Sorginlore Gizarte Elkarteak Emakumeen indarra ekimena garatu du, Nagore Legarreta argazkilariarekin eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailearekin elkarlanean. Donostian hasi zuten ibilbidea, eta orain Hernanin jarraitu dituzte saioak Amherrekin, AEKrekin eta Lanbide Heziketako Animazio Soziokulturala eta Turistiko graduko ikasleekin. «Proiektu honetan kapitaina Sorginlore da», hasi du elkarrizketa Nagorek. Hain justu, Assumpta Ayerdi Sorginloreko kideak eman zion hasiera dinamikari. «Sustraia guk pentsatu genuen, Costa Ricako Colectiva Caminandorekin batera», onartu du, zintzo, Assumptak. «Duela bi edo hiru urte inguru hasi ginen proiektuaren nondik norakoak zeintzuk izango ziren pentsatzen».
Ekimenak emakumeen indarra jarri du erdigunean eta gizarteak egun duen «iruditegi orokorra» jarri du zalantzan. Gainera, «eraldaketarako intentzio politikoa» duela helarazi dute. «Asmoa da komunikazio feministaren eta herrikoiaren ildotik abiatzea Euskal Herrian; eta zehazki, iruditeria hegemonikoak ikusezin egiten gaituela eta diskriminatzen gaituela aztertu eta horren gaineko gogoeta egin nahi dugu». Hain justu, horretarako antolatu dituzte saioak, Hernaniko hainbat taldetako emakumeekin. «Aurrez aipatutako horri guztiari buelta eman nahi genion eta esanahi propioak sortu gure gorputzetatik eta gure bizipenetatik abiatuta», zehaztu du Sorginlorekoak.
Hori horrela, Costa Ricako Colectiva Caminandorekin batera ekin zion lanari Assumptak. «Ikerketa bat egin genuen parte hartu zuten 80 emakumerekin, eta hortik ondorioztatu ahal izan genuen emakumeen indarra zein modutan ulertzen den». Parte- -hartzaileen perfila oso anitza izan zela adierazi du; «elkarrizketa edo saio batzuk aurrez aurre egin genituen eta beste batzuk, berriz, online. Emakume guztiak oso ezberdinak ziren eta, ondorioz, emaitza zabala jaso dugu». Assumptak dio tailerrak ez direla hitzaldiak izan; alderantziz, gogoeta egiteko aukera eman dute. «Guretzako oso garrantzitsua da gune seguruak sortzea, konfiantzakoak, inork epaituko ez gaituen guneak. Horrekin batera, partaidetza hitzarekin adierazi nahi dugu saio hauetan aukera dagoela hitz egiteko, baina baita isilik egoteko ere. Norberaren erritmoa errespetatu nahi dugu. Era horretan egiten dugunean ikusi dugu posible dela bide horretatik lantzea; ez duela zertan zorrotza edo behartuta izan behar».
Animazio Soziokulturala eta Turistikoko ikasleak, Sorngiloreren tailerrean. Argazkia: Nagore Legarreta eta Sorginlore.
«Ez dago normalitate bat»
Emakumeen indarretik abiatuta, saio horietan aztertu zuten «ea zein bizipen zuten gaiari buruz, eta, horrez gain, ikusi genuen gizartearen arauek markatzen edo zuzentzen gaituztela aurrez zehaztutako keinuekin, erreferenteekin, hitzekin eta jolasekin. Horrek guztiak, nor garenaren arabera (jatorria eta adina, adibidez) gure nortasunean eragiten du, oraindik ere».
Hori ikusita, Sorginlorek proiektuaren xedea zehaztu zuen. «Batetik, sustatzea emakumezkoen gaitasuna beren indarra antzemateko; eta, bestetik, zalantzan jartzea aipatutako gizartearen iruditegi orokor hori. Horrekin, noski, pentsatzea ea zer den indarra, non kokatzen dugun, zein erregistrorekin gauden eroso eta nola islatzen dugun hori guztia», gehitu du. Norbanakoez gain, taldean ere jarri dute fokua. «Norbanakoen gogoetaz gain, taldekakoa ere garrantzitsua da, eta horregatik, horren alde ere egin dugu».
Bestalde, Assumptak dio hau guztia lantzean beharrezkoa dela jakitea ez dagoela normalitate bat edo bakarra. «Saio hauetan zalantzan jarri dugu erakutsi diguten hori ez dela naturala, ez dagoela normalitate bat, eta bakoitzak gure bidea aurkitu behar dugula. Baina, aldi berean, bakoitzak bere esperientzia eta bizipen propioak izan dituen arren, badaude emakume askok bat egiten dugun lekuak. Hau da, izan duen testuinguruagatik emakume bakoitzak bizipen ezberdinak ditu, baina topo egiten dugu».
