Erreportajeak

«Galarretako pelota eskolan sekulako giroa daukagu, jende asko sartu da oso gogotsu»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 20a, 00:00

Aitor Aiestaran eta Aritz Murgiondo, xextoa eskuetan hartuta, Galarretan, Pelota Eskolako Txapelketaren aurkezpenean.

Afizionatu mailako txapelketa hasi berri dute Aritz Murgiondo eta Aitor Aiestaran erremontista hernaniarrek. Galarretako pelota eskolan ari dira biak, giroaz eta entrenamenduez gozatzen. Erremonteari buruzko kontuak eta anekdota bitxiak kontatu dizkiote Kronikari.

Badu etorkizunik erremonteak, Galarretan, horretarako oinarri sendoak jarri baititu Oriamendi en­presak, azkeneko urteotan. Eta badu etorkizunik erremonteak, baita ere, hernaniarren artean. Urte luzez Endika Barrenetxea izan bada herriko ordezkari bakarra, beste bi hernaniar batu zaizkio azkenaldian: Aritz Murgiondo (26 urte) eta Aitor Aiestaran (23 urte).

Txikitatik bizitu du erremontea gertu-gertutik Aiestaranek, Galarretan, bere aitaren eskutik. Garai hartako erremontista guztiekin izan zuen harremana; eta Koteto Ezkurrak  «probatzen hasteko» oparitu zion xexto txiki bat, etxean dauka oraindik. Probatu bai, probatu zuen askotan, bere kaxa, anaiarekin. Baina abuztuan heldu zion erronkari, serio. Murgiondo, be­rriz, «frontoizalea» izan da betidanik, eta gaztaro osoan eskuz aritu ondoren, eskuko minak hasi zitzaizkionean probatu zuen erremontea, sei hilabetez. Lanagatik utzi behar izan zuen, palan hasi zen orduan, eta Galarretara bueltatzeko asmorik ez zuen... Javier Urrizarekin topo egin zuen arte: «hainbeste insistitu zidan probatzeko... Beregatik izan ez balitz, ez nintzen inoiz bueltatuko Galarretara».

Galarretako pelota eskolan ari dira biak, Aiestaran eta Murgiondo. Eta afizionatu mailako txapelketa hasi berri dute, biek ere «oso gogotsu». Julen Aguerrezabala Matxin VII azpeitiarrarekin ari da Aiestaran, eta Jon Irazu adunarrarekin Murgiondo. Aurreko ostiralean jokatu zituzten aurreneko partiduak: Murgiondok irabazi, eta Aiestaranek galdu, baina nahiko sentsazio onarekin estreinatu ziren biak ere. Joan den asteazkenean jokatu behar zuten elkarren kontra, baina derbiak itxaron beharko du, aldaketa egin baitute egutegian. Horren partez, Aiestaranek jokatu zuen asteazkenean, Matxin VIIrekin, eta galdu egin zuten hori ere, Odeiren eta Eskuderoren kontra (36-40). Baina emaitzak, edozein dela ere, ez die kenduko erremonteaz disfrutatzeko gogoa. Horretan ari baitira, «sekulako giroa» daukan erremonte eskolan. Eta horretan jarraitu nahi dute, gozatzen.

 

Garai ezberdinetan hasi zarete biak erremontean. Aritz, zure kasuan badira urte batzuk probatu zenuela, ezta?

Aritz: Duela zazpi urte inguru, 19 urterekin, probatu nuen sei hilabetez edo. Baina lan aukera bat sortu zitzaidan arratsaldez, eta utzi egin behar izan nuen urtebetez. Erremontea gogorra da hasieran, ez nuen askorik ikasi hain denbora gutxian; eta horrelako etenaldiaren ondoren, ez nintzen Galarretara bueltatu. Eta orain dela bi urte probatu nuen berriro.

 

Eta zuk, Aitor, urtebete baino gutxiago daramakizu.

