Nola daramakizu COVID-19ak eragindako egoera hau?
Normaltasunean ere, nahiko konfinatuta bizi naizela esango nuke; nire egoeran dauden gainerakoen kasua ez da hori izango, agian. Nik ordu asko
pasatzen ditut etxean, gainerako herritarrekin alderatuta. Ordenagailuari itsatsita pasatzen ditut ordu asko, hori baita niretzat munduari begiratzeko leihoa. Beraz, niri ez zait gogorregia egin konfinamendu egoera hau.
Arazoak hasten dira konfinamendua maldan behera hasten denean. Kalera ateratzen garenean, alegia. Izan ere, guk gauzak ikutu egin behar ditugu, beharrezkoa da guretzat. Eta hori da, esaten dutenez, kutsatzeko edo birusa hartzeko modurik errazenetakoa. Beraz, guretzako oztopo bat gehiago
da. Entzungorrek ere badituzte beraien arazoak. Ezpainetan irakurtzen dute beraiek, eta maskarilla jartzen badugu, izorratu dugu.
Ikutzearenak ez du konponbide erraza izango...
Ez dago alternatibarik. Nire bastoia da nire behatz luzeena. Bastoiarekin moldatzen naiz, baina nire ibilbideak dira gertukoak, eta ibilbide luzexeagoak egiteko, laguntza behar dut. Tokiren batean sartzen naizenean, ikutu behar dut pareta, mahaia... jakiteko gauzak non dauden. Hori dena ikututa egiten duzu, eta ez dago alternatibarik. Horregatik, garrantzia haundia ematen diot eskuak garbitzeari. Oinarrizkoa da. Nik guanterik ez dut erabili; azken batean, eskuekin transmititzen ez duzuna, guanteekin transmititzen duzulako.
Maskarillarekin ere joaten naiz, nahiz eta ez diodan ikusten abantaila haundiegirik; hainbeste gauza irakurri ditut, dagoeneko ez dakidala non dauden abantailak eta non desabantailak. Baina nolabait akordio inplizitu bat egiten dut gainerakoekin, esanez bezala maskarilla jantziko dudala, lasaiago
egongo badira.
Bi metroko tartea uztearena ere zaila da zuen kasuan.
Horretan, besteen menpe gaude. Itsuak garenak behartuta gaude gainerakoengan konfiantza gehiago izaten. Beti daukagu kezka, ondo ari ote garen edo enbarazu egiten dugun. Eta inork ez badigu esaten, galdetu egiten dugu, hemen ondo al nago? edo enbarazu egiten al dut? Gure hiztegian dauzkagu barneratuta esaldi horiek, eta egoera honetan, are eta gehiago. Naturaltasuna lagungarria da horretan.
Berdin gertatuko zaizue, lurrean edo paretetan jartzen diren marka edo jarraibideekin, ezta?
Hala da, bai. Guretzako horiek ez dute balio, erabat salduta gaude. Hori da beste adibide bat, ardura jendearengan uzten dugun kasu horiena. Espero dut, gaizki ari banaiz esan egingo didatela, ez dago beste misteriorik. Nik zortea daukat horretan, erosketak nire bikoteak egiten dituelako, Evak. Batzuetan laguntzen diot, batez ere hankak luzatzeagatik, baina oso gutxitan.
Laguntzeko prestutasuna nabaritu duzu, jendearen aldetik?
Esango nuke, beti izan den sentsibilitate hori, edo bestearen larrutan jartzeko enpatia hori, jendeak gehiago hartu duela
kontutan garai honetan. Baina hori bakoitzaren araberakoa da. Eta horretan ez dago araurik, bakoitzaren sentsibilitatearen eta kontzientziaren araberakoa da.
Nire portaletik 50 metrora abentura bat da niretzat. Baina hori ez dut askorik bizitu garai honetan, Evak egin dituelako erosketak eta horrelakoak. Tokatu zaidanean, betiko jarrera nabaritu dut, laguntzeko prestutasun hori; beste garai batzuetan baino zertxobait biziagoa, akaso.
Erakunde edo elkarteetatik, eskaini dizute laguntza?
Erakundeetatik edo elkarteetatik jaso ditut deiak, bai, nire egoerarengatik galdezka. ONCEtik deitu didate, Elkartutik ere bai... Zer moduz nagoen, beharren bat ote dudan, larrialdirik suertatuz gero badudan lagunduko didan inor... Neurria hartzeko deiak izan dira, jendea nola dagoen. Zentzu horretan, nik ez dut arazorik izan, baina izango dira kasu gordinagoak. Gomendioak eta jarraibideak ere zabaldu dituzte. Hernaniko udaletxetik ere deitu zidaten behin, nire egoera pertsonalarengatik galdezka, eta laguntza eskaini .
Zerekin bete dituzu konfinamenduko orduak?
Ariketa fisikoa egiten saiatu naiz, pixka bat. Bizikleta estatikoa daukat etxean lehendik, eta etxeko eskaileretan ere ibili naiz, portaletik hasi eta goraino, igo eta jaitsi. Anekdota bat ere badaukat horrekin. Nire etxeak bost solairu dauzka, eta solairu bakoitzaren artean 18 eskaloi edo maila daude. Horiek dira guztira 90 maila. Eta saiatzen nintzen 12 aldiz igotzen eta jaisten, horrela direlako 1080 eskaloi; hain justu, pentsiodunek
eskatzen dugun pentsio minimoa bezalaxe.
Gainerakoan, polita izan da balkoietan izan den mugimendua, konfinamenduan. Nik egunero hartu dut parte. Baina bestela, kanpoaldearekin harreman haundirik ez dut izan. Honek hobera egiten duenean, gustora hartuko ditut ohiko harremanak, berriro saretze sentsazio hori izatea, denok behar dugu eta.
Kezkatzen zaitu, normaltasun berria deitu duten horretara iristean, gauzak nola izango ote diren?
Uste dut denok izango dugula kezka, hemendik aste batzuetara nola izango den pixkanaka lehengora bueltatzea. Normaltasun hitza debekatu egin diot nik, neure buruari. Ez dut sinesten normaltasun horretan, horretara bueltatu behar dugula esaten diguten bakoitzean. Orain bizi dugunaren arrazoi gehienak, lehen ere bazeuden. Birus hau izan da istripu bat, gauzak mahaigaineratu dituena. Gogorra izan da, noski, bi hilabetez etxean sartuta egotea. Baina hortik aurrera, beldurrak, kezkak, ez jakitea, zenbaterainoko informazioa daukagun, horretatik zenbat den egia... Ez
dakit zer deskubrituko dugun, zer portaera hartuko dugun hiritar bezala. Baina oso garrantzia haundiko egoera ikusten dut. Eta etxean zaudela, gizarteratzeko gogo hori areagotu egiten da. Besteen iritziak jaso nahi ditut. Gauza pila bat irakurri eta entzun ditut, nahaste borraste haundi bat daukat buruan; eta nahi ditut nire argudioak neurtu besteeneki .
Bitartean, telefonoarekin konformatu behar...
Beharbada konfinamenduaren hasieran bai, telefono deietatik tira genuen gehiago; baina gero itzali egin zen hori, eta gehiago izan da whatsapparena. Ikaragarria izan da hori. Nik ez nuen telebista apenas ikusten, irratia ere gutxi; eta berriro ere, ordenagailua izan da nire laguna.