Hitz-andana

Hitzaren inguruko jaialdian bertsoa, dantza, poesia, irudia eta musika ikusiko dira

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 29a, 00:00
'Errimak bi oinetan' ikuskizunean bost dantzarik hartzen dute parte.

'Errimak bi oinetan' dantza eta bertso ikuskizunak, etzi, eta 'Nola gorde errautsak kolkoan eztulik egin gabe' poesia, musika eta irudi ikuskizunak, ostiralean, erreleboa hartuko diote Biterin eskainiko den 'Esnatu naiz' kabaretari.

Biterin hitzaren inguruko jaialdia dago iragarrita bihar hasi eta ostiralera arte hiru emanaldi berezirekin. Istorio ezbedinak, kontatuak, kantatuak, antzeztuak, errezitatuak edota musikaz lagunduta, Hiru saioak Biterin izango dira, 20:00etan. Gaur, Andoni Mutiloa hernaniarrak Esnatu naiz kabaretarekin estreinatuko du bere lanaren bertsio luzea eta Hitz-andana izenarekin deituriko kultur ziklo hau. 

Bertsoa eta dantza, etzi  
Erreleboa etzi eta ostiralean hartuko dute beste bi ikuskizunek. Ostegunean, Errimak bi oinetan, dantza eta bertsoak uztartzen dituen emanaldia ikusi daiteke Biterin. Garai bateko eta gaurko bertso eta doinuez osatutako emanaldi entretenigarri eta dibertigarria da. Dantza eta bertsoa gurutzatzen diren lekuan hasi zen sormen honen bidaia. Haatik konpainiak sormenezko lurralde berriak esploratzen jarraitzen du eta oraingoan bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtzen du.

Aier Beobide eta Unai Elizasu dira zuzendariak. Aier Beobide bera, Amaiur Luluaga, Anne Jauregi, iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Jon Arsuaga eta Nagore Zabala dira parte-hartzen duten dantzariak. Hauek Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egingo dute dantza.


Igelaren bandak jarri die soinua bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbatek jarri diote ahotsa.


Poesia musika eta irudiarekin nahastuta, ostiralean
Hitz-andanari amaiera emateko ostiralean Nola gorde errautsak kolkoan eztulk egin gabe poesia, musika eta irudi ikuskizuna eskainiko da. Bertan, Miren Agur Meabek poema berriak plazaratuko ditu eta egilearen ohiko gaiak azalduko dira. Soinu banda, ezohiko soinuaren bila dabilen Amorantek jarriko du eta hori gutxi balitz, Aitor Gametxoren ikus-entzunezko sormenak ilustratuko du giroa. 
Eneritz Artetxe teatrogileak ikuskizuna borobiltzeko ardura hartu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!