Aitor: Bai, abuztuan hasi nintzen. Lehendik ere probatuta neukan, nire kontura. Txikitatik ibili izan naiz Galarretan aitarekin, partiduetan, pelotariekin harremanetan. Eta animatzeko esaten zidaten, eta halaxe egin dut azkenean. Noski, ni hasterako, pelota eskolan zeuden gainerakoek nahiko maila ona zeukaten; bai Aritz bezala duela urte pare bat hasitakoak, eta baita konfinamendua baino pixka bat lehenago hasi zirenak ere. Beti izan behar du norbaitek sartzen azkena... Baina pixkanaka ari naiz, gero eta gusturago, gero eta pelota gehiago sartzen, eta azken batean, gero eta gehiago gozatzen. Daudenek maila altua daukatenean, ez da erraza; baina ari naiz buelta ematen horri, eta atzetik ere sartu dira beste batzuk, maila txukuna hartzen ari direnak.

 

Biak zarete atzelariak. Zerk markatzen du, erremontista bat aurrelaria edo atzelaria izango den?

Aritz: Batez ere, pelota jotzeko posturak. Kolpe luzea daukagu­nok, azpitik jotzen diogunok, atzean aritu beharko genuke. Badaude sekulako fenomenoak, aurrean zein atzean jokatu dezaketenak. Baina bestela, goiko postura berezkoa daukanak aurrean aritu beharko luke, eta behetik jo eta postura luzeagoa daukanak atzean.

Aitor: Ni aurrean hasi nintzen jokatzen, baina ikusi zutenean behetik jotzen niola, eta palanka gehiago neukala behetik, goitik baino, berehala mugitu ninduten atzera.

 

Aitor Aiestaran: «Koteto Ezkurrak txikitan oparitu zidan larruzko xexto bat, eta etxean gordeta daukat oraindik. Erremontean hasteko gauzak ematen zizkigun anaiari eta bioi»

 

Frontoian, beste modalitateetan ere aritutakoak zarete...

Aritz: Ni frontoizalea izan naiz betidanik, eta une honetan, aspaldi ez bezala ari naiz gozatzen. Eskuz eta palaz aritu naiz lehenago, eta beti aldatu dut modalitatez lesioengatik. Esku pelotan aritu nintzen 19 urtera arte, eta eskuak mindu nituenean, utzi egin nuen, eta erremontea probatu nuen. Lanagatik, urtebeteko etenaldi horren ondoren, erremontera bueltatu beharrean palarekin probatu nuen. Baina lagunekin futbolean jokatzen ari nintzela, bizkarrez erori nintzen, lepoan izan nuen lesioa, eta ezkerreko besoan ematen zidan mina horrek. Horregatik utzi nuen pala. Erremontera bueltatu nintzenean, baneukan lesioa oraindik, baina xextoa eskuinean jartzen denez, ez zidan hainbesteko kaltea egiten. Egia da nahiko robocop ibili naizela, duela sei hilabete arte; baina orain guztiz osatuta nago. Oso urte gogorrak izan dira; nire bizitzako txarrenak, beharbada. Oso kirolzalea naiz, eta lepoko lesioak ez zidan uzten ezer egiten. Gainera, erremontean hastean, frontoi­tik eto­rrita ere, aurreneko entrenamenduetan ez dituzu jotzen lau pelotakada segidan. Oso ezberdina da. Eta egun batean jotzen dituzu lau segidan, eta pentsatzen duzu hartu diozula; baina agian, hurrengo egunean egiten duzu aspaldiko entrenamendurik txarrena. Baina pelota xextoan sartzen ikasten duzunean, asko gozatzen den kirol bat da. Ez dut esango esku pelota adina, niretzako esku pelota izan delako dena. Baina esku pelotan eta palan, atzelaria esklaboagoa da, pelota altxatzen aritu behar delako uneoro; eta erremontean, aldiz, atzetik tanto egin daiteke, pelota jaitsi, arrimatu, saketik mina egin... Eta gauza horiek eskertzen dira. Pala goman, partiduak oso luzeak dira, eta atzera pelotakada bat jota ezin duzu tantorik egin; baina erremontean bai, eta horrek xarma ematen dio. Edozein tokitatik daukazu aukera pelotakada on bat jotzeko, eta gozatzeko. Eta alderdi hori asko gustatu zait.

