Hernaniko Berdintasun Kontseiluak, urteak daramatza oroimen historikoan berreskuratze lanak egiten, batez ere, emakumeek egindako ekarpenak jaso eta herritarren artean zabaltzeko asmoz, eta hortik abiatuta hainbat ikerketa beka egin dira. Gainera, kale izendegiarekin lotuta, orain dela urte batzuk berreskuratu zen Andre Kalearen izena, baina Maialen Apezetxea eta Ixiar Pagoaga Berdintasun Kontseiluko kideek diote, ez zutela horretan gelditu nahi: «Karmen Adarraga ere proposatu genuen, eta ikusi genuen beharra zegoela jarraitzeko», diote.
Historian zehar emakumeen izenak ezkutatuta egon dira, eta «izanak ere bai gehienetan», diote Berdintasun Kontseilukoek. Hernaniko kale eta plazen izenak, «bizi garen jendarte ereduaren isla dira dudarik gabe; erreferentzia gisa erabiltzen ditugun heinean, herritarrentzat garrantzitsuak diren horiek nabarmentzeko erabiltzen ditugu. Beraz, sinbolikoki garrantzia haundia hartzen dute. Gure memoriaren gordailu ere badira, hurrengo belaunaldiei transmititu nahi diegunaren adierazle». Hortaz, garrantzitsua da kale izendegiak zein irizpideren arabera osatzen diren begiratzea, eta irizpide horiek zein testuingurutan kokatzen diren. Izan ere, «historia ofizialean emakumeok eta bestelako sektore marjinalek ez dugu lekurik izan orain artean» diote Berdintasun Kontseilukoek.
Hernaniko kaleen izenek mundu ikuskera bat iradokitzen dute: «matxista, klasista, koloniala, kaotikoa... garai bateko jendartean garrantzitsutzat jotzen zen hori, gaur eguneraino heldu delarik izendegiaren bidez», azaldu du Maialen Apezetxeak. «Hernaniko kaleen izendegian azterketa bat egingo balitz, errealitatea zein den ikusiko genuke», adierazi du Ixiar Pagoagak. Izan ere, Hernanin 80 kale eta plaza izen inguru daude; horietatik, 7k dute izen femeninoa, eta ia denak «elizari lotuta daude, Andrekale eta Carmen Adarraga kenduta». Gizon konkretuenak aldiz 24 izen daude, eta horiek dira «elizgizonak, gerlariak, poetak...denetarik». Kaleen izenak, ez dira izen soilak; honen atzean informazioa dago, eta pertsonaren kasuan, nor ziren eta kale baten izena jartzeko egin zuten meritua edo ekarpenak daude horren atzean, «nolabaiteko aitortza bat eginez». Beraz, informazioa emateaz gainera, pertsona horrekin lotzen diren balioak ere transmititzen dira.
«Bakoitzak bere lekua izan dezan, aldaketak egitea dagokigu, kale izendegian ere»
«Aldaketak egitea dagokigu»
Azken urteetan feminismoak hartu duen indarrari esker, «arlo honetan ere, aldaketak egitea dagokigu, bakoitzak bere lekua izan dezan espazio publikoan ere, desoreka horiek orekatzen saiatu eta jendarteko balioetan ere aldaketak sustatu ditzagun», azaldu du Berdintasun Kontseiluak.
Beraz, ezinbestean, Hernaniko nahiz beste lekuetako emakumeek egin dituzten ekarpenak jaso, ezagutarazi eta aitortzea da Maialen Apezetxea eta Ixiar Pagoagaren asmoa, «euren presentzia espazio publikoan bermatu eta ondorengoei transmititzeko», hain justu.
Hortaz, Hernaniko Berdintasun Kontseiluak, memoria soziala eta mundua ikusteko dugun moduaren aldaketa bat proposatzen du, «heroiak eta gerlariak bereziki goraipatzetik, ikuspegi feminista kontutan izango duten irizpideak hautatuz gure kale, plaza eta eraikinetara eramateko orduan». Horretarako, honako irizpide hauek ezarri dituzte: gizarteari ekarpen bat edo beste egindako emakumeak, «ekarpen sozialak, laboralak, kulturalak, politikoak, hezkuntzari lotutakoak..»; emakumeen eskubideen defendatzaileak, langileen eskubide bultzatzaileak...; Eta askatasuna eta solidaritatea sustatu dutenak.
