Ez dira hilabete errazak izan hauek, optikentzat. Bi hilabetez urgentziei arreta egin ondoren, maiatzean sekulako lan kargari egin behar izan dio aurre Hernaniko Biokbi optikak.
«Urgentzietarako egon gara martxoan eta apirilean. Ez genuen graduatzen, ez geneukalako babes elementurik horretarako. Optika itxita zegoen, eta bezeroekin hitzordua jartzen genuen, lentillak aldatzeko, likidoak saltzeko edota konponketaren bat egiteko. Laborategietatik, niri etxera bidaltzen zidaten materiala, eta optikara ekartzen nuen», azaldu du Alejandra Alcibar optiko optometristak.
Apirilaren bukaeratik aurrera hasi ziren graduaketak egiten, babes indibidualerako elementuak, maskarillak eta pantailak jasota: «lan asko pilatu da
bi hilabetetan, eta etenik gabe aritu gara graduaketak egiten. Bezeroek, 50 eta 90 urte bitartekoek bereziki, beharrezkoa dute graduazioa eguneratzea eta betaurrekoak berritzea, bestela ez dute ondo ikusten. Baina horiez gain, konfinamendu aste hauen ondoren, etorri da jende gaztea optikara, ikasleak edota telelana egin dutenak, zeukatelako enfokatzeko zailtasuna, begietan nekea eta buruko mina, gertuko ikusmena gehiegi lantzeagatik,
eta ordenagailua, mugikorra... erabiltzeagatik».
Horrela, azkenerako, 26 lente iritsi zitzaizkien batera; «eta orduan, betaurrekoetan muntatu behar dira, noski. Hori ere sekulako lana da».
Zentzu horretan, laborategietatik ekartzen dieten materialarekin ere izan dute arazorik, alarma egoeran. «Sekulako saltsa izan dugu: Madril zero fasean zegoen, eta gure laborategia japoniarra izan arren, Cosladan dauka fabrika bat; lente batzuk Ingalaterratik iristen zaizkigu, beste batzuk Taiwanetik... Eta garraioa oso konplikatua izan da, beraz pentsa. Normalean hiru egunetan iristen dena, orain 15 egunetan iritsi da. Baina dagoeneko hobeto daude gauzak, ondo iristen zaizkigu materialak», azaldu du.
«Bezeroekin oso eskertuta nago, dena betetzen dute»
Alcibarrek azaldu du, arau batzuk jarri zituztela, eta bezeroek bete egin dituztela: «ordua ematen dugu kontsultetarako, eta jendeak oso ondo betetzen du. Hernaniko bezeroekin oso eskertuta nago, dena betetzen dutelako. Hemen ez da inor arduragabea, ez lehen eta ez orain.
Barruan bi pertsona egoten dira gehienez, eta gainerakoek kanpoan itxaroten dute».
Maskarillen kasuan, onartu du hasieran kosta egin zitzaiola jendeari, baina Gobernuak derrigorra ezarri zuenetik, denak joaten direla maskarilla
jantzita: «graduaketa egiteko ezin duzu segurtasun distantzia mantendu. Hasieran, ordua hartzeko deitzen zutenei, esaten nien maskarillarekin etortzeko; baina zuzenean optikara azaltzen zirenek, batzuek ez zeukaten maskarillarik... Hala ere, nik bi maskarilla jartzen ditut
FP2 motakoak. Arnastea kostatzen zait, eta nekatuta bukatzen dut, baina neurri hori hartzen dut. Orain, denak datoz maskarilla jantzita».
Optikan, gel hidroalkoholikoa erabili dute, higienea mantentzeko; eta betaurrekoak garbitzeko, 70 graduko alkohola edo ur oxigenatua: «makina bat
ere erosi dugu, izpi urdinekoa, oraindik iritsi ez zaiguna. Ez da azala iluntzeko erabiltzen den hori, noski... Beste onda luzera bat dauka». Kontsulta, berriz, 70eko alkoholarekin desinfektatu dute, bezero bakoitza hartu aurretik.
«Graduatzerakoan sekulako lanak», lurrunagatik
Maskarillak erabilita, ordea, segurtasunaren trukean beste arazo bat sortu zaie, graduatzerakoan: «sekulako lanak izaten ditugu. Fotopteroa lurrunez betetzen zaigu, eta aritzen gara lenteak banan-banan hartzen, aireatzen... Lente asko dira erabiltzen ditugunak, eta ezinezkoa da denei ematea lurruna kentzeko likidoak edo gelak».
