Bailarako gainontzeko herri eta auzoen moduan, aurten ez da joan den urteen tankerako ospakizunik izango Osiñagan. Hala ere, ez dute ahaztu nahi festak direla eta aurrerago bada ere, uda amaitzean beharbada, egitasmoren bat edo beste antolatzeko asmoa dutela ziurtatu dute. «Leku guztietan bezala ez daude baldintzak jaiak antolatzeko, baina agian udazkenean egingo dugu zerbait, egoerak uzten badigu». Herriko zenbait auzotako biztanleek kaleak apaindu eta modu sinbolikoan jaiak ospatzea erabaki dute. Osiñagakoen kasua, ordea, ezberdina da: «auzoa apaintzea zaila da, baserri eta etxeak oso sakabanatuta daude eta ez dago gune zentralik». Osiñagakoek gogotsu antolatu dituzte festak orain arte eta aurtengoa 29. jaialdia izango zen. Urte guzti horietan euri jasek utzitako uholdeak edota bestelako oztopoak izan dituzte, baina aurtengoak ez die alternatibarik utzi eta guztia atzeratzea erabaki dute. «Distantziak mantendu behar dira ekitaldiak egiteko» eta horregatik, ezinezkoa izan da asteburu honetarako beste edozein aukeratan pentsatzea. Hasiera batean pentsatuta zegoen egitarauko marrazkiarekin batera, bertso agurra ere egin zuen Jon Altuna Iza Oxanek Osiñagako festetarako:
Hauxe da Osinagako jaien esentzia festa gogoaz bete edalontzia umore ona ekarri lasai kontzientzia poz txikiari eman duen garrantzia Independentzia ahaztu distantzia meneo dultzia dantza eta igurtzia non bizi horrelako esperientzia
Udalarekin eta herriko beste auzoekin, bilerak
Airean dago guztia oraindik eta inork ez daki ziurtasunez festak bere horretan ospatzerik egongo den, udazkenean ere. Hala ere, Osiñagakoek asmoa dute zerbait antolatzeko: «Ekitaldiren bat edo beste egingo dugu, egoeraren arabera uda ostean, iraila edo urrian», baina beste agerraldi bat egoteko arriskua egon daitekeela pentsatzen dute eta horregatik diote ezin dela «ezer aurreikusi oraindik».
Bitartean, udaletxeko arduradunekin eta gainontzeko auzoetako jai batzordeetako kideekin bilerak egin dituzte, egoera zein izan daitekeen pentsatzeko. Hain zuzen ere, osasun sailak dioenaren araberako erantzuna izango dute auzokoek ere, festak antolatzeko: «Inork ez dakigu zer egin dezakegun», diote. Alarma egoeraren menpe dago guztia eta ezjakintasuna da protagonista nagusia jaien antolakuntzan, printzipioz ezin baita ezer finkorik lotu. «Diru laguntzak jasotzeko deialdia aurten ez da egin», nabarmendu dute adibide nagusi moduan.
«Ekintza kulturak ere, egoerak uzten digunaren arabera egingo dira»
Jarduera ugari antolatu dituzte auzokoek lurralde osoan zehar. Joan den urtean Leireko Monasterioa edota Txillida Leku bisitatu zituzten, baina aurten guztia kolokan dagoela azpimarratu dute: «ziurrenik antolatuko dugu, baina oraingoz ezin da beste lurralde batera pasa eta guztia mugatua dago. Baldintzak zabaldu arte ezin dugu gehiegi aurreratu». Azaldu dute ibilaldi edo txangoak egiteko autobusak direla beharrezkoak eta zaila dela horrelako ekintza kulturalekin distantzia soziala eta arauak mantentzea. Maiatzean jakinarazi zuen Osiñagako Auzo Elkarteak ez zela ohi bezala ekainean jairik egingo eta herritar eta afektatuei elkartasuna adierazi nahi izan die. Festak ospatzeko gogotsu daudela argi utzi dute eta ahal bezain pronto egingo dituztela ziurtatu dute, auzotarrek.