Bertso zahar zein berrien emanaldia online, Agirre anaiek

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 10a, 00:00
Eñaut eta Unai Agirre, joan den urteko Bertsolatan eskaini zuten emanaldian.

Bertsotan ariko dira Unai eta Eñaut Agirre gaur, arratsaldeko 18:00etan hasita, Hernaniko Udalaren Youtubeko kanalean.

Gaur izango du aste honetako aurreneko hitzordua, Hernaniko Udalak online eskainitako kultur egitarauak. Eta oraingoan, bertsoa izango da protagonista, Unai eta Eñaut Agirre anaien eskutik. Arratsaldeko 18:00etan hasita, emanaldia eskainiko du­te Udalaren Youtubeko kana­lean. Lotura zuzena aurkitu daiteke Hernaniko Udalaren webgunean (hernani.eus).

Bertso zahar eta berrien emanaldia eskainiko dute Agirre anaiek, bertan: Bertso zahar eta berriak, auskalo zeinek eginak. Antzeko emanaldirik eskaini dute biek, lehenago ere, hainbat tokitan. Joan den urteko urrian, Iparragirre sagardotegian aritu ziren Auskalo zeinek jarriak ikuskizunarekin; eta abenduan, Biterin eskaini zuten emanaldia, Jexux Mari Irazu eta Imanol Kamiorekin batera, Bertsolataren barruan.

Gaurko emanaldia, baina, laburragoa izango da. Gehienez ere, ordu laurdeneko iraupena izango du, Kultura Online programazioko guztiek bezala.

Nagore Legarretaren erakusketa, ostiralean

Aste honetan bertan, beste zita bat ere izango du online programazioak: Nagore Legarreta argazkilariaren erakusketa jarriko dute ikusgai etzi, 19:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!