Egun seinalatua izaten da uztailaren 16koa, Karmen eguna, Hernaniko Kaxkoan. Baina ez da ospakizunik izango bertan, aurtengoan: Karmen jaiak bertan behera uztea erabaki du Kaxko elkarteak, COVID-19aren eraginez bizi dugun egoeragatik. Gauzak horrela, ez dira egingo urtero egun horretan antolatu ohi diren ekintzak: merkatariei omenaldiak, alkate izendapena, haurrentzako jolasak, kaleko jokoak eta karta jokoak, sardin jatea, balkoi ederrenaren lehiaketa... Eta ez dute jarriko Kaxkoko Ama Birjina ere, urtero bezala, Karkaban.
Erabaki horrek, herriko gainerako festetan hartutako ildotik jarraituko du. Orain arte, bertan behera geratu dira Florida-Etxeberri, Osiñaga eta Martindegi auzoetako jaiak, San Joanak, eta baita Ereñotzuko San Antonioak ere.
Bere jarduera etengo du Kaxko elkarteak, urtarrilera arte
Era berean, Kaxko elkarteak jakinarazi du, bere jarduera eten eta atseden hartuko duela, pandemiaren eboluzioa zein den ikusi bitartean. Hortaz, Plaza Berriko liburutegia ere ez dute martxan jarriko, hartu beharreko segurtasun neurriek ez dutelako ahalbidetzen.
Printzipioz, urtarrilean helduko die Kaxko elkarteak berriro, bere ekimen eta egitasmoei. Eta bitartean, elkartearekin harremanetan jarri nahi duenak, eskura dauka posta elektronikoa: kaxkoelkartea@gmail.com.