Hortaz, «pazientziarekin eta motelago» egin behar izan dute. Kasurik txarrenean, bai erabili dutela pantaila bat, maskarillaren ordez; baina saiatu dira hala ez egiten: «pantailak ezin dira luzaroan jantzita eduki. Kurbatuak dira, ez da ondo ikusten, eta buruko mina eragin dezake; zer esanik ez, betaurrekoak erabiltzen badituzu. Gauza puntualetarako dira».
«Lurrunaren kontuarekin, jende pila bat etorri zaigu galdezka, nola konpondu»
Baina graduaketak egiteko bakarrik ez, eguneroko bizitzan ere eragiten die lurrunak, betaurrekoak erabili eta maskarilla jantzi behar dutenei: «jende
pila bat etorri zaigu, betaurrekoak lurruntzen zaizkiola eta, nola konpondu galdezka. Gela bukatu zaigu! Hori da onena, eta lehendik ere bageneukan, lanerako edo kirola egiteko eskatzen zuelako jendeak. Orain denak etorri dira bila, eta batere gabe geratu gara; eta uztaila bukaerara arte ez dute fabrikatuko».
Horren ordez, likido bat daukate orain, spray formatuan. «Lentea garbi dagoela bota behar da, 15 zentimetrora jarrita, eta gero toailatxo batekin
lehortu, kolpeka bezala. Horrek egiten duena da, lurruna alboetara baztertu, eta erdiko zonaldea garbi mantendu. Xaboiarekin eta, bestelako soluzioak ere eman dituzte, baina ez da egin behar, lenteak kaltetu daitezkeelako», ohartarazi du.
«Eskuak garbitu behar dira, eta aurpegia ez ikutu; guante eta maskarillek segurtasun faltsu bat ematen digute»
Birusa begietatik ere sartu daitekeela ohartarazi da hainbatetan, alarma egoera honetan, eta hala azaldu du Alejandra Alcibarrek ere: «birusa mukosetatik sartzen da, eta beraz, begietatik ere sartu daiteke, ahotik eta sudurretik bezala. Horregatik, oso garrantzitsua da aurpegia ez
ikutzea, eta eskuak garbitzea gel hidroalkoholikoarekin. Guanteek eta maskarillak segurtasun faltsu bat ematen dute».
Begien kasuan berdin, beraz; ez dira ikutu behar. Baina malkoren bat edo azkurea izanez gero, eta ikutu behar izatekotan, nola egin azaldu du Alcibarrek: «eskuaren eta behatzen kanpoko aldearekin egingo du, eta ez barruko aldearekin, eskuaren ahurrarekin».
«Lentillekin kontu haundiz ibili behar da garai hauetan»
Zentzu berean, lentillekin ere kontuz ibiltzeko deia luzatu du optometristak: «lentillen higienea oso ondo zaindu behar da, eta tokatzen denean, bota. Oso adi egon behar dugu, lentillak jartzen ditugunean adibidez, jarri aurretik gauzaren bat ez ikutzeko, galtzak adibidez. Konturatu gabe egiten ditugu horrelako gauzak, eta arriskutsuak izan daitezke. Izan ere, begietara dijoa hori zuzenean».
Horren harira, azaldu du hilabete hauetan ez dutela lentillen adaptazio berririk egin; ordezkoak erostera joan dira bezeroak, bakarrik: «uste dut, lentillak jartzeko asmoa zeukanak, atzeratu egin duela pixka bat, kontu honekin. Izan ere, hasieran erakutsi egin behar zaie nola jarri eta abar, eta eskutik eskura ibili behar ditugu».
Kontsultak, ohiko martxa hartzen pixkanaka
Dagoeneko ohiko martxa hartzen ari direnak, bertan egiten dituzten kontsultak dira. «Bertara etortzen dira batzuk aurreneko aldiz, eta beste batzuk
graduazioa eguneratzera. Bi kasuetan, izan behar du nabaritzen dituzten sintomak mantentzen direlako, eta ez behin ikusi dugulako zerbait gaizki.
Adibidez, ordenagailua erabiltzen dugun bakoitzean gaizki ikusten dugula. Beraz, kontsultara datorrenari, aurrena entzuten diogu zein arazo daukan, eta ondoren errebisioa egiten diogu. Hasteko, arrail-lanpararekin aztertzen dugu begia, egitura nola dagoen ikusteko. Izan ere, gerta
daiteke gaizki ikustea katarata bat duelako, adibidez; eta ez graduaketa behar dutelako. Kasu horretan, familia-medikuarenera joatea gomendatzen diogu», azaldu du. Eta bestela, graduaketa egin diote bezeroari.