Koronabirusak sortu duen larrialdi egoerak, eragin haundia izan du bizitzako hainbat arlotan, «baita irakaskuntzaren eremuan ere» jakinarazi du udalak. Ikastexeak itxita mantendu dira, Hernaniko Udalaren arabera «etxeak bihurtu dira eskola akademikoak, etxeak berezko eskolatik duenaz gain, eta ikasleek beren lan moldeak eta bitartekoak egokitu behar izan dituzte, abiadura bizian eta baliabide ez nahikoekin, egoera berrira».
Gainera, azaldu du, bapateko aldaketak izan direla orain artekoak, «hezkuntzaren gabeziak, eta jendartea astindu duen ziurgabetasunak, besteak beste». Egoera «zailak» izan direla jakinarazi du, eta «zailtasun hauek, behartsuenak kolpatu dituela gogorren».
Hori guztia kontuan hartuta, eta urtean zehar Hernaniko Udalak herriko ikastetxeekin duen elkarlanean oinarrituta, ikastetxeei, eta bereziki ikasleei laguntza eskaini die.
Konfinamendu egoeran, emandako laguntza
Aipatu moduan, larritasuna arindu nahian, Hernaniko Udalak, laguntza eskaini die herriko ikastetxeei. Eta honakoak izan dira udalak jasotako eskaerak: Zenbait ikastetxek ordenagailuak haurren etxeetara eramateko laguntza eskatu dute; interneterako konexioa behar duten familietarako txartelak erosi eta banatzea eskatu dute beste ikastetxe batzuek, eta aldiz beste hainbatek zenbait haurrei, etxeko lanetan aparteko errefortzua emateko eskaera ere luzatu dute.
Etxeko lanetarako errefortzu programa
Ikastetxeekin elkarlanean urtean zehar egiten diren egitasmo «mordoxka» baten barruan, udalak, badu etxeko lanetarako errefortzu programa bat, «familia etorkinetako haurrei eskaintzen dioguna» hain zuzen.
Errefortzu programa horretako proposamena, 2016ko aurrekontu parte hartzaileetan egin zuen herriko elkarte batek, eta «martxan jarraitzen du orduz geroztik». Udalak azaldu du, programa honekin hezkuntzak duen gabeziari erantzuten diotela, izan ere, LH 4-5 eta 6ko 40 bat haurri eskaintzen zaie laguntza, eta «ikastetxeek eskertzen dute».
Kaxkardik, esfortzu saioak
Udalaren bidez, Kaxkardi elkarteak ematen ditu ikasturtean zehar errefortzu saio horiek, eta orain udalak, elkarteari eskatu dio «konfinamenduaren hilabete hauetako lana beste modu batera antolatzea».
Kaxkardiko elkartea beraz, arduratu da, ordenagailuak hainbat familietara eramateaz, «zehazki 90 familietara eraman dira ordenagailuak», eta horrez gain, ikastetxeek eskatutako haurrei errefortzua ematen ari dira, «20 haur ingururekin daude harremanetan, eskolaren lana indartuz eta goxatuz».
Gainera, beste familia multzo bati interneteko konexioa erraztu behar izan zaie, izan ere, «33 familiak adierazi dute behar hori», eta udalak, Izarkom kooperatibari eskatu dio behar hori asetzeko.