UDALA

Gaurtik aurrera lortu daitezke, #eutsihernaniri erosketa bonuak

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 2a, 00:00

Martxan da #eutsihernaniri izeneko kanpaina berria, herriko saltokietan eta ostalaritza establezimenduetan erostera animatzeko bonuetan oinarritutako ekimena, hain zuzen.

Covid-19aren ondorioz, ezarritako konfinamenduak, kalte ekonomiko haundiak eragin ditu, osasunean zein jarduera ekonomikoan, eta ekonomiari dagokionez, merkatariak eta ostalariak, bereziki, «modu latzean ari dira krisiaren ondorioak jasaten» jakinarazi du Hernaniko Udalak. Hori horrela, kalte hauek arindu eta erosteko ohituretan eragiteko asmoz, zenbait neurri prestatu ditu.  
Plan horietako bat, #eutsihernaniri erosketa txartelen kanpaina izan da. Kanpaina hau, erosketa bonuetan oinarriturik dago, «herriko saltokietan, ostalaritza establezimenduetan eta zerbitzuetan erabiltzeko» hain zuzen. 50 euroko, 10.000 bonu jarriko ditu udalak herritarren eskura. Eta udalak jakinarazi du, «kanpainan parte hartu nahi duen herritarrak 35 euro ordainduko ditu eta 50 euroko erosketa egiteko aukera izango du». Horrek esan nahi du, udalak, 15 euro hartuko dituela bere gain, «bonuaren herena». Guztira 150.000 euro bideratuko dira ekimen honetara, eta «tokiko ekonomian izango duen eragina 500.00 eurokoa izango da». 

«Kanpainan parte hartu nahi duen herritarrak 35 euro ordaindu, eta 50 euroko erosketa egiteko aukera izango du herriko dendetan» 

Gaurtik aurrera bonuak eskuragai 
Aipatutako kanpaina honek, zenbait fase izango ditu, eta guztira 700.000 euro bideratuko ditu udalak, «sektore horiek suspertze aldera». Udala, Berriak Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien Elkartearekin batera ari da elkarlanean. Eta ekimen honen lehen fasea #eutsihernaniri izango da. 
Fase honetan, atera diren bonuak ekaina osoan erabiltzeko aukera egongo da, eta gaurtik eskuratu daitezke. Bonuen kanpaina fase desberdinetan banatzea erabaki du udalak, izan ere, horren helburua da «herritarrek dituzten erosteko ohituretan eragin eta herriko dendetan erostera bultzatzea». 
Bonuak herriko bi establezimendutan egongo dira, Berriak elkartean eta Biterin, hain zuzen. Udalak jakinarazi du, herritar guztiek izango dutela aukera bonua erosteko, «helduek zein adingabeek izango dute aukera bonua eskuratzeko». Aipatutako erosketa bonu hauek, «txartel bidez edo banketxe transferentziaren bidez ordaindu daitezke», eta azpimarratu du udalak, ez dela esku-dirutan onartuko.  
Horrez gain, udalak jakinarazi du, saltoki, taberna, jatetxe eta zerbitzuak ematen dituzten negozio guztiek har dezaketela parte #eutsihernaniri kanpaina honetan. Eta gainera, «kanpainari atxikitzen zaizkion ne­gozioek, kartel adierazgarri bat izango dute hauen erakuslehioetan» gaineratu du udalak.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!