Arremanitzek antolatuta, Xanti Agirrezabala azpeitiarrak Satiro antzerkia aurkeztuko du ostiralean, arratsaldeko 19:00etan, Biterin. Antzezlana ikusteko, gonbidapenak eskatu behar dira aldez aurretik, hernanitoherri@gmail.com helbidera idatzita.
«Gizonezkoen sexualitatetik abiatuta, emanaldia da gure desiren eta fantasien zirikatze prozesua», kontatu dio Kronikari. Agirrezabalak ibilbide luzea du aktore lanetan eta antzerkian lan egiteaz gain, telebistan ere aritu da, baita zinean ere. Dantzerti Euskadiko Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskola Ofizialean egin zituen ikasketak, eta gradua borobiltzeko Satiro lana egin zuen. Hain justu, ostiralean aurkeztuko duen ikuskizuna Gradu Amaierako Lanaren emaitza da.
Orain, ikasketak bukatu eta bi urteren ondoren, Euskal Herriko antzokietako oholtzen gainean dihardu. Azaldu duenez, «oso harrera ona» izan du. Antzerkia eraldatzen joan da, noski, hori beti gertatzen baita. Estreinaldia Azpeitian izan zen, eta ikuslegoaren saria jaso zuen pasa den urteko antzerki topaketan». Aurreratu du, ikusleak «oso urduri» jartzen direla emanaldian, «konfort zonatik ateratzen direlako», dio. «Herrien eta ikusleen adinaren arabera, konturatzen naiz oso erreakzio ezberdinak egoten direla. Oso garratza da, baina komedia bat ere bada». Hamaika erantzun ikusten ditu ikuslegoan, «batzuetan barre asko egiten dute eta beste batzuetan, aldiz, isilik gelditzen dira».
Ostiralean ikuskizuna aurkezteko «gogo haundia» duela azaldu du azpeitiarrak. «Emanaldi honen aurretik eskolarrak egiten aritu gara, eta pertzepzioa bestelakoa izan da, eskolako testuinguru batean landu dugulako. Gainera, aurreikusita zeuden emanaldiak bertan behera gelditu ziren, antzokiak itxi zituztelako, eta ostiralean egingo dudana da geldialdi horren osteko lehena. Horregatik, sekulako gogoa dut Hernani astintzeko!».
Sexu gose aseezina duen gizona, Satiroa
Biteriko areto nagusira sartu eta hantxe topatuko dute ikusleek Satiroa, oholtza gainean. Kaiola baten barruan egongo da, kate batetik zintzilik. Pertsonaia horren sorkuntzak badu bere kontua, azpeitiarrak «nahi gabe» sortu baitzuen hura, balleteko punten ikastaro batean izena eman zueneko emaitza gisa. «Berez, ballet klasikoan gizonek ez dute diziplina hori egiten, baina nik izena eman nuen tailerrean. Puntak jarri eta gorputza erabat eraldatu zitzaidan; sekula ez nuen halakorik probatu eta ezin nuen ondo ibili, belaunak erabat okertuta izaten nituen eta ezin nintzen zuzen jarri, bizkarra ere okertuta nuelako. A zer xelebrea! Fauno bat dirudizu, esaten zidaten». Hain justu, momentu hartan bururatu omen zitzaion antzerki honen ideia. «Alegia, txiste hura egin zidatenean: dantzari izan gabe puntak jarri eta gorpuzkera hori ikustean. Hibridoa izan zitekeen pertsonaia bat irudikatu nuen, erdia ahuntza eta erdia pertsona».
Eta, bai, horixe bera da Satiroa: basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena. Erromatarrek beren faunoekin berdindu zituzten satiroak. Dionisoren jarraigokoak bide ziren eta sexu-instintu gordinenak irudikatzen zituzten. Ardoa edaten, jostatzen, dantzan eta ninfen atzetik ibiltzen ziren.
Baina pertsonaia horren sorkuntza «aitzakia» bat izan zela aitortu du, «benetan» kontatu nahi zuen hori azaleratzeko. «Kasualitatez edo kausalidadez, jakin nuen Satiroak, mitologoa greko-erromatar klasikoan sexu gose aseezineko gizon bat irudikatzen zuela. Horrek bidea eman zidan ikertzeko zer zen sexu gosea gizonezkoetan; hau da, zeintzuk diren gure joerak, praktikak eta, oro har, gaur egun gure erotika zertan oinarritzen den». Horrek leiho bat ireki ziola kontatu du, eta irakurketa egin ahal izateko eta gaian gehiago sakontzeko, «nire ingurura begiratu nuen, fokua inguruko gizonezkoengan eta niri buruan ipinita».
