COVID-19 gaitzak sortutako osasun krisiaren ondorioz, zenbait enpresa, merkataritza eta ostalaritza negoziok itxi behar izan dute. Horrek kalte ekonomiko haundiak ekarri dizkie. Eta Hernaniko Udalak, ondorio horiek arindu nahian, ur, saneamendu eta hondakinen bilketa zerbitzuen tasetan hobariak edo bonifikazioak onartu berri ditu.
Eremu industrialean, hondakinen bilketan hobariak
COVID-19 gaitzaren osasun krisiaren ondorioz haien lokala derrigor itxi izan behar duten jarduerentzat, aurtengo lehenengo hiruhilabeteko tasaren %100eko hobaria aplikatuko da.
Bigarren hiruhilabeteko tasa ez zaie kobratuko lokalei
Derrigor itxi behar izan duten horien kasuan, aurtengo bigarren hiruhilabeteko tasa ez zaie kobratuko. Era berean, ur hornidura eta estolderia zerbitzuan, hondakinen bilketaren tasarekin bezala, krisiaren ondorioz derrigor itxi behar izan dutenek izango dute %100eko bonifikazioa. Kasu honetan, aurtengo lehen lau hilabetekoa da kobratuko ez zaiena. Tasen kasuetan, onuradunek ez dituzte tasa horiek ordaindu beharko; eta dagoeneko ordaindu badituzte, itzuli egingo zaie.
340 negoziori eragingo diete hobariek, eta 52.000 euroko eragina izango dute
Ur ordainagirietan ordaindu beharreko BEZak eta ur kanonak, aldiz, ez dute hobaririk edo bonifikaziorik jasoko. Beraz, ordaindu egin behar dira, Udalak ezin dituelako hobaritu. Hernaniko Udalak azaldu duenez, tasetan aplikatutako hobari horiek herriko 340 negoziori eragingo diela kalkulatzen da, eta 52.000 euro inguruko eragina izango du 2020 urteko Udal Aurrekontuan (tasetan jasoko ez duen kopurua).