Hileko aurreneko asteartea da, eta beraz, odola emateko hitzordua daukate gaurkoan, hernaniarrek. Arratsaldeko 18:00etatik 20:30etara izango da horretarako aukera, eta aurreko hilabeteotan bezala, Goiz Eguzki jubilatuen egoitzan egingo dute, Koronabirusaren pandemiaren eraginez.
Eta aurrekoetan bezala, odola eman ahal izateko, aldez aurretik hartu beharko da ordua, oraingoan ere. Horretarako, telefonoz deitu behar da gaur goizean zehar, 08:30etan hasi eta 14:00ak arte, zenbaki honetara: 943 00 78 84. Izan ere, jende pilaketak saihestu behar dituzte, eta txandak antolatuko dituzte Hernaniko Odol Emaileen elkarteko, horretarako.
Apirilean hasi ziren estrakzioak Goiz Eguzkin egiten, toki egokiagoa zelako, osasun alarma egoeran. Ordutik, hilero egin dituzte bertan. Izan ere, nabarmendu dutenez, «beharrezkoa» da odol emate lanekin jarraitzea, COVID-19ak eragindako egoera honetan ere, «Odol Bankuak jarrai dezan beharrezko odola izaten, ospitaleak hornitu ahal izateko». Horregatik, herritar guztiak animatu dituzte, gaur goizean ordua hartzeko deitu, eta odola ematera.
Ekaineko hitzorduan, hilaren 2an, 42 izan ziren odol emateak, maiatzean baino 9 gehiago. Hori horrela, espero dute beste koxka bat gora egitea estrakzioek, oraingo txandan ere.