Arremanitz kooperatibak beste foro bat antolatu du gaurko. Helburua izango da, «itxialdian bizitako egoera berriek eragindako emozio zurrunbiloen atzean ezkutatzen diren beharrak identifikatzea», behar indibidualetatik hasi, eta behar kolektiboetara iristeko.
Giro goxoan aritzeko, talde txikiak antolatu nahi dituzte, eta beraz, izena emateko eskatu dute, hernanitoherri@gmail.com helbidera idatzita. Foroa gaur egingo da, 18:00etatik 19:30etara, Zoom bidez.
Sostengurako materiala eta komunitatearen indarra
Saioan behar indibidualak eta kolektiboak identifikatuko dira. Hasteko, norberaren beharrak identifikatu eta sostengurako baliagarriak izan daitezkeen materialak partekatuko dira. Batetik, Berexi Art, Uxue Bereziartua artistarekin elkarlanean egindako bideo bat, eta bestetik, eneritz.ilustratzaile-aren opari lagungarri bat.
On zerk egiten digun edota zeren falta sumatu dugun aztertuko da, besteak beste.
Ondoren, «zaintzen krisia horren agerian geratu den garai honetan», komunitatean gertatzen diren beste errealitate batzuei erreparatzeko tartea ere hartuko da, ikusteko, zein behar berri sortu diren edo zeintzuk areagotu diren, eta antolatuta gauden edo ez. «Komunitateak egiten gaitu indartsu, eta ezinbestekoa izango da komunitatearen beharrei ere erreparatzea».
Saioa Udalarekin eta Berdintasun Kontseiluarekin elkarlanean antolatu da.