Elkar laguntza eta elkar ikasketa saioak antolatu ditu Hernaniko Udalak, Berriak merkatari elkartearekin elkarlanean, Hernaniko merkatari eta tabernarientzat bideratuta. Saioak doakoak direla jakinarazi du udalak, eta «elkartekoak izan edo ez, parte hartzeko aukera dago». Hernaniko Udalaren arabera, Esparru sozioekonomikoaren eraldaketaren testuinguruan, Hernaniko merkatariak eta ostalariak, «egoera berrian hobe eta ahalmen haundiagoz kokatzeko bidelaguntza zein elkar ikasketa eremuen bidegiletza proposatzen da». Berritzetik eta elkarlanean aritzetik, «indartu eta aktibatzeko bidea» hain zuzen.
Helburuak
Hainbat helburu ditu proiektu honek, hala nola, egoera berrirako indartzeko aldagaiak aztertu eta jorratzea, taldean; elkar laguntzarako eremua indartzea, «erresilintzia arazoei aurre egiteko ahalmena areagotzeko»; eta ikuspegi berritzailea trebatu, norbere eta sektorearen balioen indartze ikuspegian. Hori dela eta, helburu hauek betetze aldera, hainbat saio antolatu ditu Udalak, eta saio hauek landuko ditu Aran Erasun coach eta trebatzaileak (Harago Aholkularitza), ekainean hasi eta urte amaitu arte, «ekaina, irailean eta azaroan» zehazki. Iraileko eta azaroko saioen informazioa aurrerago emango du Udalak.
«Saioak eguerdiko 14:15etatik, arratsaldeko 16:00etara bitartean izango dira, eta gehienez 15 pertsonek har dezakete parte»
Ekaineko saioak: 'Berrikuntzarako mapa'
Ekainean, 'Berrikuntzarako mapa saioa egingo da, bertan, Hernaniko merkataritzaren eta ostalaritzaren aukera, mehatxuen, indarguneen eta ahulguneen azterketatik, hobekuntza eta garapenerako bideak elkarlanean sortuko dira. Gero, berrikuntza ikuspegitik, ahalmen mapa hedatuko dute, eta azkenik, irekiera faseko mugimenduari, «arreta jarri eta elkar eutsi».
Zoom plataforma bidezko saioak
Zoom plataforma bidez eskainiko dira aipatutako saioak, eta udalak jakinarazi du, azalpenaren aurretik, gonbidapen lotura emango zaiola parte hartzaileei. Datorren astelehenean izango da lehen saioa, euskeraz, eguerdiko 14:15etatik 16:00etara bitartean, eta gehienez 15 pertsonak hartu dezakete parte bertan. Datorren asteazkenean berriz, gaztelaniazko saioa eskainiko da, ordu berean, hau da, eguerdiko 14:15etatik arratsaldeko 16:00etara. Eta saio honetan ere, gehienez 15 pertsona egon ahal izango dira. Parte hartzeko, atzo amaitu zen izena emateko epea.
«Zoom plataforma bidez eskainiko dira aipatutako saioak»