Dobera Euskara Elkarteak erabaki zail bat hartu behar izan du, udaleku ibiltariak bertan behera geratzea. Covid-19ak sortutako egoeraren aurrean Dobera aukera posibleak aztertzen ibili da azken bi hilabetean, Hernaniko eta inguruko haur eta gazteei aisialdi-aukera txukun bat eskaintzeko asmoz. Ziurgabetasuna eta informazio-eza nagusi dira, ordea, eta «gure burua ataka larrian ikusi dugunez, ezinbestean eta tamalez», Dobera Euskara Elkarteak aurtengo udaleku ibiltariak bertan behera uztea erabaki du, egungo egoerarekin bideraezintzat jo dituelako. «Azken unera arte itxaron dugu eta ibili gara borrokan udalekuak egiteko. Halaber, jakinarazi behar dugu jada izena eman duten guztiei dirua berehala itzuliko zaiela. Dena dela, jakin Hernaniko Udalarekin eta Gazteria Sailarekin harremanetan gaudela, uda honetan Hernanin euskarazko aisialdi-eskaintza sortzen laguntzeko, eta zerbait antolatu bezain pronto, gure ohiko bideen bidez jakinaraziko dugu».