Gaurtik aurrera aukera dago berriro, Udal Liburutegian liburuak maileguan hartzeko. Koronabirusaren eraginez ezarritako alarma-egoera medio, hala ere, neurri bereziak hartu beharko dira kontuan.
Hitzordua eskatuta
Liburutegia gaur bertan irekiko bada ere, materiala maileguan hartzeko hitzordua eskatu behar da, bertara joan aurretik. Horretarako, telefonoz deitu daiteke 943 55 29 66 zenbakira, whatsapp bat bidali daiteke 688 635 462 zenbakira, emaila idatzi daiteke liburutegi@hernani.eus helbide elektronikora, edo http://liburutegia.hernani.eus webgunea erabili daiteke.
Hitzordua hartzeaz gain, liburuak jasotzeko norberak bere poltsa eramatea ere eskatu dute, eta liburutegian banan-banan sartzeko, adostutako orduan. Hala ere, 14 urtetik beherakoak eta laguntza behar dutenak laguntzaile batekin sartu ahal izango dira.
Osasun eta higiene neurri gehiago hartuko ditrela ere jakinarazi dute, bestalde. Esaterako, maileguan hartutakoa itzultzeko, Biteriko sarreran dauden kutxak erabili beharko dira. Horrela, hor utzitako materiala 15 eguneko berrogeialdian edukiko dute.
Gomendioak, aukeran
Zer eskatu ez dakitenei, gogorarazi diete nobedade eta katalogoaren berri webgunean ikusi dezaketela. Era berean, zer gustatzen zaigun edo zeren bila ari garen zehaztuta, gomendioak ere egingo dituzte, eskatuz gero.