#eutsihernaniri erosketa txartelen kanpaina prest dago. Erosketa bonuen kanpaina bat da, herriko saltokietan, ostalaritza establezimenduetan eta zerbitzuetan erabiltzeko. 50 euroko 10.000 bonu jarriko ditu Udalak herritarren eskura. Kanpainan parte hartu nahi duen herritarrak 35 euro ordainduko ditu eta 50 euroko erosketa egin ahalko du. Beraz, Udalak 15 euro -bonuaren herena- hartuko du bere gain. Guztira, 150.000 euro bideratuko du Udalak ekimen honetara, eta tokiko ekonomian izango duen eragina 500.000 eurokoa izango da.
Ekonomiari dagokionez, merkatariak eta ostalariak, bereziki, modu latzean ari dira krisiaren ondorioak jasaten. Kalte horiek arindu eta erosteko ohituretan eragiteko asmoz, zenbait neurri prestatu ditu Udalak. Horietako bat erosketa bonuen kanpaina da.
700 mila euro bideratuko dira fase desberdinetan
Kanpaina horrek zenbait fase izango ditu eta, guztira, 700.000 euro bideratuko ditu Udalak sektore horiek suspertze aldera. Ekimen horiek guztiak elkarlanean gauzatzen ari dira Udala eta Berriak Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien Elkartea.
Lehen fasea #eutsihernaniri kanpaina da. Fase honetan atera diren bonuak ekain osoan erabili ahalko dira -ekainaren 2tik aurrera eskura daitezke-. Bonuen kanpainak fase desberdinetan banatzea erabaki du Udalak horren helburua baita herritarrek dituzten erosteko ohituretan eragin eta herriko dendetan erostera bultzatzea.
Bonuak datorren asteartean egongo dira eskuragai: Berriak elkartean eta Biteri kultur etxean. Herritar guztiek eros dezakete: helduek zein adingabeek. Erosketa bonuak txartelaren bidez edo banketxe-transferentziaren bidez ordain daitezke. Ez da eskudirurik onartuko.
Saltoki, taberna, jatetxe eta zerbitzuak ematen dituzten negozio guztiek har dezakete parte kanpainan, Berriak elkarteko kideak izan ala ez. Kanpainari atxikitzen zaizkion negozioek kartel adierazgarri bat izango dute haien erakusleihoetan.