San Joan jaietako ekintza berezienetako bat izaten da, urtero, San Joan egunaren bezperan egiten den sua. Baina festarik ez da izango aurten, bertan behera uztea erabaki baitzuen Jai Batzordeak, COVID-19aren ondorioz ezarritako osasun alarmagatik, eta ekitaldietan jende pilaketak saihesteko asmoz. Hori horrela, ez da egingo Plazan piztu ohi den sua ere.
Hala jakinarazi du Hernaniko Udalak: «herritarren segurtasuna bermatze aldera, San Joan gauean egin ohi diren suak debekatzea erabaki dugu. Hortaz, ez dugu egingo Plazan egin ohi dugun sua, eta debekatuta daude herritarrek auzoetan egin ohi dituztenak ere».
Beraz, herritarrek ezingo dute elkarrekin gozatu aurten, urteko egunik luzeenaz, eta ezta gau motzenaren magiaz ere, suaren inguruan bilduta.
Plazako sua ez ezik, egin gabe geratuko dira aurten, Akelarrearen antzerkia, herritarren aurreskua, eta San Joan Kantaita ere. Beste modu batera bizitu beharko dute gau berezia hernaniarrek, aurten.