Beraz, hitz gutxitan, zergatik dago horrelako proiektuak egiteko beharra? Horixe galdetu diegu elkarrizketatuei. Hauxe erantzun digu Assumptak: «Garrantzitsua da hau guztia lantzea. Elkarrengandik ikasi dezakegu eta elkarri lagundu. Adibidez, bere esperientzia kontatu duen emakume horiei esan diezaiokegu bere indargunea zein den. Interesgarria da besteak entzutea eta elkarrekin konektatzea».
«Saio hauetan guztietan elkarrengandik ikasi dugu eta elkarri lagundu diogu; interesgarria da besteak entzutea eta elkarrekin konektatzea»
Argazki kamera, ispilua
Ekimenean parte hartu duten emakumeen gogoetaz gain, proiektuan pisu haundia izan du argazkilaritzak. Assumptaren esanetan, gorputzak «asko» adierazten du, «diskurtso honek gorputzean eragin zuzena duelako»; eta argazkien bidez islatu nahi izan dute emakume bakoitzaren indarraren esanahia. Horrexegatik jarri zen harremanetan Sorginlore Nagorerekin. «Egunero egunero badaukagu iruditegi bat, hegemonikoa, eta gauza askotan aurrera egin dugula iruditzen zaigun arren, badaude insistentziagatik pisu haundia hartzen duten indar batzuk, gure alde egiten ez dutenak», azaldu du argazkilari hernaniarrak.
Hernaniko taldeekin egindako saioetan, argazkilaritza «ispilua» izan dela dio Nagorek. «Tailer hauetan, tertuliak egin ditugu eta oso aberatsak eta anitzak izan dira. Baina horretaz gain, irudiaren bidez gorputz adierazpena landu nahi izan da. Gure kulturan, bereziki, ez ditugu tarte asko hartzen pentsatzeko gure gorputzarekin zer esaten dugun edo nola esaten dugun, edo zerk baldintzatzen gaituen horretan. Horregatik diot argazkilaritza ispilu bat izan dela lan honetan». Ildo horretan, saio hauetatik guztietatik Nagorek argi du ateratako ondorio behinena zein den: «argazki mota asko izan ditugu, baina ni begiradekin gelditzen naiz». Hori esatean, Assumptak bat egin du kidearekin. «Bai, maskarillarekin egin genituen saioak eta are nabarmenagoa zen emakumeen begiraden indarra». Nagorek dio parte-hartzaileen eskuzabaltasuna eskertzekoa dela. «Jendea horrela irekitzea pribilegioa izan da eta eskerrak eman nahi dizkiet».
Bestalde, dinamikako partaide guztiekin bi saio egin dituzte. «Lehenbiziko saioan ariketak egin genituen eta ispilua jarri genuen parte hartzaile bakoitzaren aurrean; hau da, argazki kamera. Jendeak botatzen zituen bota beharrekoak eta, ondoren, irudi horiek ikusi zituzten», kontatu du Nagorek. «Hori da, tertulia horretan gogoeta egin dugu, norberaren bizipenetatik abiatuta. Honelako galderak egiten genituen: Noiz esan dizute indartsua zarela? Noiz sentitu zara zu? Horren ostean, kamerarekin jolastu dugu eta parte-hartzaileei galdetu genien ea zerekin lotzen duten indarra: Barrearekin? Seriotasunarekin? Jolasean aritu ginen, ea gorputzarekin indarra nola adierazten dugun jakiteko, eta, jarraian, Nagorek ondo esan duen bezalaxe, ateratako argazkiak bildu genituen. Nola helarazten duzue ezkortasuna? Eta mugak jartzea? Nola adierazi dezakezue elkartasuna? Hori guztia kameraren aurrean», luzatu du Sorginlorekoak.
Ondoren, lehenengo saio horretako materiala bildu ondoren, bigarren saio bat egin zuten. «Horretan, beren irudiekin aurrez aurre jartzen ziren, eta, diotenez, askok ez zuten bere burua ezagutu ikusi zuten horretan. Horrez gain, besteen argazkiak ikustea ere «lagungarria» izan zela kontatu dute. «Gainerakoenak ikustean inspiratu egiten ziren, sentimendu asko ikusteko gai zirelako: duintasuna, harrortasuna, konplizitatea, tristura, eta abar».
Irudiek eta argazkiek, beraz, garrantzia izan dute proiektu honetan. «Oso interesgarria izan da ikustea, diskurtso hegemonikoarekin lotuta, ea zein kontzeptu lotzen ditugun gure jarrerekin. Oso enkasillatuta bezala daude. Adibidez, galdetu diegu ea zer ulertzen dugun geure burua defendatzearekin. Argazkilaritzara eramanda, azken horri buruz gogoeta egiten ez badugu eta egoera eztabaidatzen ez badugu, argazki guztiak antzekoak izango dira, guztiek zerbait antzekoa egingo dugulako», deskribatu du Nagorek. «Esaterako, indarra ere bada laguntza eskatzea. Orduan, niretzat prozesu hau oso aberasgarria izan da. Ikusi dut ez dagoela indarra adierazteko modu bakarra Dinamika honen adar garrantzitsua izan da eta oso polita izan da hori guztia zalantzan jartzea eta kuestionatzea».