Irizpide hauetan oinarrituko litzateke gizarte erdiaren hutsunea betetzen hasteko bidea, eta horretarako urrats zehatz batzuk ematen hasteko, honako hau proposatu du Hernaniko Berdintasun Kontseiluak: «gertuko emakumeetatik hastea, herrikoetatik esan nahi dugu; emakume anitzak aintzat hartzea; ekarpenei dagokionez, ez dugu itxiko, baina lehentasuna izan dezatela emakumeen zapalkuntzaren aurka borrokatu zutenak, betiko rola zalantzan jarri eta baimenik gabe aurrera egin zutenak; izen indibidual zein kolektiboak, emakumeen izen indibidualak ezkutuan mantendu diren gizarte erdiaren ereduak indartzeko eta kolektiboak borroka historikoak, emakume antifaxistek egindako lanak eta ahaleginak ezagutarazteko; eta azkenik izenak jartzerakoan, zentro eta periferia banaketa orekatzen saiatzea eskatuko genuke, Andre Kalea eta Carmen Adarraga espazio zentralak osatzeko, eta emakumeen presentzia indartzeko, batik bat».
«Historia ofizialean emakumeok eta bestelako sektore marjinalek ez dugu lekurik izan orain artean»
Berdintasun kontseiluak proposatutako kale izenak
Hernaniko Berdintasun Kontseiluak, hainbat emakume, borroka edota mugimenduren izenen proposamena sortu du: «proposatzen ditugun pertsonak eta zergatik aukeratu ditugun ere azaltzen dugu». Gainera, kale izenez gain, plaka bat jartzea ere proposatu da, «bertan azalpen labur bat jarrita, demagun, emakumea nor zen, zein borroka egin zuen...». Hori horrela, izen kolektibo zein izen indibidualak proposatu dituzte. Hona hemen izen kolektiboetan aurrenekoa: Industriako emakume langileak. Denak ala inor ez. Hernanin industriak pisu haundia izan du, baita emakumezkoen artean ere, batez ere, industrializazio garaian. Andreek soldata baxuagoak jasotzen zituzten, eta lan baldintza kaxkarragoak zituzten. 1967an, Hernanin lan aldarrikapenen aldeko greba garrantzitsuenetako bat emakumeek antolatu eta zuzendutakoa izan zen, soldata jaitsi zietelako; eta lan baldintzak duinak eskatu zituzten. Enpresak emakume grebalariak ordezkatu nahi izan zituen, baina ez zuen lortu, elkartasunez jardun baitziren, Denak ala inor ez lelopean. Enpresak, azkenean, grebalariak kaleratu zituen, baina protestek oihartzuna izan zuten.
Etxekoandreak izena da beste proposamenetako bat. «Nahita edo behartuta aitorpen gabeko sostengu eta zaintza egin zutelako», adierazi dute Maialenek eta Ixiarrek. Ez da lan gisa kontsideratu, emakumeen zeregin natural moduan baizik, ordutegirik gabe, soldatarik gabe, eta beraz, kotizaziorik gabe. Batzuek nahi dutelako eta beste batzuek ahal edo behar dutelako, «aitortza bat merezi dute sozialki», jakinarazi du Berdintasun Kontseiluak.
Labanderak ere, kale izen gisa proposatu da, kale gorrian kondizio gogorretan egindako lanagatik. Hernani Urumea ibai ertzeko herria izanik, Urumea bazterretako baserritarrek bertan garbitzen zituzten beren arropak. Baina hauez gain, bazeuden lanbidez garbitzaileak zirenak ere, Hernani eta Donostia aldeko aberatsen arropak garbitzen zituztenak, hain justu.
Emaginak, bizitzara etorrera laguntzen egindako jardunagatik. Berdintasun Kontseiluak dio, emaginen lana oso baliotsua izan dela historikoki, «euren jakintza eta trebetasunagatik, erditzeetan».
Milizianak. 1936ko Estatu kolpeari aurre egin zioten emakumeei egiten die erreferentzia izen honek. Agintari frankistek sutsuki zigortu zituzten, irain eta errepresioa eragin zieten, «bereziki emakume iraultzaileei, emakumeen rola ez betetzeagatik, manifestazioetan parte hartzeagatik, elizara ez joateagatik... Hau da, moral nazional katolikotik urruntzeagatik».
Emakume baserritarrak. eremu honetan mota ezberdinetako lana egin dute emakumeek, etxeko lanetatik hasi eta baratzeko lanak. Baserriko lana gogorra izan da beti, oso lotua, eta bestelako zereginetarako denborarik gabe, askotan.
