Datorren larunbatean, ekainaren 20an, zabalduko ditu ateak berriro Chillida Lekuk, alarma egoeraren eraginez itxita egon ondoren. Eta modu berezian irekiko dute, gainera. Batetik, Iceberg emanaldia eskainiko dutelako Myriam Perez Cazabon dantzariak eta Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak. Eta bestetik, prezio berezian eskuratu ahal izango direlako sarrerak, bihartik.
Horretan, gainera, lehentasuna izango dute hernaniarrek: larunbaterako salduko diren 400 sarreretatik, 300 erreserbatu dituzte hernaniarrentzat, eta bihartik egongo dira eskuragarri, Biteri kultur etxean.
Iceberg ikuskizunaren bi emanaldi izango dira larunbatean, 12:00etan eta 20:00etan; eta bakoitzerako, 200 sarrerara mugatu dute aforoa. Horietatik, 150 izango dira hernaniarrentzat. Helduen sarrerak 8 euro izango dira, eta ikasle, langabetu eta jubilatuenak 5 euro; 12 urtetik beherako haurrak doan sartuko dira. Biterin egongo dira salgai, bihartik ostiralera, goizeko 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldeko 16:00etan hasi eta 19:00ak arte. Txartelarekin bakarrik ordaindu ahal izango da.
Goizeko txandarako sarrera erosten dutenek, museoa bisitatu ahal izango dute 10:00etatik 14:00etara; eta arratsaldekoa dutenek, 18:00etatik 22:00etara.