Aitor: Ni esku pelotan aritu nintzen 12 edo 13 urtera arte. Gerora errugbian jokatu nuen, eta orain hasi naiz Galarretan. Baina erremontearekin betidanik izan dut lotura, txiki-txikitatik. Frontoira joaten nintzen, eta aitaren bitartez, harremana izan dut garaiko pelotariekin: Koteto, Lizaso, Juaristi, Olazar... Kotetok txikitan oparitu zidan larruzko xexto txiki bat, eta etxean daukat gordeta oraindik. Erremontean hasteko gauzak ematen zizkigun anaiari eta bioi. Beraz, gure kabuz bai ibili izan garela, baina oraingoa beste kontu bat.

 

Eta zer izan zen, erremontea probatzera animatu zintuztena?

Aritz: Oso istorio arraroa da. 19 urterekin, lagun batek aipatu zidan, eta probatzera animatu nintzen, besterik gabe. Baina 24 urterekin, Donostiako Doka antzokian parrandan, topatu nituen Endika Barrenetxea eta Javier Urriza. Edan gabe nengoen, eta kaso egin nion Barrenetxeari, aspaldiko partez. Eta Urrizarekin ere hitz egin nuen. Erremonteari buruz hasi zitzaidan hizketan, eta kontatu nion ni ere ibili nintzela urte batzuk lehenago, oso txarra nintzela, orain erdi lesionatuta nenbilela... Kexak besterik ez nizkion bota. Baina berak hainbeste insistitu zidan, eta konprometitu zen, nahi banuen erakutsiko zidala Galarreta egun batean, entrenamendu bat egingo genuela... Eta ni oso beroa naizenez, joatea erabaki nuen. Ez neukan hori buruan, baina hasi nintzen, eta hasieran mina nabaritu arren, gustora aritu nintzen. Horregatik, aurrenekoz Urrizaren partidu bat ikustera joan nintzenean, partidua hasi aurretik aldagelara sartu nintzen, eta eskerrak eman nizkion. Beregatik izan ez balitz, ez nintzen inoiz bueltatuko Galarretara.

Aitor: Nirea ere bitxia da. Imanol Ansarekin batera egin nituen praktikak, Elizatxon; nik gizarte integratzaile bezala, eta berak irakasle bezala. Eta Imanolek behin proposatu zuen, ikasleei erremontea erakustea. Saio bat egin genuen, eta bukatzean, biak geratu ginen xextoarekin peloteatzen, kiroldegiko frontoian. Eta berak galdetu zidan, ea zergatik ez nintzen animatzen has­tera, moldatzen nin­tzela xex­toarekin. Berak eta Endi­kak ko­­men­tatu zidaten behin baino ge­hi­a­gotan, eta azkenean gerturatu nintzen Galarretara.

 

Frontoiko beste modalitateetan aritu izanak, laguntzen du erremontean?

Aritz: Eskertzen da hasiberria den hori frontoitik etortzea. Lehenago ikasten dugu, beste kirol batetik datorrenak baino. Baina oso ezberdina da. Esku pe­lotatik palara, berehala pasa zaitezke, eta aurreneko egunetik badakizu peloteatzen. Baina erremontean, hilabete luze batzuk behar dituzu, botearen ondoren pelota nora joango den ikasteko. Hain kirol bizia izanda, fisikoki oso ondo egonda ere, ez badakizu asmatzen pelota norantza aterako den, alperrik da korrika hastea.

 

Aritz Murgiondo: «Frontoizalea izan naiz betidanik, eta une honetan, aspaldi ez bezala ari naiz gozatzen. Lesioengatik aldatu izan dut modalitatez beti, baina guztiz osatuta nago orain»

 

Zertan da hain desberdina, esku pelotarekin eta palarekin?