Esanak esan, kontua da atentzioa ematen duela Satiroa oholtza gainean ikusteak. «Aipatutako ideia horretatik abiatuta, muturreko gorpuzkera bilatu nuen, eta hortik bilatu dugu piezaren estetika. Guztia tenkatzen joan da, oso muturrekoa den zerbait lortu arte: gorpuzkera bera, garrantzia haundia duen makillajea, eszenografia, Satiroak hitz egiten duen modua, eta abar», azaldu du Agirrezabalak. Hala ere, zehaztu nahi izan du makillajeak ez duela irudikatu nahi gizonezko bat makillatuta. «Kontua ez da gizonezko bat makillatu egin dela. Ikusten dena da izaki arraro bat, lehenengo begiradatik inpaktua sortzen duena. Makillajea da pertsonaia sortzen laguntzen duen elementu bat, Satiroaren diskurtsoarekin bat datorrena».
Horrez gain, pieza «exijentea» dela kontatu du azpeitiarrak. «Erresaka fisiko eta emozional luzeak izaten ditut. Niretzat gogorra da; oso-oso muturrekoa den pertsonaia da, desgaste haundikoa, eta lehenengo minututik azkenekora arte defendatzen dut. Hala ere, egia da asebeteta bukatzen dudala beti, antzerki honetako pertsonaiak maila horretan egon behar duelako une oro ikusleengana heltzeko; eta, iritsi zaiela ikusten dudanean, oso ederra da».
Bestalde, sorkuntza propioko pieza den arren, zehaztu du «lantalde haundi» bat dagoela horren guztiaren atzean; «bidelagun askoko proiektua da».
«Kasualitatez edo kausalidadez, jakin nuen Satiroak, mitologia greko-erromatar klasikoan sexu gose aseezineko gizon bat irudikatzen zuela. Horrek bidea eman zidan ikertzeko zer zen sexu gosea gizonezkoetan»
«Vendetta baten antzekoa»
Gizonezkoen sexualitatea du hizpide antzezlan honetan, Xanti Agirrezabalak. Gaiari nola heldu bilatzen ari zela, koadrilako mutilekin jardun zuen, ea zer egin zezakeen ikusteko. «Iritzia galdetu nien eta ikusi nuen, sexualitatea hain presente dagoen garai honetan, asko kostatzen zaigula hitz egitea gure desirez, sexu praktikez edota masturbazioez. Elkarrizketa horietan biolento sentitzen gara, baina ni ere askotan sentitu naiz deseroso Azpeitiko kalean, esaterako. Gaztarotik denek egin behar berak bilatzen ditugu eta ni ez naiz, batzuetan, patroi horiekin identifikatuta sentitu. Adibidez, nire zaletasunetan edo edertasuna definitzeko arauetan».
Horregatik, onartu du Satiro dela vendetta baten antzekoa, «biolentzia edo deserosotasun hori eszenara eramaten dudalako. Gai horiek antzezlanean landuko dira, eta, oraingoan, eroso sentituko ez dena ikuslea da». Antzerkiak ematen omen du botere moduko hori, «ni naizelako oholtza gainean dagoena eta ikuslea, berriz, ni entzutera derrigortuta dago».
Xanti Agirrezabala kaiola barruan, Satiro antzezlanean. Argazkia: Nora Alberdi/Kultura koop
Dedikazioa eta pasioa
«Zaila egiten zait nire burua definitzea», azaldu du. «Txikitatik ibili naiz antzerkian, eta farandula hori guztia gustatu izan zait beti. Jakin-mina ere ume bat nintzela sortu zitzaidan eta interes haundia izan dut gai horietan». Aktore lanerako ibilbidea Azpeitiko herriko antzerki tailerrean hasi zuen eta, ondoren, Zestoako Interpretazio Eskolan ere aritu zen formakuntza egiten. «Gero, ikasketa ofizialak egiteko garaia heldu zenean, Dantzertin jarraitu nuen bidea», aipatu du. «Nirea lehenengo promozioa izan zen, sei urte egingo ditu ordutik. Arte dramatikoko ikasketak egin nituen bertan. Han nengoela, ahalegintzen nintzen ahalik eta gehien ikasten eta askotariko lanetan parte hartzen. Ikasketa konstante bat izan zen. Gerora ere gauza bera egiten dut, ahalik eta gauza gehien ikasten saiatzen naiz».
Bere ibilbidean gehiago sakontze aldera, zera galdetu diogu: Dedikazioa eta pasioa eskatzen dituen ogibidea da, beraz, ezta? Eta Xantik beste galdera batekin erantzun du gurea: Zure buruari konstanteki esan behar al diozu aktorea zarela? Hori bera galdetu omen zioten elkarrizketa batean. «Baietz erantzun nuen, baina balore bat dela diot. Ingeniaria edo okina izango banintz, ziurrenik ez nioke nire buruari horrenbeste alditan errepikatu behar, nire ogibidea zein den. Beraz, alde batetik bai, esan behar izaten diot neure buruari zer naizen; baina, beste alde batetik, horrek ere laguntzen dit, naizen hori azalera ateratzen eta nik neuk sinisten: Xanti naiz eta aktorea naiz».
