Txapelketak

Azeri Bila lasterketa aurten ez da antolatuko osasun krisiagatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 24a, 00:00

Lasterkariak ez ditugu Kale Nagusitik behera ikusiko.

Espero zen albistea atzo egin zen ofiziala eta ekainaren 20an korritzekoa zen lasterketa bertan behera geratu da.

Azeri Bilaren 22garren edizioaren antolakuntzan buru belarri murgilduta egon behar zuten une honetan antolatzaileak eta atletak parte hartzeko izena ematen, baina antolakuntzatik  atzo jakinarazi zuten ekainaren 20an egitekoa zen Azeri Bila lasterketa (haur eta helduena) bertan behera geratu direla. Arrazoia esperotakoa da, Koronabirusak sortutako osasun-krisiaren ondorioz.
Momentu honetan kirol txapelketa guztiak daude geratuta Euskal Herrian eta Espainian. Ez daude martxan ez Ligarik, ez eta lasterketarik ere bakarkako kiroletan. Hori bai, kirolari askok hasi dituzte entrenamenduak eta etzi hasiko den fase berrian ia edozein ordutan egin ditzazkete entrenamendu saioak.


Erremontea izango da aurrenekoa martxan jartzen, ekainaren 20an hain zuzen
Futbol profesionalaren hasieraren zain, erremontea izango da aurrenekoa martxan jartzen Hernaniko Galarreta frontoian. Azkenak izan ziren geratzen eta lehendabizikoak aktibitatea hasten, martxoaren 14an azkenengo jaialdia eta gero. 
Aurten, ekainean, Galarretak 50 urte beteko ditu frontoia ireki zela eta Oriamendi2010 enpresak ez du urteurren berezi hori ospatu gabe utzi nahi, nahiz eta osasun krisi baten erdian tokatu ospakizuna. 
Ekainaren 20an, larunbatean, Azeri Bila korritzekoa zen egun berean, irekiko ditu ateak txapelketa baten hasierarekin. 
Txapelketa hori EITBren babesarekin antolatuko da eta sei bikotek jokatuko dute hiruko bi taldetan banatuta. Ondoren, finalerdiak jokatuko dira eta azkenik, finala. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!