Visi Ruizek 63 urte ditu eta martxoaren 17an jubilatu zen Papelera Zikuñaga enpresan bertan, 49 urte lanean egin eta gero. Kalkuluak errazak dira, 63 urte baditu eta 49 urtetan egin baldin badu lan, 14 urterekin hasi zen lanean paper fabrikan. Visi Hernanin jaio zen eta ezkonduta Martutenera joan zen bizitzera 1979 urtean. Ordurako, zazpi urte zeramatzan Zikuñagan lanean.
«Martxoaren 26an bete nituen 63 urte eta martxoaren 17an jubilatu nintzen 62 urterekin. 14 urterekin hasi nintzen lanean Zikuñagan, 1972an, orain 49 urte», aipatzen du Visik. «Visi Visitacionetik dator». Paper fabrika 1935 urtean ireki zen Hernanin eta paperak hartu zuen indarraren ondorioz, hainbat paper-fabrika ireki ziren herrian 20garren mendean».
Visi Ruiz aitaren bitartez hasi zen Zikuñagan lanean. «Garai hartan, 1972an, eskolatik irten eta lanean hasten zinen. Jende gutxik jarraitzen zituen goi mailako ikasketak. Aitari esan nion Zikuñagara joango nintzela lan eske eta esan zidan berak esango ziola pertsonalburuari, aitak bertan egiten baitzuen lana. Hori esan eta hurrengo egunean joateko esan zidaten. Horrela hasi nintzen eta bizitza osoa egin dut bertan lanean».
Visi Hernanin bizi zen, Karmelo Labaka kalean, Casa Catalán etxean. «Bertan jaio nintzen. Gurasoak Otivarrekoak (Granada) ziren eta ezkonduta, Hernanira joan ginen bizitzera. Anai-arreba guztiak Hernanin jaio ginen. Nire gizona Martutenekoa da eta ezkondu ondoren, bertara joan ginen. Nire bi seme-alabak bertakoak dira».
Martutene ongi kokatua zegoen beraien lanetik, nahiko gertu. Urte guzti horietan gustura egon da bertan lanean. «Noski, gora-beherak egoten dira. Egun batzuetan dena uzteko gogoa sartzen zaizu, baina hori normala da, egun txarrak beti egongo dira. Orokorrean ongi egon naiz. Azken hiru urteetan bakarrik nengoen, emakume lankideak jubilatu baitziren».
«Zikuñagako langilea gutxietsita zegoen soldata baxuengatik, eta hori aldatu egin zen»
«Nesken kopurua jaitsi egin da. Hasierako urteetan 50-60 emakume ginen lanean»
Bere lan ibilbidearen hasierak ongi gogoratzen ditu Ruizek. «Ezagutzen dugun papera landu aurretik, arte grafikoetara zuzenduta zegoen Zikuñaga. Hor hasi nintzen ni, eta bi edo hiru urtez arte grafikoetan lanean ibili eta gero, hori kendu eta paperarekin hasi ginen lanean».
Bazegoen papera, baina arte grafikoak, nolabait esatekotan, zelofan-paperera bideratuta zeudela dio Visik; eta gaur egun baino emakume gehiago omen zegoen bertan lanean. «Neska askok egiten genuen lana Zikuñagan. Ez naiz gauza zehatz-mehatz gogoratzeko, baina asko ginen, 50 edo 60 inguru. Urteen poderioz gutxitzen joan zen kopurua. Gaur egun ez da emakumeen enpresa bat. Dena den, emakumeek betetzen dituzte lanpostu jakin batzuk: bulegoan administrazio lanetan eta laborategian».
Gainera Visik ez du uste hori aldatuko denik. «Ez dakit adinarengatik den edo zer, baina aipatu ditudan bi postu horietatik kanpora zail ikusten dut emakumeak bertan lanean aritzea. Lana oso astuna da; makinak, bobinak, galdarak...». Neskengana ireki beharrean, lantokia lanpostu horietan gehiago itxi dela dio Visik. «Sasoi asko behar den lanak dira eta lan horietan gizonak dabiltza».
Visik 49 urte egin ditu bertan laborategian lanean eta horietako asko gizonez inguratuta. «Oraintxe bi neska sartu dira lanera, bi lan teknikoetan, araztaile prozesuak lantzen. Azken bi urtetik ona postu horietan hasi dira neskak lanean».