Aritz: Hasteko, ez dira postura berdinak. Besoa luzatzeko moduan badaukate antzekotasuna, eta guk, oraindik jokatzen dugu esku pelotako posturarekin erremontean. Baina hanka aurreratzeko modua eta mekanika osoa, ez da batere antzekoa. Eta noski, zatoz esku pelotan aritzetik, astean lau-bost egunez... Esaten dizute hanka horrela ez, beste modu honetara jarri behar duzula. Baina ulertu arren, nahi gabe bestea ateratzen zaizu. Pixkanaka zoaz aldatzen.

Aitor: Kantxan nola kokatu ere aldatzen da. Erremontean paretera jotzen duzu normalean, eta esku pelotan alderantziz, zabalera. Batez ere prebentzio gisa egiten duzu hori, pelotakadarik ez jasotzeko.

Aritz: Eta pelotaren norabidea asmatzeko ere bai. Eskuz eta pala gomaz, kontrarioarentzat ez baduzu pelota erraz uzten, ez dizute tantoa bukatuko eta ezta pelota gainetik pasako ere. Baina erremontean, kontra­rioak 13garren koadrotik kale jota ere, edo aurrelariak ezker paretean nahi gabe jota, tantoa egin diezazukete. Ez baduzu asmatzen aurrera edo atzera mugitu erabakitzerakoan, ez zara iritsiko, pelotakada askotan. Eskuz edo palaz, dominatzen ari zarenean, badakizu kontrarioak 9 edo 10ga­rren koadrotik ez dizula sorpre­sarik emango. Erremontean, 13tik jo daiteke, paretera arrimatu eta tanto egin, edo kale jo eta efektu arraroa egitea pelotak. Bizi ikusi behar da, nora mugitu.

 

Hernaniar gehiago ez al dira animatzen probatzera?

Aitor: Orain ni hasi naizela, ingurukoek komentatzen dute, probatzera joan behar dutela. Eta egia da jendeak badaukala probatzeko interesa. Esaten dute ezin dela hain zaila izan, eta beti dago eztabaidatxo hori.

Aritz: Kanpotik, itxura ematen du berehala ikasiko duzula. Nire inguruan ez dut inor entzun benetan probatzeko prest. Baina ziur nago, animatuko balira, au­rreneko egunean sekulako txokea izango litzatekeela beraientzat, ikustea ezin dutela ia pelota bakar bat ere paretera bota... Oso garbi izan behar duzu erremontean saiatu nahi duzula. Lagunei eskaini izan diet kantxa barrura sartzea, ikusteko zein abiaduratan mugitzen den pelota. Izan ere, kanpotik barrura izugarri aldatzen da. Mentalizatuta etorri behar duzu, aurreneko hilabeteak gogorrak izango direla; bestela, desilusio haundia hartu dezakezu, aurreneko egunean. Beste kiroletan, nahiz eta ondo ez jokatu, badakizu pixka bat jokatzen. Baina erremontean, pixka bat jokatzera iristeko, oso entrenamendu goibelak pasa behar dituzu.

Aitor: Baina horri buelta emanez gero, satisfakzioa oso haundia da. Asumitzen duzu hutsetik hasten zarela, baina pixkanaka ikusten duzu nola zoazen hobetzen, entrenamenduz entrenamendu. Gaur erresto bat egin duzu, hurrengoan pelota bat jaso duzu airez... Jarrera hori izan behar duzu, ez dela egun batean ikasteko gauza bat. Baina satisfakzio txikiak ematen dizkizu egunero, eta horiek asko balio dute. Ni gehiago haserretu naiz behin ikasita, ondo egin behar nuen zerbait egin ez dudalako; eta ez hainbeste ikasteko prozesuan, asumitua daukazulako zaila izango dela. Probatzera animatuko nuke jendea. Merezi du, oso kirol polita da, eta sekulako giroa daukagu taldean.

