Udaleko Jarduera Fisikoa eta Kirolerako Sailetik jakinarazi dute erabilgarri daudela, atzotik, kirola egiteko aire libreko hainbat kirol instalazio. Era berean, laster kiroldegiko zerbitzuak erabiltzen hasteko moduan izango dira herritarrak, nahiz eta oraindik ateak itxita mantenduko dituen beste pixka batean.
Lau gune, irekita
Atzo bertan, herritarrek erabiltzeko ireki zituen Udalak skate pista, aire libreko pelotalekuak, tenis pista eta Santa Barbarako eskalada gunea. Beraz, aurrerantzean erabilgarri izango dira.
Kiroldegiko instalazioak erabiltzeko, aldiz, itxoin egin beharko da.
Erreserbak online, kiroldegirako
Konfinamendu egoera arintzeko bigarren fasean sartuta, «kirol instalazioak irekitzeko aukera» badela baieztatu du Udalak, «neurri zorrotzak beteta». Horri lotuta, «Udala neurri hauek nola bete aztertzen ari» dela aurreratu du, eta hori horrela, «neurri horiek modu egoki eta seguru batean bete ahal izan arte ez ditu kiroldegiko ateak irekiko», azaldu duenez.
Hala ere, kiroldegia irekitzen denerako aurretik hitzordua eskatzeko sistema martxan jartzen ari dira. «Laister, kiroldegiko espazio eta zerbitzu desberdinen erreserba online egiteko aukera izango duzue». Baina, horretarako, kiroldegiko erabiltzaileen datuak eguneratuta eduki behar dituzte kiroldegian, eta beraz, datuak biltzeko epea ireki dela jakinarazi dute.
Datuak eguneratzen, erreserbak online egin ahal izateko
Hain zuzen, sistema martxan jartzen denean erreserbak online egin ahal izateko erabiltzaileen datuak eta emaila beharko ditu kiroldegiak. Horregatik, datuak eguneratzeko, kiroldegiko langileak bazkideei deiak egiten ari dira.