Definizio zehatza ematen ez badaki ere, «etengabe bilatzen eta sortzen» ari den pertsona baten gisa ikusten du Xantik bere burua. «Egun guztiak ezberdinak dira niretzat. Egia esan, agenda ia beteta dut hamaika gauzarekin. Ikasturte honetan irakaskuntzan murgilduta nago, bai Zarauzko eskolan, bai Azpeitian. Umeekin, gazteekin eta ez hain gazteekin ere ibiltzen naiz, antzerki tailerrak ematen», azaldu du. «Bihar Satiroren pase bat dut, etzi Antigonarena… Horixe pentsatzen ere aritzen naiz. Gainera, beti ditut proiektu berriak buruan: 2022an aurkeztu ahal izango dut antzerki hau? Txostena prestatu beharko dut, dirulaguntzak aurkezteko. Eta horrela, beti buruari eragiten!», egin du barre. «Kolore askotako puzzle haundi bat bezalakoa da nire agenda», borobildu du erantzuna. «Nire lanbideak ematen dit ezegonkortasuna eta baita balantza horretan dantzan aritzeko aukera ere».
Filtrorik gabe, oholtza gainean
Xantik dio «filtrorik gabe» arituko dela ostiralean, Biteriko taula gainean. Horregatik dio jartzen dela jendea urduri, harira joaten delako zuzenean, «rodeorik gabe». Gizonezkoen sexualitatea hizpide, ez da arituko soilik gizonezkoen desirez, «denoi gustatzen zaizkigun sexu praktikez baizik». Kontatu duenez, DBHko eta batxilergoko ikasleekin aritu da antzerki hori lantzen, eta «ikasleei asko gustatzen zaie». Izan ere, dio, «esan daiteke beraiek ohituta dauden lengoaiara moldatzen den ikuskizuna dela. Heldutzen goazen ahala, gero eta gehiago kostatzen zaigu jaso genuen edo jaso ez genuen sexu-heziketa hartatik jardutea gai hauetaz».
Horrekin batera, balleten punten kontua dela eta, antzezlana «puskatzailea» izan daitekeela esan du, «edonola ere, forma ez da, inondik inora, ballet klasikoan ikusten dena. Hori ez da helburua noski, ni ez naizelako balleteko dantzaria. Horregatik diot ez dagoela balletari buruzko irakurketarik».
Ezin aukeratu, aurrez grabatutakoaren eta bat-batekoaren artean
Azpeitiarrak lan egin du ikus-entzunezkoen munduan, eta baita zuzenekoan ere: antzerkian. Telebistan, esaterako, Goenkale eta Ihesaldia telesailetan aritu izan da, aktore lanetan. «Oso ezberdina da egitea aurrez aurre aurkezten den emanaldi bat edota aldez aurretik ekoitzitako ikus-entzunezko pieza bat», hausnartu du azpeitiarrak. «Ez emaitzagatik bakarrik (emaitza ere, noski), baina bai prozesuagatik».
Orain arte landutako antzezlan «gehienak» sormen prozesu kolektiboetan jaio direla azaldu du, eta «ordu, dedikazio eta pasio asko» behar izan dituztela. «Alegia, taldean sortutako piezak dira, gero oholtza gainean ordubetean aurkeztu behar dituzunak. Lanordu horien guztien emaitza txiki bat da bakarrik. Ikus-entzunezkoen kasuan, berriz, lan egiteko modua oso ezberdina dela esango nuke, nik lan egin dudan esperientzietan, behintzat. Izan daiteke interprete lanetan gehiago aritu naizelako, sortzaile lanetan baino. Interprete oro da sortzaile, baina aldez aurretik grabatutako pieza batean sormen prozesuan ez naiz horrenbeste murgildu; alderantziz, gehiago aritu naiz interpretazioan».
Hori horrela, zaila da aktorearentzat, bata edo bestea aukeratzea. «Biak dira politak eta biak dituzte beraien erosotasunak. Ikus-entzunezko lan batzuk murgiltzeko aukera ematen dute eta oso politak dira; eta antzerkian ere, gauza bera gertatzen da».
Proiektu gehiago, «labean sartzeko prest»
Dantzertin ikasketak amaitu zituenean, Agirrezabala Horman Poster Bilboko antzerki konpainian murgildu zen, beste gelakide batzuekin. «Taldeak, dagoeneko, 10 urteko ibilbidea zuen egina, eta, egun, horretan gabiltza lanean», jakinarazi du. Emanaldi honetaz gain, beste hainbatetan ere ari da lanean; «Antigone edo Ezetzaren Beharra antzezlana aurkeztu genuen Donostian, eta beste hainbat agerraldi ere hitzartuta ditugu Beasainen eta Oreretan, kasu». Hori ez ezik, etorkizun hurbilerako ideia berriak dituzte; «aipatutakoez gainera, datorren udazkenerako orgia txiki bat lotzen ari gara eta beste proiektu batzuk ere labean sartzeko prest ditugu».