Aritz: Pelotakada on bat jotzeak sekulako poza ematen dizu. Hasieran, beharbada 10etik bakarra joko duzu ondo; baina bakar hori xextoan ondo sartu, zirrizta soinua egin eta ia indarrik gabe kanoi batetik bezala ateratzen denean pelota... Eta pentsatzen duzu, momentu honetan akaso bakarra joko duzula ondo, baina ikasten duzunean pelota guztiak ondo jotzen, oso bestelako kontua izango dela. Jendea animatzeko garaian, badago beste kontu bat ere, arriskuarena. Eskuz eta palaz, nik ez dut sekula beldurrik izan, pelotakada bat jasotzeko. Baina erremontean, pelota oso bizi dator, eta ulertu dezaket pertsona batek aurreneko egunean hori ikustea, eta ez bueltatzea. Baina egia esan, hasiberriak gara denak, eta ez dugu sekula ikusi pelotakada larririk; ubelduren bat bai, baina ez gehiago.

 

Zerk harritu zaituzte gehien, erremontean?

Aritz: Denbora daramakitenak, zein pelota zailak jasotzeko gai diren. Ikusten dituzu Barrenetxea edota Urriza boteprontoan jotzen, eta badirudi oso erraza dela. Baina kantxan sartu eta probatzen duzunean, eta sekulako kalea egiten duzunean... Badakizu ez dela erraza, baina probatzean konturatzen zara zer nolako meritua daukan. Partidu gehiago ikusi arte, ez zara ohartzen jokaldi batek zein zailtasun daukan, itxuraz oso normala dirudien arren. Xextoa daukagu eskuineko eskuan, eta uneoro pentsatu behar dugu eskua nola dagoen. Eta pelota paretera sartzen denean, gauzak oso zail jartzen dira beti.

Aitor: Ni gehien harritu nauena da, zenbateko teknikotasuna daukan erremonteak, batez ere atzelari postutik. Azkeneko urteetan palan aritu naiz lagun artean eta txapelketa herrikoietan. Eta Aritzek esan duen bezala, palan beti da atzera jo, eutsi... Baina erremontea oso teknikoa da, asko pentsatu behar da, eta atzelariak irakurri behar ditu jokaldiak; berak ere tantoa egin dezake, kontrarioaren arabera erabaki nola jokatzea komeni zaion... Asko pentsatzekoa da, eta zirt edo zart pentsatu behar da gainera, oso azkar.

 

Nolako giroa daukazue, Galarretako pelota eskolan?

Aritz: Oraintxe bertan sekulakoa. Pelota mundukoak gara ge­hienak, eta elkar ezagutzen dugu; elkarren kontra jokatu dugu batzuek. Eta elkar ez ezagututa ere, frontoi girokoak gara denak, eta ohitura antzekoak dauzkagu. Baina, batez ere, nabarmenduko nuke orain sartu dela jende asko gogo haundiarekin, asko saiatzen dena. Gainera, Kike Elizalde jarri digute entrenatzaile, materiala ere hobea jarri digute... Ezingo nuke eskatu ezer hobetzerik.

 

Kike Elizalde entrenatzailea, ez da edozein erremontean...

Aitor: Galarretako intendentea da, bi hamarkadatan profesional izandakoa, sekulako ibilbidearekin... Uste dut enpresak ere apustu hori egin nahi zuela, pelota eskolari bultzada emateko, eta etorkizunera begira ere profesional maila indartzeko. Giro onarekin eta material onarekin, baina bereziki formakuntza on batekin, joango dira ateratzen erremontista onak, eta pixkanaka ari gara helburua lortzen. Kikek berehala ikusten ditu gauza pila bat, zuzentzen ditu, eta asko erakusten dizu.

