuak erraztasunak ematen dizkie bezeroei; eta farmaziko langileek diotenez, «badago errepikatu duen bezerorik, eta, kontatu digutenez, oso pozik daude». 

Bestalde, farmaziko zenbait produktu eskatzea ezinezkoa dela aipatu dute bertako langileek. «Medikamentuak ezin dira bidali, hori garrantzitsua da. Soilik parafarmaziako gauzak eraman daiteke; adibidez, pardelak, txanpuak, kremak...», azaldu du. «Gehienak pardelen kajak izaten dira; orain arte, 20 kaja inguru eskatu dizkigute, bakoitza 80 pardelatakoa». 

Gainera, banaketa zerbitzuko langileen eta farmazialarien artean lana oso «erraza» dela dio saltokikoak. «Oso-oso ondo moldatzen gara. Hona etortzen dira, trukea egiten dugu eta listo!», dio. «Guk zerbitzu honen berri ematen jarraituko dugu, noski!». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!