Kontzertua

Xabi Solanoren kontzertua eskainiko da gaur Hernani Kultura online ekimenaren barruan

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 29a, 00:00
Xabi Solano eta Jon Garmendia 'Txuria' elkarlanean aritu dira konfinamenduan.

Maiatzeko programazioa itxiko da gaur eta 19:30etan hasiko da Hernaniko Udalak YouTube-n duen kanalean. Ekaineko lehenengo astean ipuin kontaketa eta antzerkia egongo dira asteazken eta ostiralean.

Andoni Tolosa Morau artistaren emanaldia ikusi ahal izan zen asteazkenean Hernani Kulturak maiatzerako prestatutako online programazioaren barruan eta maiatza amaitzeko ikuskizun potoloa dago iragarrita. Xabi Solano musikariak kontzertua eskainiko du gaur, arratsaldeko 19:30etan hasita. 

Hau ikusteko, ohi bezala, Hernaniko Udalak YouTuben daukan kanalean sartu beharko da, 19:30etan, eta bideoa bilatu. Kronikak ere, albiste honetan bertan txertatu du bideoa, www.kronika.eus webgunean, emanaldia topatzea errazteko asmoz.

Solano hernaniarrak abenduan aurkeztu zuen Bi, bakarka grabatu duen bigarren diskoa. Bi diskok osatzen dute Bi: bata abesti berriekin osatutakoa da, eta bestea, bertsioekin. Gaurko emanaldian disko horretan entzun daitezkeen abesti desberdinak entzun ahal izango dira, abesti berriak eta zaharragoak. 

Ekainean jarraituko dute saioak bost emanaldirekin
Xabi Solanok gaur eskainiko duena maiatzeko azkena izan arren, ekainean oraindik ere jarraipena izango du Hernani Kultura online ekimenak.
Kulturaz gozatzeko aukera eman nahi izan du Udalak ekimen honekin. Maiatzean jarri zen martxan online programazioa, eta ordutik, ipuin saioak, literaturari buruzkoak, musika emanaldiak, dantza emanaldiak... ikusi ahal izan dira asteazken eta ostiralero.

Ekainean ere beste horrenbeste izango da. Hasteko, ekainaren 3an, asteazkenean, Beatriz Egizabal eta Kontukantoirekin ipuin orduaz  gozatu ahal izango da, 18:00etan. 

Ekainaren 5ean, ostiralean, berriz, Vito Rogado aktorearen antzerki emanaldia izango da, 19:30etan. 

Ekainaren 10ean, 18:00etan, bertsolaritzaren txanda izango da: Eñaut eta Unai Agirre anaiek Bertso zahar eta berriak, auskalo zeinek eginak emanaldia eskainiko dute. 

Ekainaren 12an, bestalde, Nagore Legarreta argazkilariaren erakusketa ikusi ahal izango da arratsaldeko 19:30etatik aurrera. 

Eta online programazioari bukaera emateko, ekainaren 19an Ainhoa Larrañaga musikariaren emanaldia izango da 19:30etan.  

Erlazionatuak

Hernani Kultura programazioa, online

Kronika - Erredakzioa 2020 mai 08 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!