Hala ere, bulegoa kenduta, «bi neska bakarrik daude lanean paper-fabrikan. Azkenaldian ni nintzen emakume bakarra». Visik ez daki zehazki zenbat langile dituen paper-fabrikak, baina orain 230 inguru direla aipatzen du. «300dik gora izan zituen. Gaur egun, lan tekniko eta ez teknikoen artean parekotasuna dago. Orain sartzen diren langile ia denak, tituluekin lan berezituentzako dira».
Lan egiteko era urte hauetan guztietan ez omen da asko aldatu, dio Visi Ruizek. «Makinak teknologia berrietara egokituta daude, baina lanak bere horretan jarraitzen du orain, duela 50 urte bezalaxe. Entsegu berriak daude, aldaketa sakonik gabe».
Urte hauetan guztietan lan antzekoa egin du Visik entsegu berriren bat sartu zutenean ez beste. «Pasta aldatu egiten da, garai berrietara eta araudi berrietara egokitu dira materialak. Hor bai, Zikuñaga ongi egokitu da. Denbora pasa da, tamalez paper-fabrika asko itxi ziren eta Zikuñagak bizirik jarraitzen du; eta osasunez ongi, gainera».
Gaur egun paper mota asko egiten dira eta garai batean, aldiz, bakarra egiten zela dio Visik. «Folio papera bakarrik zegoen eta gaur egun, berriz, asko daude».
Bestalde, lan baldintzen hobekuntza nabarmentzen du Visi Ruizek. «Garai batean Zikuñagako langilea gutxietsi egiten zen soldatak baxuak zirelako. Aldiz, herriko beste lantoki batzuetan gehiago irabazten zen. Hori asko aldatu da, paperaren hitzarmen onak izateko asko borrokatu zen eta gaur egun Zikuñagako langileak soldata ona irabazten du. Alegia, bertako langileak esan dezake ongi dagoela. Izena lortu da». Hiru erreleboetara funtzionatzen du enpresak, baina Visik, esaterako, astelehenetik ostiralera lanaldi zatituan egiten zuen lana.
«Gaur egun paper mota asko lantzen dira, baina hasieran, folio papera bakarrik»
«Orain, langile berriak 24 urterekin sartzen dira hona; eta ikasketekin, gainera»
Bi lankide zituen azken hiru urteetan eta emakume bakarra, administrazioan kenduta. «Gizonekin lanean ongi moldatu naiz. Urte luzeetan egon naiz lanean, 49 hain justu, eta inoiz ez dut eztabaida liskartsurik eduki inorekin. Inoiz ez naiz haserretu lankideekin».
Hasi zenean, 14 urterekin, gazteena zen. «Beste neska bat bazegoen abenduan jaiotakoa, baina 15-16 urte zituen. 14korik ez dut uste zegoenik. Gaur egun hori pentsaezina da. Orain, lanean hasten direnak 22 urtetik gorakoak izaten dira, goi mailako ikasketak amaitu eta gero. Ikasketen arabera 24 urtetakoak ere bai. Bada 18 urteko mutil hernaniar bat, Lujanbio. Gazte hasi da, baina salbuespena da. Oso langile fina da!».
Visi Ruiz bere garaiko alaba da, ezbairik gabe. «Nire lagunen artean batek egin zuen magisteritza, baina beste denak lantegietan, enpresetan, hasten ginen lanean. Ni ezkondu nintzenean, 1979an, joera aldatu egin zen. Nire aurreko belaunaldian emakumeek lantokia edo enpresa utzi egiten zuten etxean umeak zaindu eta etxeko lanetarako. Gu izan ginen lehendabizikoetakoak lantokian geratu ginenak. Ezkondu eta gero, lantokian jarraitu nuen. Urte batzuk lehenago ezkondutako emakume gehienek bai, lantegia uzten zuten. Nire ahizpa bat, adibidez, lau urte lehenago ezkondu zen eta enpresako lana utzi egin zuen».
