Asteburu honetan ziren hastekoak, Urumea bailarako aurtengo festak. Ohi bezala, Hernaniko Etxeberri eta Florida auzoetako festek, Mendekoste Jaiek, eman behar zieten hasiera. Baina, oraingoz, ez da festarik izango bailarako herri eta auzoetan; ezagutzen ditugun moduan ez, behintzat. Bertan behera geratu dira datozen aste edo hilabeteotako festa gehienak, baina zerbait egiteko asmoa erakutsi dute modu sinbolikoan bada ere.
«Ez dugu ahaztu nahi festetan gaudela, eta gure asteburua dela hau», adierazi dute Auzokide elkartetik. Hori gogorarazteko txupinazoa botako dute gaur, goizeko 10:00etan, modu sinbolikoan, «nahiz eta festarik ez dugun ospatuko».
Arratsaldeko zortzietan zita balkoietan, danborrekin
Eta horregatik jarri dute hitzordua arratsaldeko 20:00etan, bakoitza bere etxeko balkoira ateratzeko. «Musika jarriko dugu Auzokide elkartean, eta zortzietan auzotar guztiak animatuko ditugu danborra hartu eta balkoira ateratzera. Danborrada egingo dugu, eta balioko du ez ahaztutzeko festetan gaudela», nabarmendu dute.
Horrekin batera, balkoiak apaintzera ere animatu dituzte auzotarrak, festetako banderak zintzilikatuta, edota Mendekosteetako kamixetak jantzita, festa giroa jartzeko.
«Tabernak martxan egonda, giro pixka bat izango da»
Azaldu dute, era berean, akaso auzotarren batek prestatuko duela sorpresaren bat etxeko balkoitik giroa jartzeko auzoan. Eta tabernak zabalik egoteak ere lagunduko du, alaitzen: «orain zabalik daudela, giro pixka bat gehiago nabaritzen da auzoan, eta horrek lagunduko du».
Ekintzarik, ordea, ez dute antolatu nahi izan: «jende heldu asko dago auzoan, eta arriskutsua da, segituan hasten garelako elkar ikutzen, konturatu
gabe», azaldu dute.
Festak ezingo zirela antolatu, garbi izan dute hasieratik: «hau guztia hasi zenean, alarma egoera ezartzearekin batera, berehala jakin genuen ezingo genituela Mendekoste Jaiak ospatu. Egoerak ez zuen baimenduko, eta gainera, biltzeko eta antolatzeko aukerarik ere ez genuen».
Urtean zehar ekintzaren bat auzoan, beharbada
Mendekoste Jaien oraingo etena, ez da izango 2000 urtetik 2014ra izan zena bezelakoa: «datorren urtean bueltan izatea espero dugu! Gure kasuan, Mendekosteak ospatuta, hauek dira egunak, eta urteko beste garai batean egitea ez zaigu zentzuzkoa iruditzen. Beste kontu bat da, udaran edo, ekintza puntualen bat antolatzea auzoarentzat; sardin jate bat, adibidez. Betiere, egoera zein den arabera».