Basauriko 11ak. Kasu honetan, abortoaren aldeko borroka goraipatu nahi da. 1976an, Basaurin, 11 emakume atxilotu zituzten abortatzeagatik edo horretan laguntzeagatik.
Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, emakumeen eskubideen aldeko borroka ezberdinak gogoratzeko zein eskubide horiek betetzea eskatzeko erabiltzen den eguna, kale izen bat izateko proposamena ere egin du Berdintasun Kontseiluak.
Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna: Sinisten dizut. Egun hori, Mirabal ahizpen hilketa oroitzeko aukera zen. Horrez gain, azken urteetan San Ferminetan izandako erasoa dela eta, sinisten dizut lemak oihartzuna izan du, eta beraz, honi garrantzia emateko asmotan, kale izen gisa proposatu da.
Ekainak 28, LGTBI+ Pertsonen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna. 1969ko ekainaren 28an Stonewallen (New York) gertatutako istiluak gogora ekartzen dira egun horretan; izan ere, LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko borrokaren hasiera izan zen. Hernanin gainera, duela hiruzpalau urte, Hernaniko talde batek deituta manifestazioa egin zen herriko kaleetan barrena, eta Nafar kaleari, Ekainak 28 izena jarri zitzaion sinbolikoki, plaka baten bidez.
«Jakin badakigu, kale izendegiak mugak dituela, ez direla egunero kale izenak jartzen. Hala ere, gure proposamenak egin ditugu»
Izen indibidualak, kale izendegirako
Hernaniko Berdintasun Kontseiluak, aipatu moduan, kale izendegirako hainbat proposamen helarazi ditu, eta haietako batzuk, izen indibidualak dira, eta hernaniarrenak. Honako hauek dira, proposatutako batzuk: Joxepa Zubeldia Elizegi, bertsolaria. Hernanin jaio zen, eta Madrilera eraman zuten neskame gazte moduan. Neskametzatik ateratzeko ezkondu eta Hernanira itzuli zen. Asko idazten zuen Joxepak, luma eta tinteroarekin; hala nola, poesia, errezo asko eta bertsoak. Berak egiten zituen bere koadernoak. Alabak asko lotsatzen ziren ama bertsolaria zelako, eta jendaurrean kantatzen zuelako. Ama hil zenean koaderno guztiak erre zituzten, eta bertso bakarra iritsi da gaur egunera.
Moio, Aimar Elosegi Ansa. Izan nahi zuena izateko, gizarteko oztopoek gainditu zuten transexuala, eta bere buruaz beste egin zuena. Gertaera honek, mugarri bat markatu zuen Hernanin. Lehen urteetan hainbat ekimen egin ziren transexualen errealitatea ezagutarazteko, eta ondoren etena egon da. Hala ere, Kattalin Minerrek gaiari berriro heldu zion duela bi urte, eta horri buruzko liburu bat argitaratu zuen: Moio, gordetzea ezinezkoa zen. Aimarrek hasitako borrokaren aitortza bat litzatekeela adierazi dute Maialenek eta Ixiarrek.
Dionixi Lizeaga Agerre, Paguako Maixtra deitua, 40 urtez auzoko haurrei eskolak ematen zizkien. Pagua baserriko sukaldetik hasi zen besteei erakusten. Ondoren, Pagoagako eskola partikularraren sortzailea izan zen, eta hortik aurrera, Hernaniko Udala soldata bat ordaintzen hasi zen.
«Gure asmoa da kale izendegiaren zerrenda publiko egitea; horrela jendeak emakume erreferenteak ezagutuko ditu, besteak beste»
Zerrenda «ireki eta osagarria»
Berdintasun Kontseiluak proposatutako izenen zerrenda irekia da, eta osagarria gainera, hau da, «beti gaude prest jendearen ekarpenak kontutan hartzeko». Gainera azaldu dute, aipatutako irizpideekin, nahi zutela «feministok lantzen ari garen memoria errekuperaketa lana kontutan izatea, eta herritarrei proposamenak luzatzea, aldaketak egin ahal izateko informazioa eta ideiak eskainiz».
Hori horrela, zentzu irekian egin da proposamena, hau da, «jakin badakigu kale izendegiak mugak dituela, eta ez direla egunero kale izenak jartzen». Horregatik, kale izenez gain, bestelako espazioak eta izendapenak bilatzea proposatu du Berdintasun Kontseiluak, orain arte izenik ez duten espazioei izena emanez, alegia: zubiak, paseoak, elkarguneak...