Aritz: Eta sekulako intentsitatea ematen die entrenamenduei. Le­­hen, Goikoetxearekin eta Ansarekin entrenatzen genuen, eta haiekin ere gustora aritu nintzen, entrenamendu onak ziren. Baina Kikerekin ezin zara erdizka joan entrenatzera. Aurreneko pelotakadatik eskatzen dizu dena emateko. Eta berari esker lortzen da entrenamenduetan intentsitaterik ez galtzea. Izan ere, hasi berritan hainbeste pelotakada txar jotzen genuen, eta hainbeste denbora galdu pelotaren bila joaten, entrenamenduak asko luzatzen zirela, eta intentsitatea jaisten genuen nahi gabe ere. Baina Kikerekin ezin duzu erdizka aritu. Bera dagoenean, ez dago bromarik.

 

Nolakoak izaten dira entrenamenduak?

Aritz: Launaka entrenatzen du­gu normalean, esku pelotan eta palan bezala, ez bada pelotari gutxi eta ordu asko dauzkan kluben batean; eta hori ez da ia inon gertatzen gaur egun... Lau baino gehiago egonez gero, txandaka aritzen gara. Eta egunen batean bi bakarrik bagaude, adibidez, errebotean aritzen gara, edo bi paretak entsaiatzen ditugu. Baina hori ez da ohikoa izaten. Normalean launaka aritzen gara, bi bikote, eta nahastu egiten ditugu bikoteak, aurrelari ezberdinekin ohitzen joateko. Eta entrenamenduan zehar, zuzendu beharreko gauzak esaten dizkiogu elkarri.

 

Hasi berritan zailagoa izango da...

Aritz: Bai, askoz ere zailagoa, mai­la oso ezberdinetako jendea dagoelako. Beste kiroletan, kategoria ezberdinak daude bereizita. Baina hemen denak gaude batera: urtebete baino gehiago daramakigunak, hilabete gutxi batzuk egin dituztenak, eta hasi berriak. Izaten dira pelotariak, hiru hilabetetan lortzen dutenak zuk urtebetean egin ez duzuna; bakoitzak bere erritmoa dauka. Nik esaten diet denbora gutxiago daramakitenei, Aitorri adibidez, denbora askoz ere ge­hiago daramakidala nik hemen, eta elkarren kontra ari ga­rela orain; eta ez dago alde haundirik. Beraiek daramakiten denboran, nik ez nuen hartu beraiek daukaten mailaren erdia ere. Horregatik animatzen ditut. Gero ezin da jakin, nork ja­rraituko duen hobetzen, eta nork ez hainbeste. Baina oso jarrera oneko pelotariak sartu dira, eta oso maila txukuna lortu dute denbora gutxian.

 

Aritz Murgiondo: «Esku pelotan eta palan, atzelaria esklaboagoa da; baina erremontean, atzetik tanto egin daiteke, pelota jaitsi, arrimatu, saketik mina egin... Eta horrek xarma ematen dio»

 

Pelota Eskolako Txapelketa hasi duzue orain. Gogotsu?

Aritz: Sekulako gogoa neukan, bai. Aspalditik nengoen honen zain. Urtebete baino gehiago egin dugu txapelketako partidurik gabe, eta entrenamenduak beti serio hartu arren, txapelketa bezalako helburu zehatz bat edukitzeak plus bat ematen dizu. Niretzako, partidu guztiak dira final bat. Motibazio haundiarekin ekin diot. Eta gainera, enpresak oso kamixeta politak egin dizkigu, txapelketaren aurkezpena ere egin zuen... Eta hori guztia asko eskertzen da. Baldintza okerragoetan ere, oso gustura hartuko nuen txapelketa; baina Oriamendik egin duen esfortzua ikusita, are gehiago.