«Zalantzan jarri dugu erakutsi diguten hori ez dela naturala, ez dagoela normalitate bat edo bakarra, eta gutako bakoitzak gure bidea aurkitu behar dugula. Baina, aldi berean, bakoitzak bere esperientzia eta bizipen propioak izan dituen arren, badaude emakume askok bat egiten dugun lekuak»
«Ekimenak oso erantzun positiboa izan du»
Hernanin lau taldek hartu zuten parte Emakumeen indarra ekimenean, eta orain arte oso erantzun positiboa izan duela kontatu dute. «Askotan aurreiritziak izaten ditugu eta jendea sailkatzen dugu. Kasu honetan, aldiz, esploratu egin dugu eta esperimentatu egin dugu», dio Assumptak. «Taldeek asko eman didate niri ere, eta eskertzekoa da. Gainera, koadernoak egin ditugulako ere oso eskertuta egon dira. Beraien burua hor ikusteak ilusioa egin die, nahiz eta parte-hartzaile guztien argazkiak txertatzea ezinezkoa izan den».
«Lanbide Heziketan, adibidez, gaztetxoak ziren eta sekulako energia izan zuten, ilusio betez aritu ziren. Bihotzetik atera zitzaien dinamikan egindakoa», esan du Assumptak. «Talde hori pasada bat izan zen», gehitu du Nagorek. Horrekin batera, Amherreko emakumeekin izandako esperientzia «oso berezia» izan zela aipatu du Assumpak. «Parte hartu zuten lagun asko atzerritarrak ziren, Euskal Herrira duela hainbat urte heldutakoak. Beraientzako eta COVID-19aren egoera honetan, gainera, aurrez aurreko hori berreskuratzeko gune bat izatea eta beren burua zaintzeko tartea eskaintzea oso hunkigarria izan da». Nagorek ere bat egin du horrekin; «talde horretan perfil zehatza zegoen eta zaintza lanekin lotutako emakumeak ziren. Lanketa egin genuen koronabirusaren gaia pil-pilean zegoenean, eta momentu horretan malabarismoak egiten zebilen herritarrek hartu zuten parte. Emozioen aldetik oso potentea izan zen».
Halaber, AEKko bi taldetan ere egin zituzten tailerrak. «Ikasleek zein irakasleek hartu zuten parte, eta saio horiek ere oso interesgarriak izan ziren, askotariko bizipenak entzun genituelako».
Horrekin lotuta, Astigarragako AEKko kideek ere egin dute dinamika Sorginlorerekin, eta datorren astean Hernaniko Lanbide Heziketako beste ziklo batzuetako ikasleekin eta irakasleekin egingo dute lan. «Orain, argazkigintzarekin lotu gabe, mekanikako eta elektrizitateko moduluetan egongo gara. Gehienak mutilak dira. Zentroko eskaera jaso genuen, mutilekin ere gaia lantzeko; izan ere, Animazio Soziokulturala eta Turistikoko ikasleekin ere egon ginen, baina emakumeak ziren denak. Beti dago zalantza, ea lana emakumezkoekin eta neskekin soilik egin behar den. Baina guk, kasu honetan, mutilekin ere lantzeko apustua egin dugu. Bidea eta estrategiak bilatzea interesgarria izango da, noski!».
Ekimeneko koadernoa eta Axpik sortutako orri-markatzaileak.
Erakusketa, koadernoak eta orri-markatzaileak
Aurrez adierazi moduan, proiektua Donostian hasi zuten eta, ondoren, Hernanin eman diote jarraipena. Donostiako hainbat taldeko emakumeekin saioak egin zituzten eta, gero, Egiako Garraxi tabernan jarri zituzten argazkiak, erakusketa batean. Hernanin, aldiz, Amherrekin, AEKko kideekin eta Lanbide Heziketako ikasleekin aritu dira lanean. «Oso esperientzia aberasgarria izan da», egin dute bat Assumptak eta Nagorek.
Horren haritik, Donostian argazki erakusketa egin bazuten ere, Hernanin koadernoak osatu dituzte, parte hartu duten zenbait emakumeren irudiekin. Era berean, proiektuko tresna moduan ere orri-markatzaileak sortu dituzte, Axpiren laguntzarekin. «Tresna erabilgarriak eta gertukoak egin nahi genituen, eta mezu batzuk islatu genituen orri- -markatzaileetan». Denera, hiru egin ditu Axpik. «Emakumeek espazio berriak okupatzeko erreferenteak izateko garrantzia adierazten du batek, eta baita espazio horietan zilegitasuna sentitzeko garrantzia ere. Beste markagailu batean autokontakizunari aitortza eman zaio, norberak bere erabakiak hartzeari eta horiek errespetatzeari. Hor ikusi genuen orain arte emakumeei esan digutela bide bakarra dagoela, eta oraindik ere gure DNAn edo hori gordeta dagoela. Eta, azkenik, hirugarren batek aniztasunari aitortza egiten dio».