Gainera, egungo kale izendegia aldatzeko modu ezberdinak daude: emakumeak sartu daitezke, baina agian gizon batzuen izenak ere kendu beharra dago. Eta Maialen Apezetxeak, Elkano jarri du adibide moduan: «denok ez gara gerra kolonizatze zaleak. Beste garai batzuk ziren, bai, baina orain eskema berdinekin jarraitu nahi dugu? Merkataritzarekin loturik agertzen zaigu Elkano, baina bere itsasontzia armaz betea omen zegoen, eta bidean aurkitutako edo harrapatutako edozer eta edozein ekartzea omen zen helburu nagusia. Konkistak erregearen menpe jartzen ziren, hori kolonizazioa da! Beraz, uste dugu zer hausnartua badagoela».
Ixiar Pagoagak argi azaldu du, euren asmoa dela zerrenda publiko egitea; batetik, jendeak emakume erreferenteak ezagutu ditzan, baina baita ere, ekarpenak jasotzeko eta pixkanaka zerrenda osatzen joateko; «beti ere garbi izanda zein den lan honen helburua, eta zein diren emakumeak hautatzeko irizpideak», gaineratu du.
Proposamen «zehatzak», kale izendegirako
Kale izendegirako proposamen orokor bat sortu du Berdintasun Kontseiluak, baina «orokorra izan arren, proposamen zehatz batzuk ere bururatu zaizkigu».
Urrats zapata denda inguruko plaza, Urbieta kalean dagoena, Azaroak 25 plaza izendatzea proposatu dute. Izan ere, «azaroak 25 Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Eguna da. Espazio hau hainbatetan erabili da egun honen bueltan indarkeria matxista salatzeko, bertan hil baitzuten Txaro Roman, eta hortik metro gutxira Eduardo Benitez Tamayo, biak ere indarkeria matxistaren ondorioz hildakoak. Hori horrela, aitortza eta erreparazioaren bidean pauso bat litzateke».
Lehen aipatutako Dionixi Lizeaga Agerre omentzeko, berriz, «Paguako Maixtra plaka bat jarri daiteke eskola zegoen eraikinean. Bertan aritu zen 40 bat urtez, auzoko haurrei eskolak ematen, eta horrek, oroimenean gordetzekoa izateaz gain, aitortza bat behar du».
Industriako emakume langileak omentzeko, Karabeleko zubi ingurutik Etxeberriko zubira doan paseoa proposatu du Berdintasun Kontseiluak, eta dio paseo honek ez duela izenik, «oker ez bagaude behintzat. Gainera, jende asko ibiltzen da bertatik paseatzen. Alde batean Urumea ibaia daukagu, eta beste aldean industriako poligonoak. Azken hauekin lotura eginez, eta Hernanin industriak duen pisua aintzat hartuz, proposatu dugu izen hau jartzea», azaldu dute.
Gaur egun Biteri kalea deitzen denari, Nafar eta Urbieta kale artekoari, kultur etxe ondokoari hain justu, Moio izena jartzea proposatu dute. Kale txikia den arren, zentroan kokatuta dago, eta «beharrezkoa dugu Moioren borroka lehen lerrora ekarri eta transmititzea. Jakin badakigulako, hainbat gertakizun ahanzturan geratzen direla».
Leokako Labaderoan, Labanderak izena ere proposatu dute Berdintasun Kontseilukoek. Izan ere, emakumeek egiten zituzten lan horien lekuko da eremu hori: «bertan plaka bat gehituko genuke, aitortza horretan laguntzeko».
Tilosetako kioskoari, berriz, Joxepa Zubeldia Elizegi izena jarriko liokete. Izan ere, Joxeparen inguruan dagoen kontakizunetako bat da, Ezkiagan izandako herri bazkari batean, mahai gainera igo eta bertsoak kantatzen hasi zela. Familia lotsarazten zuen horrek. Gaur egun, kioskoa eszenatoki gisa erabiltzen da; M8 eta A25eko manifestazioei amaierak emateko, besteak beste.
Aurrera begira sortzen diren auzo berrietan, edota espazio berriei izena jartzeko orduan, elkarlan bat sustatu nahi dute, Berdintasun Kontseiluarekin kontrastatu eta elkarrekin izen berriak erabakitzeko asmotan. Izan ere, Maialenek eta Ixiarrek nabarmendu dute, kale izendegia «lupa morez» begiratzeko garaia dela, «emakumeen izenek eta izanek espazio publikoan ere lekua izan dezaten».