Aitor: Txapelketa gauza berria da niretzat, lehiaketa aldetik aurreneko aldia kirol honetan, eta urduritasuna ere azaleratzen zaizu. Beraz, ea zer moduz moldatzen naizen. Zortea izan dut aurrelari oso txukuna daukadala nirekin, Matxin VII, eta disfrutatzen saiatu nahi dut. Azkeneko bi hilabeteetan nahiko pattal eduki dut besoa, eta ea nola erantzuten duen. Baina aukera bat da txapelketa hau, nire jokoan beste koxka bat gora egiteko. Gainera, txapelketan gaudenen artean, ni naiz beranduen hasi zena. Txapelketa egitearena aipatu zigutenean, ez nuen segurutzat jotzen partehartzaileen artean aukeratuko nindutenik, oso maila oneko jendea dagoelako. Duela hilabete batzuk, ez nuen imajinatu ere egingo Aritzen kontrako partidu bat, eta orain imajinatu dezaket.

 

Zer moduz ekin diozue txapelketari? Nolakoa izan zen aurreneko partidua?

Aritz: Nahiko xelebrea izan zen nirea. Odei eta Eskudero, gure kontrarioak, ziren txapelketako bikote orekatuena eta seguruena, eta uste nuen tanto guztiak egin beharko genituela, ez zigutela ezer oparituko. Baina ez zuten egunik onena izan, eta aldiz, Irazuk, nire aurrelariak, sekulako partidua jokatu zuen. Nik akats haundiak egin nituen, eta sakearekin ere ez nuen minik egin, baina tanto politak ere jokatu nituen. Beraz, oso gustura bukatu nuen garaipena lortuta, eta akats larri batzuk egin arren, sentsazio nahiko onarekin atera nintzen kantxatik.

Aitor: Sakearena konpartitzen dut nik ere. Aritzi bezala, esaten didate sakea dudala arma indartsuenetarikoa, eta aurreneko partiduan ez nuen askorik asmatu. Egia da Julen Loitegik, kontrarioen aurrelariak, ikaragarri jokatu zuela, eta bazirudiela ezin zitzaiola tantorik egin, inondik ere. Galdu egin genuen, baina sentsazioak ez ziren txarrak izan, eta gustura geratu ginen. Horren ondoren, joan den astelehenean, oso entrenamendu ona egin nuen, eta ostiraleko arantza guztiak atera nituen.

 

Aitor Aiestaran: «Erremontea ez da egun batean ikasteko gauza bat, baina satisfakzio txikiak ematen dizkizu egunero. Probatzera animatuko nuke jendea; oso kirol polita da eta merezi du»

 

Eta aurrera begira, profesionaletan debuta gero eta gertuago daukazu zuk, Aritz. Ilusioa egingo dizu horrek, ezta?

Aritz: Garai batean gehiegi itsutu nintzen horrekin, eta nire burua gehiegi estutu nuen, maila horretara iritsi nahian. Baina badira hilabete batzuk, kontzentratu naizela entrenamenduak ahalik eta ondoen egiten, baina gozatuz. Eta uste dut maila hobea ematen ari naizela ordutik, lasaitu izanari esker. Txapelketa honi gogotsu ekin diot, berez motibatzen nauelako, baina bai­ta ere, erakutsi nahi dudalako, maila ona emanez gero, profesionalekin aritzeko gai naizela. Enpresakoek komentatu didate, orain momentu txarra dela debutatzeko. Profesional asko daude partidurik jokatu gabe, jaialdirik ez delako antolatzen. Baina itxuraz, maila mantendu edo hobetzen badut, frontoia berriz irekitzean izango nuke debutatzeko aukera. Hala ere, gauzak frontoian erakutsi behar dira, eta txapelketa on bat jokatu nahi dut, lasaiago geratzeko. Profesionaletan debutatzearena beti daukat buruan, baina saiatzen ari naiz erremonteaz gozatzen, eta azkeneko hilabeteetan, entrenamendu guztietatik bueltatu naiz oso gustura etxera.

 

Zuri Aitor, erreferentzia bezala balio dizu Aritzen kasuak?

Aitor: Egia esan, oraingoz ez dut pentsatzen profesional mailan eta horrelakoetan. Nahiago dut nirea egin, erremonteaz gozatu, ikasi... Ez daukat buruan profesionaletara iristearena. Egun hori iriste bada, oso gogotsu helduko diot. Baina bitartean, horrekin itsutzen bazara, presio haundiagoarekin zoaz entrenatzera, eta gozatzeari uzten diozu. Eta erremontea, kirol guztiak bezala, gozatzeko da.

