«Gaurko elkarretaratzearen ondoren ere, kaleak hartzen jarraitzeko deia egiten dugu», azaldu zuen atzo Kontrakantxa Gaztetxeak, Patxi Ruiz euskal preso politikoaren 15garren gose greba egunaren ondoren. Astebetez, egunero egin dituzte elkarretaratzeak Plazan, eta aurrerantzean, «elkartasuna adierazteko modu berriak» erabiliko dituzte.
«Borrokaldiarekin jarraitzen du, egindako aldarrikapenak defendatuz»
Azaldu dutenez, «COVID-19ak kartzeletan ezarri zuen areagotutako isolamenduaren eta kutsatzeko arriskuaren aurka, oinarrizko eskubideen aldeko borrokan hasi ziren hainbat preso Murtzia II espetxean. Protesta horiek egin eta horien buruzagi izateagatik mehatxatua izan zen Patxi Ruiz euskal preso politiko txantrearra. Mehatxu horien aurrean, jada 15 egunez luzatu den gose grebari ekin zion, aurreneko 12 egunak ezer edan gabe pasatuta».
Pasa den ostegunean ospitalera eraman zuten, eta sueroa eman zioten, «nahiz eta adierazi zutenez, horretarako agindua Murtziako epaitegi batek eman zuen, eta ez Auzitegi Nazionalak, Patxik nahi bezala. Nahasmen horren ondoren, alta boluntarioa hartu eta espetxeko erizaindegian dago berrogeialdian. Borrokaldiarekin jarraitzen du, egindako aldarrikapenak defendatuz».
«Borrokak askatuko ditu»
Greba honekin, «Patxik zintzilik geratu diren hari-muturrak agerian utzi» dituela uste du Kontrakantxa Gaztetxeak. «Amnistiaren aldarria ez da garai zaharretako kontua. Are gehiago, amnistia, beharrezko prozesu politiko baten gisara ageri da preso politikorik gabeko herri baten bidean, eta, horretarako, ezinbestean elikatu beharko da iraultza prozesua. Borrokak eraman ditu kartzelara eta borrokak egin ditu preso politiko, baina une hauetan ere, borrokak askatuko ditu».
Hori horrela, presoaren ekimena babestu eta haren ondoan egoteko deia egin dute, «amnistiaren aldarriaren baitan bildu beharreko indar ezberdinen metaketaren alde». Kontrakantxak adierazi du «Patxi duintasunaren eredu, borrokaren eredu» izaten ari dela. «Bada erotzat hartu duenik ere, haren borroka gutxiesteko, nahiz eta kartzela den etengabeko torturaren aurrean altxatzea lortu duen. Oinarrizko eskubideen aldeko borroka ezin da zentzugabetzat hartu, zapaltzaileen aurrean altxatzea beti izango da zilegi».
Julen Atxurrak, buruko isuria
Bestalde, «preso guztiek etxean behar» dutela adierazteko, jakin berri duten gertaera baten berri ere eman dute: Julen Atxurra preso lekeitiarrak buruko isuria izan du, eta espetxeko erizaindegian dago, Puerton. 24 urte daramazki kartzelan.
Gertaera hauen aurrean, kaleetan eta espetxeetan elkartasuna adierazten ari dira hainbat herritar eta preso. «Preso bat daukan arma bakarrarekin ari da borrokan, bere bizitzarekin, eta ez dugu bakarrik utziko».