«50 eguneko itxialdi greba egin genuen baldintzak hobetzeko, orain 40 urte»
«Ez zait arantzarik geratu 49 urte egiteagatik eta ez 50 urte»
50 urte betetzeko sei hilabetera geratu da Visi Ruiz, eta askok esan diote pena dela 50 urteak ez betetzea. Berak beste ikuspuntu bat du. «Jende askok gogoratu dit. 50 urte egingo banitu Zikuñagan inoiz urte gehien lan egin duen pertsona bihurtuko nintzatekeela. 49 urterekin bigarrena naiz eta ez... 49 urte nahikoak dira. Alde horretatik ez zait arantzarik gelditu, ezta gutxiagorik ere».
Urte horietan guztietan garrantzitsuak dira errebindikazio uneak Visi Ruizen lan ibilbidean. «Grebak, murrizketak, 50 egun egon ginen itxialdian greban paperaren hitzarmen on bat lortzeko. Ezkondu berria nintzen eta nik uste 80garren hamarkadaren hasiera izango zela. Ez dut ongi gogoratzen, baina Foru Aldundian edo Justizia Epaitegian egon ginen sartuta gau eta egun. Asko borrokatu zen».
Gizarteak eraman duen bideak ere eragin zuzena izan du Zikuñagan eta paper fabriketan. «Teknologia berriek paper gutxiago kontsumitzea eragin dute. Hori gure lanean nabari da. Askotan, gu lanean itsu gabiltza eta ez zara konturatzen lana asko jaitsi den edo ez. Produkzioan daudenak bai, ordea. Garai batean makinak minutuko 600 bira ematen bazituen, agian orain 400era doa eta, beraz, lan gutxiago ateratzen dela konturatzen dira».
Edonola ere, gauzak gaizki joan balira murrizketak egongo zirela uste du Visik; eta Zikuñagan langileen plantilla nahiko mantendu da. «Zikuñagako enpresak beste lantokietan duen eragina kontuan hartu behar da. Tailer asko bizi da paper-fabrikari lotuta. Noski, agian biziraun duenetako bat izateagatik». Horrez gain, asko dira paper-fabrikan botatzen duen kiratsagatik kexu direnak. «Gora lurrina botatzen da, eta gaur egun asko hobetu da filtroekin eta kontrol haundia dago isurketetan. Arazketan kontrol haundia dago eta ibaia nola dagoen ikusi besterik ez dago».
«Agurrean lankideen eta familiaren maitasuna hunkigarria izan da»
Martxoaren 17an, jubilatu zen egunean, senitartekoak pankarta batekin joan ziren. «Jendeak erakutsi didan begirunea ahaztezina izango da».
Visi Ruiz hunkitu egin zen martxoko agurrean. «Oso zapore gozoarekin gelditu naiz. Izugarria izan zen eta esperientzia benetan ederra. COVID-19ak sortutako egoeragatik ezin izan zen agurra egiteko jendea elkartu, baina lore sorta bat oparitu zidaten eta jendea hunkituta ikusi nuen. Jendeak erakutsi didan maitasuna, lankideak malkoekin begietan agur esaten ikustea hunkigarria izan zen. Oso polita eta harri eta zur gelditu nintzen».
Martxoaren 17an familiak ere sorpresa prestatu zion. «Senarra, seme-alabak eta semearen neska laguna pankarta batekin joan ziren lantegiaren sarrerara agurtzera. Ausartu ziren eta ezin nuen sinistu».
«Pixka bat zirikatzera joan ginen» aipatzen du alabak. «Nagusiei fitxa batzuk ematera joan nintzen eta beraien jarrera maitekorra ikaragarri polita izan zen; eta horrez gain, familia kanpoan ikustea ezin politagoa izan zen. Gogoratu eta oilo ipurdia ateratzen zait».
Lankideak asko estimatzen dutela eta berotasun hori nabaritu zuen Visik. «Arlo guztietako lankideak, gainera. Sentimendu hori azaleratzea eta adieraztea barruraino sartu zait. Ez balute sentimendu hori izan, agian ez zuten ezer esango, baina adierazpen horiek zerbait esan nahi dute eta horrekin gelditzen naiz».
Ibilbide horretan, Visik jende asko ezagutu du eta historia asko ere bai. «Aurretik jubilatu ziren lankide askok oraindik ez dakite jubilatu naizenik; eta Kronikaren bitartez jakingo dute askok eta askok». Orain arte, inoiz ez da egon Zikuñagan horrenbeste urtez lan egin duen emakumerik; eta azken urteetan urte gehien egon den langileak utzi du lantokia.