Kantari zein musika doinuekin gogorarazi zieten herritarrei, auzoz auzo, egun bereziak datozela

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 15a, 00:00

Dakapo abesbatzako kideak, Zaharren Egoitzaren aurrean kantari.

Kalera atera ziren herriko musikari eta abeslariak, larunbat arratsaldean, Preludioa ezohiko moduan eskaintzera, Hernaniko auzo eta txoko ezberdinetara bisita eginda. Horrela izango da, San Joan jaien egunetan ere.

San Joan jaiak ez dira ospatuko aurten, ezagutzen ditugun moduan, COVID-19aren eraginez. Eta ezin izan dute eskaini, ohiko moduan, jaiak iragartzen dituen Preludio kontzertua, Atsegindegiko taula gainean makina bat musikari, abeslari eta dantzari elkartuta, doinu, argi eta kolorez betetako ikuskizunean.

Baina horretarako aukerarik gabe ere, ez diote zitari hutsik egin nahi izan herriko musikari eta abeslariek, eta keinu bat egin zioten larunbat arratsaldean: auzoz auzo eskaini zuten Preludioa, talde ezberdinetan.

Horrela, elkarrekin aritu ziren Hernani Musika Eskolako Dakapo abesbatza eta akordeoi orkestra, eta Zaharren Egoitzan hasi zuten ibilbidea, adinekoei eta bertako langileei emanaldi berezi bat eskainita. Txantxillako plazan eta Biteri aurrean ere aritu ziren kantari eta musika jotzen, ondoren.

 

 

Hernaniko Musika Bandak, berriz, Plazan hasi zuen ibilbidea, eta Zinkoenea eta Oblatosen aritu ondoren, Karabel auzora jaitsi ziren musikariak. Zikuñagan eta Portun eskaini zuten ordu laurdeneko emanaldi bana, gero; eta Elizatxon bukatu zuten, iluntzean.

Eta musika doinuak zabaltzen aritu zen Hernaniko Txistulari Banda ere. Haiek, Gabriel Zelaian hasi zuten ibilbidea, eta Florida eta Etxeberri auzoetara egin zuten bisita ondoren.

 

Zikuñaga auzora ere egin zuen bisita Hernaniko Musika Bandak, eta bertako kirol pistan eskaini zuen emanaldia.

Horrela, bateko eta besteko, herriko makina bat auzo eta txokotara eraman zituzten musika doinuak eta ahots gozoak. Eta bisitarik gabe geratu zirenek, datorren astean izango dute aukera, horiekin gozatzeko.

Izan ere, Preludio berezi honen formula berdintsua baliatuko dute San Joan jaiei dagokien egunetan ere: auzoz auzo ibiliko dira musikari eta abeslariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!