Hernani Kulturak maiatzerako prestatutako online programazioarekin bukatzeko azken bi emanaldiak gaur eta ostiralean ikusi ahal izango dira. Dena den, ekainean oraindik ere jarraipena izango du ekimenak.
Poesia gaur, Moraurekin; musika etzi, Solanorekin
Asteazkenetako orain arteko saioak bezala, arratsaldeko 18:00etatik aurrera ikusi ahal izango da gaur Andoni Tolosa, Morau artistaren emanaldia. Oraingoan, poesian murgilduko da, eta Nire oinen atzetik errezitaldia emango du.
Hau ikusteko, ohi bezala, Hernaniko Udalak YouTuben daukan kanalean sartu beharko da, 18:00etan, eta bideoa bilatu. Kronikak ere, albiste honetan bertan txertatu du bideoa, emanaldia topatzea errazteko asmoz.
Hurrengo emanaldia, eta maiatzeko programazioari bukaera emango diona, Xabi Solano musikariarena izango da. Ostiralean izango da hori, arratsaldeko 19:30etan hasita.
Ekainerako, beste bost saio
Koronabirusari aurre egiteko ezarritako konfinamendu egoeran ere, kulturaz gozatzeko aukera eman nahi izan du Udalak ekimen honekin. Maiatzean jarri zen martxan online programazioa, eta ordutik, ipuin saioak, literaturari buruzkoak, musika emanaldia, dantza emanaldiak... ikusi ahal izan dira asteazken eta ostiralero.
Ekainean ere beste horrenbeste izango da. Hasteko, ekainaren 3an, Beatriz Egizabal eta Kontukantoirekin ipuin orduaz gozatu ahal izango da, 18:00etan. Ekainaren 5ean, berriz, Vito Rogado aktorearen antzerki emanaldia izango da, 19:30etan. Ekainaren 10ean, 18:00etan, bertsolaritzaren txanda izango da: Eñaut eta Unai Agirre anaiek Bertso zahar eta berriak, auskalo zeinek eginak emanaldia egingo dute. Ekainaren 12an, bestalde, Nagore Legarreta argazkilariaren erakusketa ikusi ahal izango da arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Eta online programazioari bukaera emateko, ekainaren 19an Ainhoa Larrañaga musikariaren emanaldia izango da 19:30etan.