Aritz: Badaude Urrizarena eta Juanenearena bezalako kasuak, hasi eta 10 hilabete edo urtebetera debutatu zutenak; eta horiek lortu zutenarekin, badirudi jokatzen hasi eta pare bat urtera profesionaletan egongo zarela. Baina ikusten ez dena da, zenbat jendek probatzen duen, eta ez den Galarretara bueltatzen. Eta ez da gustatu ez zaiolako, baizik eta iruditu zaiolako zaila, gogorra edo arriskutsua. Egia da profesionaletara iritsi zaitezkeela beste kirol batzuetan baino denbora gutxiagoan eta helduagoa izanda, baina ez da jendeak uste duen bezain erraza.

 

Endika Barrenetxea bezalako hernaniar bat, erremontista onenen artean egonda, bada erreferentea zuentzat?

Aritz: Herrikoa izateagatik baino, Barrenetxea da erreferentea oso pelotari ona eta konpletoa delako. Gu baino askoz ere lehenago hasi zen, txikitatik hartu du erremontea. Baina ikustea atzelari batek maila hori ematen duela buruz buru, primerako sakatzailea dela, pelota ikaragarriak eramaten dituela... Atzelari bat buruz buru maila horretan ikustea, oso harrigarria da. Eta herrikoa izateak beti laguntzen du. Zuk zuregatik egiten duzu, baina zure herrian gero eta erremontista gehiago egoteak animatu egiten zaitu.

Aitor: Une honetan, Barrenetxea atzelari onena dela esan daiteke. Eta bere teknikak badira ikusi eta ikastekoak. Nik betidanik ikusi ditut bideo asko, garai bateko erremontistenak, ikasteko; eta Endikarekin berdin egiten dut. Horrelako maila daukaten pelotariek, balio digute ikasteko.

Aritz: Eta mailaz aparte, Barrenetxearen pelota jotzeko posturak oso adibide ona dira. Goiko postura eta behekoa, oso garbiak dauzka biak. Eta sakatzeko, bera da mekanika onena daukana; berak sakatzen du pelota bizien, eta berak arrimatzen du gehien. Horregatik, herrikoa izateaz gain, bere jokatzeko era oso eredu ona izan daiteke, zu saiatzeko berdin egiten.

 

Polita izango litzateke frontoia irekita egotea, ingurukoak joan ahal izateko zuen partiduak ikustera, ezta?

Aritz: Bai, pena da publikorik gabe jokatu beharra. Ez genuen beteko harmailen erdia, baina ingurukoek esaten dizute, abixatzeko txapelketa hastean, ikustera joateko; eta pena ematen dizu esatea ezin dutela joan. Gainera, nahiko ezohiko kirola izanda, zerbait ezberdina ikusteagatik gerturatzen dira lagun asko; eta baita zer egiteko gai zaren ikusteko ere. Eta beste kirol batekin ez litzateke hori gertatuko, dagoeneko partidu asko dauzkatelako ikusita.

Aitor: Ba nik ez dakit zer esan... Jende pila batek esan dit pena dela ezin ikustera joatea; bazkaria egingo luketela eta partidua ikustera joan. Eta aurrekoan, frontoia hutsa zegoela, hain urduri banengoen, ez dakit nola egongo nintzatekeen ingurukoak ikustera joango balira... Baina bai, erremonteari indarra emango lioke, Galarreta ireki ahal izateak. Herriko jendea identifikatuta sentitu daiteke, Aritzekin zein nirekin, eta horre­gatik ikustera joan. Galarre­tatako harmailetan berriro jendea ikustea, eta frontoian mugimendua izatea, oso polita izango litzateke. Ea txapelketa bukatu baino lehenago ireki daitekeen, eta herritarrek ere disfrutatu dezaketen erremonteaz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!